Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Inperio Karolingioa

Frankoen Inperioa.

Inperio Karolingioa Goi Erdi Aroko estatu bat izan zen, Karlomagno frankoen erregeak fundatua, eta 768-814 urteen bitartean gobernatu zuena. Inperio Karolingioa Mendebaldeko Europan zegoen kokatuta, baina haren erdigunea gaur egungo Frantzian zegoen.

Inperio honen oinarriak Karlomagnoren aitak jarri zituen, Pepin Laburrak, 751n merovingiar leinuko azken erregea garaitu ondoren. Monarka berria Eztebe II.a aita santuak koroatu zuen, eta tronua semeei oinordetzan uzteko eskubidea ere eman zion. Horrela, Pepin hil ondoren, 768an, aita santuak Pepinen seme Karlosi eman zion laguntza, geroago Karlomagno izenaz ezagutuko zenari; izen horrek Karlos Handia esan nahi du.

Karlomagno Erromatar Inperioaren batasuna berrezarri nahi zuen, baita kristautasuna Europan finkatu ere. Hori lortzeko, saxoiak menderatu zituen (772-804), Alemaniako iparraldean bizi zirenak, kristau bihurtu ziren arte. Abaro herria ere suntsitu zuen, Alemaniako Bavaria lurraldea atakatzen saiatu ziren mongoliar jatorriko herri nomada. Hegoaldean, aldiz, Karlomagnok lonbardiarren erresuma hartu zuen Italian (774 K.a.), Elizako lurraldeak erasotzen baitzituzten, eta Pirinioak zeharkatu eta Espainia musulmanera sartu zen (778), baina ez zuen arrakasta handirik izan. Herrialde horretan iparraldeko lurralde txiki bat okupatu zuen, eta bertan mugaldeko probintzia bat sortu zuen: Hispaniako Marka. Konkista horiekin, Karlomagnok inperio zabal bat eraiki zuen, Mendebaldeko Europa ia osoa okupatzen zuena, Iberiar penintsularen zati bat eta britainiar uharteak izan ezik. Orduan, Leon III.a aita santuak Mendebaldeko enperadore izendatu zuen 800. urteko gabonetan. Horrela jaio zen Inperio Karolingioa, eta Karlomagnok, frankoen erregeak, monarka kristau guztiak bere eskumendean jarri zituen. Elizaren beso armatua bihurtu zen, gainera.

Inperio Karolingioak 845. urtera arte iraun zuen. Haren banaketatik Lotaringia, Frantzia eta Germaniako erresumak sortu ziren; azken biak oraingo Frantzia eta Alemaniaren jatorriak dira.

Inperio Karolingioaren ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Inperioa Mendebaldeko Europaren zati handi batean zabaldu zen, baina erdigunea gaur egungo Frantzian zegoen.
  • Autoritate nagusia enperadorea zen, kristautasunaren buruzagi politikoa. Aita santuak koroatzen zuen, hau da, Kristautasunaren buruzagi espiritualak.
  • Gobernu-mota monarkia zentralizatua zen.
  • Hizkuntza nagusia frankikoa zen, baina galoitaliera, saxoia eta beste hizkuntza germaniar batzuk ere mintzatzen ziren.
  • Dukerri, konderri eta markatan zegoen banatua, dukeen, kondeen eta markesen esku.
  • Erlijio ofiziala kristautasuna zen.

Inperioaren antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inperio Karolingioak sustrai erromatar eta kristau oso sakonak zituen, baina antolaketa-eredua germaniarra izan zen. Karlomagnok inperioa era absolutuan gobernatu zuen, enperadore erromatarrek bezala. Hala ere, inperioko gizon libreak urtean bitan batzen ziren, germaniarrak bezala, inperioko lege nagusiak onartzen zituen batzar batean.

Karlomagno Akisgran hirian bizi izan zen sarritan, horregatik hartu zen inperioko hiriburutzat. Akisgranen, Karlomagnok bere betebeharretan laguntzen zioten funtzionario talde bat zuen: kantzilerra, adibidez, haren idazkaria zena, edota txanbelana, agintariaren zerbitzu pertsonalaren inguruko guztiaz arduratzen zena.

