Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Namib basamortuaren kokapena.

Namib Hegoaldeko Afrika ekialdeko kostan dagoen basamortua da. Gutxi gorabehera, 2.000 kilometro baino luzeago da, Angolako Namibe hirian hasi eta Hegoafrikako Olifants ibaian amaitzen da. Namibeko zatirik handiena Namibia izeneko herrialdeak okupatzen du. Ekialdetik Ozeano Atlantikoarekin egiten du muga. Namib hegoaldetik Orange ibaia igarotzen da eta Atlantikoan itsasoratzen da.

Basamortu horretan harrizko lautadak, mugitzen diren hondarrezko dunak eta mendiak daude. Namibeko hondarrezko dunak 300 metroko altuera izatera iritsi daitezke eta, beraz, haietako batzuk munduko hondarrezko duna garaienak dira.

Namib basamortuko duna bat.

Namiben ia ez du euririk egiten. Hala ere, sarritan kostan behe-laino trinkoa egoten da. Itsasoko aire freskoa lurrazalean dabilenean sortzen da behe-lainoa. Itsasoko haize freskoak kosta inguruko tenperaturak freskatu egiten ditu, eta, horregatik, tenperaturak, normalean, 10 eta 16 °C artekoak izaten dira, baina kostako haize freskoak jotzen ez duen tokietan askoz garaiagoak dira: sarritan 38 °C baino garaiagoak izaten dira.

Namib basamortuan diamante asko daude. 1908an aurkitu zuten bertako lehen diamantea. Orange ibaiak diamanteak itsasora eramaten ditu. Diamante horietako asko kostan aurkitzen dituzte. Namiben badago kobrea eta uranioa ere.

Landare eta animaliak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Orixak basamortuan.

Namib basamortuan landarez betetako eskualde batzuk daude. Kostan landare zukutsuak hazten dira. Landare zukutsuek hosto edo zurtoin lodiak izaten dituzte eta ur kantitate handiak gordetzen dituzte. Lainoetatik hartzen dute hezetasuna, baina Namib ekialdeko gainerako lurra oso lehorra da eta ez dago ia landarerik. Namib mendebaldeak basamortuaren erdia hartzen du, eta lur horretan euria egiten duenean belar pixka bat ateratzen da. Erreka luzeenen ondoan zuhaitzak daude eta hegoaldean landare zukutsuak. Hondarrezko dunetan zuhaixkak eta belarra hazten dira. Welwitschia mirabilis Namiben hazten den ezohiko landare bat da. Lur gainetik zabaltzen diren bi hosto luze ditu. Welwitschia mirabilis landarea mila urte baino gehiagoz bizitzen da.

Namiben dauden animalien artean antilopeak, ostrukak, zebrak, elefanteak, errinozeroak, lehoiak, hienak eta txakalak daude. Namib ekialdeko dunetan intsektuak eta narrastiak bizi dira, batez ere kakalardoak, gekoak eta sugeak.

Namiben ia ez da inor bizi, sakabanatutako hiri batzuetan bakarrik. Eskualdeko biztanleak, jatorrian, khoisanak dira. Baleen hezurrekin txabolak eraikitzen zituzten eta krustazeoak harrapatzen zituzten jateko. Gaur egun, Namib ipar-ekialdeko zati batean himba deituriko etnia nomada bat bizi da. Ardientzat eta behientzat ura eta larreak aurkitzeko mugitu egiten dira, eta lokatzarekin eta animalien gorotzarekin osatutako kono formako txabolak eraikitzen dituzte.