Inperialismoa politika mota bat edo gobernatzeko modu bat da, herrialde handi eta boteretsuek izaten dutena botere hori beren mugetatik harago zabaltzeko asmoa dutenean. Inperialismoaren politikak beste herrialdeak eta, batez ere, haien baliabide ekonomikoak kontrolatzea du helburu. Horretarako batzuetan indar militarra erabiltzen dute; besteetan, ordea, herrialde horiek kontrolatzeko ekonomia, politika edo kultura (eragin kulturala) baliatzen dituzte.
Historian zehar inperialismoak esplotazioa, jatorrizko herritarrak gutxitzea edo genozidioa bilatu ditu; horrela, kolonizazioaren eta emigrazioaren bidez beste biztanleria mota bat jartzeko haien lekuan.
Bestalde, kapitalismoaren ikuspuntutik oraingo inperialismoa beste modu batera ere ulertu daiteke: merkatu, lehengai eta eskulan merke bila zabalkunde prozesua egiten duen nazioa.
Historia apur bat
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egipto, Mazedonia, Grezia eta Erroma izan ziren antzinaroko inperio handiak. Aipatzekoa da Erdi Aroan Bizantziar Inperioak izan zuen espantsionismoa Europan, baita Islamak Afrikan eta Asian izandakoa edota inperio aztekak eta inkak Amerikan izandakoa.
Berpizkundean eta Aro Modernoan Kolonialismoak izugarri zabaldu zituen europar potentzia nagusi batzuk, adibidez: Espainia, Portugal, Holanda, Frantzia edota Errusia; Amerikako, Asiako eta Afrikako lurraldeetara zabaldu ziren. Inperialismoaren hazkunde hori XIX eta XX. mendeetara bitarte mantendu zen, garai hartan nazio askok lortu zuten potentzia inperialetatik independente bihurtzea.
Egun jende askok hartzen ditu Estatu Batuak potentzia inperialistatzat edo neokolonialistatzat, mundu-mailako politikan, ekonomian eta kulturan duen eraginagatik. Testuinguru honetan Estatu Batuen ekintzak inperialistatzat edo neokolonistatzat jo izan dira, bere kanpo-politika, besteen gatazka politikoetan duen parte-hartzea edo mundu-mailako merkatuan duen nagusitasuna direla eta; horretan, askotan jaso izan du Europako herrialdeen babesa.