Lurralde-administrazioa probintzia edota konderrietan antolatu zen; kondea zen agintaria, bere eskualdearen gaineko botere zibil eta militarrarekin. Mugako probintziek, marka izenaz ezagutzen zirenek, inbaditzaileengandik babesten zuten inperioa markesen ardurapean.

Errenazimentu karolingioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlomagnoren botere politikoaren beste elementu bat kultura izan zen. Garai hartan zaila zen irakurtzen eta idazten zekien norbait aurkitzea: Karlomagno bera ere analfabetoa zen, izan ere. Arrazoi hori zela eta, enperadoreak eskolak ireki zituen, funtzionario publiko eta erlijiosoak prestatzeko. Horietako bat Schola Palatina delakoa izan zen; eskola famatu honek Akisgranen funtzionatu zuen eta estatuko funtzionarioak eskolatzeko erabili zen.

Eliza, abadia eta monasterioetan ere sortu ziren eskolak, eta haietan liburutegi garrantzitsu batzuk egon ziren. Bertan, monje kopistek greko-erromatar munduko tradizio kulturalaren zati handi bat gorde zuten.

Berpizkunde kulturaleko mugimendu hau bultzatzeko, Karlomagno hainbat pertsona garrantzitsuz inguratu zen, adibidez Alkuin Yorkekoa ingelesa eta Eginhardo frantsesa, enperadorearen biografia idatzi zuena. Gizon horien asmoa ez zen lan handiak konposatzea, baizik eta antzinako lanak berreskuratzea; horregatik saiatu ziren, lehenik eta behin, latinaren garbitasuna berreskuratzen, gramatikak idatziz. Gainera, Trivium delakoak (gramatika, erretorika eta dialektika) eta Quadrivium delakoak (aritmetika, geometria, musika eta astronomia) osatutako arte liberalak ere irakatsi zituzten. Diziplina horiek Erdi Aroko jakintza osoaren oinarri bihurtu ziren. Arteak ere hartu zituen kontuan enperadoreak: erromatar eta bizantziar estiloak imitatu zituzten eliza asko eraikitzea agindu zuen, Akisgrango jauregiko kapera adibidez.

Errenazimentu karolingioan Erdi Aroko oinarri kulturala finkatu zuten lan batzuk sortu ziren. Hala ere, oso garrantzitsua izan zen arren, berpizkundeak pertsona-kopuru oso txiki bati bakarrik egin zion mesede: nobleei eta elizgizonei.

Inperio Karolingioaren banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Inperioaren banaketa.

814an Karlomagno hil ondoren, enperadorearen boterea bat-batean txikitu zen: nobleen independentzia gero eta handiagoa zen, lurraldeak oso handiak ziren, komunikatzeko zailtasunak zeuden eta eskualde bakoitzak bere berezitasunak zituen; beraz, Karolingiar Inperioak egonkortasuna galdu zuen.

Kondeek eta markesek autonomia handiagoa nahi zuten, eta beren ondorengoei utzi nahi zizkieten administratzen zituzten lurraldeak. Horregatik, Karlomagnoren semeak, Luis I.a Errukitsuak, nobleziaren aurkako gatazka bortitzen erdian gobernatu zuen.

840an Luis I.a Errukitsua hil ondoren, haren hiru semeak, Karlos, Luis eta Lotario, boterea lortzeko borrokatu ziren. 843an, borrokak amaitu zituzten Verdungo ituna sinatuz, eta, ondorioz, Inperio Karolingioa hiru erresumatan banatu zen:

  • Karlosek mendebaldeko Frantzia hartu zuen, gutxi gorabehera gaur egungo Frantzia dena.
  • Luisek ekialdeko Frantzia edo Germania eskuratu zuen, gaur egungo Alemania gutxi gorabehera.
  • Lotariok enperadore titulua eta anaien lurren arteko lurraldea lortu zuen, Lotaringia izenez ezagutu zena: Herbehereak, Alsazia, Suitza eta Italia.

Hitzarmen horrek Karlomagnok amestutako inperioaren desintegrazioa eragin zuen. Gainera, herri barbaroen, normandiarren, sarrazenoen eta hungariarren inbasioen ondorioz, inperioaren gainbehera bizkortu egin zen. Inbasio horiek, nobleziaren botere gero eta handiagoarekin batera, monarkia ahuldu zuten.