Wikipedia, Entziklopedia askea

Olinpiar jainko

Zeus jainkoa.

Olinpiar jainkoak antzinako Greziako jendearen sineste erlijiosoetako jainko eta jainkosak ziren. Jainko horiek gizakien antzekoak baina hilezkorrak ziren, eta askoz boteretsuagoak. Giza-emozioak sentitzen zituzten, maitasuna, haserrea edo jeloskortasuna adibidez, eta ez zuten beti ondo jokatzen.

Grekoek uste zuten jainkoak Olinpo mendiaren gainean bizi zirela, hodeietan zegoen gaztelu batean. Bertatik, behealdeko bizitza zaintzen zuten. Noizean behin, gertatzen ari ziren gauzetan esku hartzen zuten. Haserre baldin bazeuden ekaitzak bidaltzen zituzten, eta gerrak nork irabaziko zituen erabakitzen zuten. Batzuetan, gaiztakeriak egiten zizkieten gizakiei.

Zein ziren jainko-jainkosa nagusiak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainko eta jainkosa bakoitzak bizitzako edo munduko alderdi baten gaineko boterea zuen.

Zeus jainkoen erregea zen. Tximistak botatzen zituen kontra egiten zion edonor zigortzeko. Zeusek seme-alaba ugari zituen, esaterako Apolo, Artemisa, Atena, Afrodita eta Ares.

Hera jainkoen erregina zen, eta Zeusen emaztea. Ezkontzaren eta emakumeen jainkosa zen. Heraren animalia sakratuak pauma, kukua, lehoia eta behia ziren.

Atena jakinduriaren eta gerraren jainkosa zen. Atenasko jendeak haren omenez deitu zion horrela hiriari, eta Atenaren estatua erraldoi bat egon zen garai batean Partenoiaren barruan.

Poseidon jainkoa.

Poseidon itsasoaren jainkoa zen. Hiruhortz bat (hiru hortzdun sarde handi bat) edo tridente bat eramateagatik zen ezaguna, eta ekaitzak eta lurrikarak bidaltzen zituzten batzuetan lurra astintzeko. Haren anaiak Zeus eta Hades ziren.

Afrodita zen jainkosarik ederrena. Urrezko gerriko magiko bat zuen, jendea berarekin maitemintzea eragiten zuena. Afroditaren animalia sakratuak usoa eta beltxarga ziren. Zeusen seme-alabetako bat zen, eta Hefestorekin zegoen ezkonduta, errementarien jainkoarekin.

Hades ez zen Olinpo mendian bizi gainerako jainkoekin. Hildakoen erreinua gobernatzen zuen, Azpimundu gisa ezagutua. Jendeak sakrifizioak egiten zizkion, horrela haien etsaiei gauza beldurgarriak gertatzeko. Haren anaiak Zeus eta Poseidon ziren.

Nolakoak ziren Greziako tenpluak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenea jainkosa.

Grekoek tenpluak eraikitzen zizkieten beren jainko eta jainkosei. Tenplu batzuk txikiak ziren; beste batzuk oso handiak, politak eta apaingarri zoragarrikoak.

Grezian hiri orok zuen jainko edo jainkosa “zaindari” bat. Uste zuten jainko zaindariek arriskutik babestuko zituztela.

Jendeak jainkoen laguntza behar zuenean, tenplura joaten zen errezatzera. Arrazoi ugari zituzten horretarako: gaixo egotea, bidaian joatear edota etxaldeko uztari buruzko kezkak izatea.

Jainkoei atsegin emateko, jendeak dirua, loreak, janaria eta edaria oparitzen zizkien. Opari horiek sakrifizio gisa ematen zituzten. Animaliak, ganadua esaterako, sakrifizio gisa hiltzen zituzten batzuetan. Ondoren, jendeak okela errea jaten zuen ospakizunean.

Nor zen grekoen heroi gustokoena?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grekoek biziki maite zuten heroi ausartei eta haien abentura zoragarriei buruzko istorioak kontatzea.

Herakles zen guztien heroi gustukoena (Herkules deitzen zioten erromatarrek). Herakles Zeusen semea zen. Hain zen indartsua, non lehoi bat hil baitzezakeen esku hutsez.

Jason eta Argonautekin ere nabigatu zuen urrezko ardi-larrua aurkitzeko, eta “ezinezko” 12 proba bete zituen.

Oso ausarta zen Herakles, baina pozoitutako jantzi bat janzteko konbentzitu, eta horrela hil zuten. Hala ere, Zeusek hainbeste maite zuen Herakles ezen Olinpo mendira eraman baitzuen, eta hilezkor bihurtu zuen.

Zer gertatzen zitzaien hildako grekoei?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grekoek uste zuten hildakoak azpimundura joaten zirela, Hades jainkoak gobernatutako lurpeko erresumara.

Azpimundura iristeko, hildakoen arimek Estigia ibaia zeharkatu behar zuten. Karon izeneko agure marmarti batek eramaten zituen alde batetik bestera txalupa batean, baina ordaintzen bazioten soilik. Beraz, hiletetan grekoek txanpon bat jarri ohi zuten hildakoen ahoan, Karoni ordainsaria ordaindu ahal izango zutela bermatzeko.

Estigia ibaia zeharkatutakoan, hiru epailek erabakitzen zuten hildakoak non eman beharko zuen eternitatea. Oso ondo jokatu baldin bazuen, betiko zoriontsu bizitzera bidaltzen zuten Eliseo Zelaietara.

Besterik gabe ondo jokatu bazuen, Anbuloen Zelaietara bidaltzen zuten. Baina oso gaiztoa izan bazen, Tartaroan amaitzen zuen. Zulo beldurgarria zen Tartaroa, eta hildakoen arimak betirako torturatzen zituzten bertan, kristauen infernuan bezala.