Víctor García de la Concha
Víctor García de la Concha (Villaviciosa, Asturias, 1934ko urtarrilaren 2a) espainiar filologoa da.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oviedoko Unibertsitatean egin zituen Filologiako ikasketak, eta Teologiakoak Erroman. 1976an, Zaragozako Unibertsitateko katedra eskuratu zuen eta 1979an, Salamancako Unibertsitatekoa; Valladolid eta Murtziako unibertsitateetako irakasle izan da. Literaturari buruzko ikerketak egin ditu, Erdi Aroko literaturari buruzkoak batez ere, baina Errenazimentuko literaturan eta gaur egungo literaturan, batez ere XX. mendeko olerkigintzan, espezializatu da denborarekin. Erlijioaren eta literaturaren arteko harremana, Gaztelako Erdi Aroko antzerkigintza eta lirika sakratua izan ditu aztergai, besteak beste, eta ikerketa sakonak egin ditu espainiar literatura espiritualari buruz (mistikari buruz batez ere), ondorengo lanetan ikus daitekeen bezala, El arte literario de Santa Teresa (1978, Santa Teresaren arte literarioa); eta El arte literario de San Juan de la Cruz (1991, San Juan de la Cruzen arte literarioa); pikareskari buruzkoak ere egin ditu, Nueva lectura del Lazarillo de Tormes (1981, Tormesko itsumutilaren irakurketa berria). Obra aipagarriak ditu, orobat, Poesía española contemporánea (Gaur egungo espainiar olerkigintza) eta Poesía española de 1935-1975 (1935-1975 bitarteko olerkigintza espainiarra) saila. Argitalpen kritikoen artean azpimarratzekoak dira Cristo de Velázquez de Unamuno (1987, Unamunoren Velázquezen kristoa), Eternidades de Juan Ramón Jiménez (1981, Juan Ramón Jiménezen betikotasunak) eta Juan Manuel Bueno, mártir (1989, Juan Manuel Bueno, martiria) esaterako, eta bereziki, 1982. urtean argitara emandako Libro de romances y coplas del Carmelo de Valladolid (Valladolideko Karmeloko erromantze eta koplen liburua), lekaime batek bere komentuan abesten ziren kantuez osaturiko bilduma, García de la Conchak berak dioenez jainkotasunera eramandako maitasun-kantuez osatua. Zenbait aldizkaritan eta argitaletxetan lan egin du, eta ikus-entzunezkoetarako gidoiak idatzi ditu; besteak beste, telebistarako, Santa Teresa de Jesús saileko gidoiak, Carmen Martín Gaiterekin batera.
Real Academia Españolako zuzendari izan da 1998-2010 urte-bitartean. Hainbat sari jaso ditu; 2000 urtean, Tegucigalpako Francisco Morazán Unibertsitateak emandako honoris causa doktoregoa jaso zuen; 2009an, Lázaro Carreter saria jaso zuen, eta 2010ean, Joan Karlos I.a erregeak Urrezko Toison Ordenako zaldun izendatu zuen. 2011n, Menendez Pelayo nazioarteko saria jaso zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.