Ussherren kronologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Annales Veteris Testamenti lehen orrialdea (latinez)
Annals of the World lehen orrialdea (ingelesez)

Ussherren kronologia James Ussherrek Bibliaren irakurketan oinarritutako XVII. mendeko munduaren historiaren kronologia da.

Munduaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 4004ko urriaren 23an, goizeko 09:00etan, mundua sortu zen, James Ussher (1581-1656) artzapezpiku irlandarraren arabera[1].

Ussherrek bere kronologia osatu eta argitaratu baino lehen, dagoeneko baziren mende batzuk aditu katolikoak Lurraren adinari buruzko ikerketan eta eztabaidan zebiltzala. Biblian jasotakoak literalki hartuta atzera eginez kalkulatzen zuten jainko kristauak mundua, bizitza eta gizakia sortu zitueneko lan-astea. Eta gehienek K.a 4000. urtearen inguruan ipini zuten munduaren jaioturtea: Bedek 3952.ean, Scaligerrek 3949.ean, Johannes Keplerrek 3992. urtean eta Isaac Newtonek 4000. biribilean. Baina Armagheko artzapezpikuak Dionisiok Anno Domini egutegi sisteman egindako akatsa kontuan izan zuen eta, Jesukristo K.a 4. urtean jaio zela kalkulatu ondoren, 4004. urtea aukeratu zuen[1].

Kreazioaren urtaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kreazioa zer urtarotan gertatu zen ere eztabaida teologiko sakona izan zen Ussherren garaian. Babiloniarren, kaldearren eta beste kultura batzuen kronologiak udaberrian hasten zirenez, hainbat adituk horren alde egin zuten. Beste batzuek ordea –Ussherrek barne– udazkenean izan zela uste zuten, judutarren urtea orduan hasten baitzen. Irlandarrak gehiago zehaztu zuen: udazkeneko ekinozioaren inguruko igande batez izan zen. Igandea zen Jainkoak zazpigarren egunean atseden hartu zuelako. Judutar tradizioan atseden eguna larunbata da eta, hortaz, jainkoak sei eguneko lana aurreko igandean hasi zuen. Ziuraski Keplerren Tabulae Rudol-phinae (1627) taula astronomikoak eskura zituela, ekinozioa urriaren 25ean –asteartea– izan zela eta, beraz, sortzailearen lanak bi egun lehenago hasi zirela ondorioztatu zuen[1].

Teoriaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ussherren mundu gaztea bitxikeria baino ez da gaur egun, baina bere garaian Biblian jasotakoak erabateko egiatzat jotzeak eliza katolikoaren eta zientziaren arteko bereizketa areagotzea baino ez zuen ekarri. Eta bereizketa horrek, besteak beste, hainbat zientzialari sutara bidali zituen[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Nagore Irazustabarrena, «Bai mundu berria!», Argia, 2008-12-07, CC-BY-SA lizentzia

Sakontzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ussher, J, 1650. Annals of the World: James Ussher's Classic Survey of World History ISBN 0-89051-360-0 (Modern English republication, ed. Larry and Marion Pierce, Green Forest, AR: Master Books, 2003)
  • James Barr, 1984–85. "Why the World Was Created in 4004 BC: Archbishop Ussher and Biblical Chronology", Bulletin of the John Rylands University Library of Manchester 67:575–608
  • William R. Brice, 1982. "Bishop Ussher, John Lightfoot and the Age of Creation", Journal of Geological Education 30:18–24.
  • Stephen Jay Gould, 1993. "Fall in the House of Ussher" in Eight Little Piggies (Penguin Books)
  • Bishop Ussher Dates the World: 4004 BC
  • John Lightfoot, The Whole Works of the Rev. John Lightfoot, D. D., 13 vols., 1822–25.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]