Wikipedia, Entziklopedia askea
Langile bat Donostian eskailera automatikoak konpontzen

Lana pertsona bakoitzak gizarteari egiten dion ekarpena da, lanbide batean, artean edo zientzian arituz edo zerbitzu bat eskainiz. Lana bizimodua ateratzeko bide bat ere bada, hau da, arropa, janaria eta bizilekua erosteko behar dugun dirua lortzeko modua.

Lan-mota ugari dago, eta guztiak dira garrantzitsuak. Batzuetarako esfortzu fisiko handia egin behar da, beste batzuetarako hezkuntza maila handia behar da. Lan egiten duten pertsona guztiak gizarteari aurrera egiten laguntzen ari dira.

Lanak aukera desberdin pila bat biltzen ditu. Badaude aspalditik existitzen diren lanbideak, medikuntza, irakaskuntza edo ingeniaritza bezala, baina baita lanbide modernoagoak ere, teknologiari, diseinuari edo jasangarritasunari buruzkoak, adibidez.

Lanaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinaroan, familiako edo tribuko kideek osatutako talde txikietan egiten zuen lan jendeak. Hala ere, denek ez zuten lan bera egiten: batzuek animaliak ehizatu eta etsaien aurka borroka egiten zuten; beste batzuek lanabesak egin, landareak bildu eta haurrak zaintzen zituzten. Horri lan-banaketa deitzen zaio.

Iraganean, gizarte askok langile libreez gain esklaboak ere bazituzten. Esklaboek lanik okerrenak egiten zituzten eta besteentzat lan egitera behartuta zeuden, trukean dirurik jaso gabe. Beren jabeek zigortu egiten zituzten haiek esandakoa betetzen ez bazuten. Esklabotza historiako hainbat garaitan existitu izan da, hainbat gizarte ezberdinetan. 1500 eta 1800 urteen artean, europarrek afrikar asko esklabo egin eta Ameriketara eraman zituzten, lanera.

Esklaboek bezala, jopu deituriko langileek ere trukean dirurik jaso gabe egin behar izaten zuten lan. Jopu asko izan ziren Europan Erdi Aroan (500. urtetik 1500. urtera, gutxi gorabehera). Jopuek nekazaritza-lanak egiten zituzten beste pertsona boteretsuago batzuen lurretan. Pertsona boteretsu hauei jaun deitzen zitzaien. Esklaboak ez bezala, jopuak ezin ziren saldu. Hala eta guztiz ere, ezin zuten lur horietatik alde egin, ez baitziren libreak.

Erdi Aroan, Europako hirietan, pertsona batzuek bakarrik zekiten ondasun jakin batzuk egiten. Ondasun hauek egiten eta saltzen zituzten pertsonak artisauak ziren. Gremio izeneko elkarte batzuek kontrolatzen zuten lanbide bakoitza. Artisau mota askoren gremioak zeuden: ehuleak, errementariak, okinak, margolariak... Gazteek ikastun bezala egiten zuten lan lanbide bat ikasi bitartean, trukean dirurik jaso gabe. Langile helduei ofizial deitzen zitzaien, eta hauek soldatak irabazten zituzten. Lantegiko jabeari maisu deitzen zitzaion.

XVIII. mendean, Industria-Iraultzan, lan egiteko modua izugarri aldatu zen. Asmatzaileek produktuak askoz ere azkarrago ekoizten zituzten makinak asmatu zituzten fabriketan. Jende askok baserri eta lantegi txikietan lan egiteari utzi zion, fabriketara lan egitera joateko. Langileek ez zuten ezer berezirik jakin behar fabriketan lan egiteko, eta horren ondorioz gremioak desagertu egin ziren. Fabriketako langileek ordu luzez egiten zuten lan, osasunarentzat txarrak ziren baldintzetan. Haien soldatak oso txikiak ziren. Fabriketan haur askok ere egiten zuten lan. Hau gaur egun ere gertatzen da garatu gabeko herrialde batzuetan.

Langileen borroka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileak laster hasi ziren beren nagusiei lan-baldintza hobeak eskatzeko mugimenduak sortzen. Langile askok sindikatu izeneko taldeak osatu zituzten. Sindikatuek grebak edo lanuzteak antolatzen dituzte, enpresaburuek langileek eskatzen dutena betetzen duten arte.

Ipar Amerikako eta Europako langileak luzaroan ibili ziren soldata eta lan-baldintza hobeak lortzeko borrokan, bereziki XX. mendetik aurrera. Europan, sindikatu gehienak sozialismoaren aldeko alderdi politikoekin lotuta zeuden. Sozialismoa sistema politiko bat da. Bertan, hainbat enpresa motaren jabea gobernua da. Herrialde askotan, alderdi politiko hauei esker lortu zen gobernu langileei lan-baldintza hobeak ematea.

Bigarren Mundu Gerraren(1939-45) ondoren, Ekialdeko Europako herrialde askotan komunistek agindu zuten. Komunismoa beste sistema politiko bat da. Bertan, langile guztiek ondasun guztiak elkarbanatu behar dituzte. Benetan, sindikatuek botere gutxi zuten herrialde komunista hauetan. Gobernuek sindikatuak guztiz kontrolatzen zituzten.