WV24
WV24 | |
---|---|
Kokapena | |
Estatu burujabe | Egipto |
Egiptoko gobernadore-herria | Luxor Governorate |
Hiria | Luxor |
Koordenatuak | 25°45′00″N 32°36′51″E / 25.75°N 32.6143°E |
Altitudea | 192,27 m, itsas mailaren gainetik |
Arkitektura | |
Dimentsioak | 6,43 () m |
Azalera | 23,36 m² |
WV24 izenekoa, geologia, neurri eta funtzioetan, Erregeen Haranaren bikitzat hartzen den Tximinoen Harana edo Mendebaldeko Haranean dagoen hilobi bat da. Hilobia ez dago amaiturik, baina, uste denez, Amenofis IV.a faraoiaren erregealdiko lehen urteetako errege familiako norbaitentzat edo nobleren batentzat zen, faraoiak bere izena Akenaton izenagatik aldatu eta hiriburua Tell el-Amarnara pasa aurretik.
Kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tximinoen Haranean edo Erregeen Mendebaldeko Haranean aurkitzen diren hilobi urriek, Erregeen Haraneko zenbaketa jarraitzen dute, baina, KV siglak izan beharrean, WV siglak dituzte eginiko azterketa gehienetan. Honekin zera esan nahi da: mendebaldeko eta ekialdeko hilobiek eraikuntza patroi eta testuinguru historiko berbera jarraitzen dutela, baina, distantzia fisikoari dagokionez, elkarrengandik aldenduak daudela. Tximinoen Harana ez da soilik Erregeen Haranaren adartzat hartzen, baizik eta haran bat, bera bakarrik, eta antzerako tamainaduna.
WV24 hilobia Tximinoen Haranaren hegoaldeko muturrean dago, WV23 eta WV25 errege hilobien artean. Egia esan, WV24 hilobia da, dirudienez, errege familiakoa ez den pertsonai bat lurperatzeko erabilitako bakarra, nekropoli honetako hilobi gutxien artean. Lehen hilobia Amenofis III.aren erregealdikoa eta azkena Aÿren erregealdikoa direnez, ziurrena WV24 hilobia garai berekoa izatea da, Amenofis III.aren azken urteetakoa edo Akenatonen lehenetakoa. Errege nekropolia tebastar nekropoliaren mendebaldereneko haranera eraman izanaren arrazoia oraindik ezin da erabateko ziurtasunez azaldu, baina, beharbada, Amenofis III.ak, lapurretatik salbu eta bere arbasoetatik urrun egoteko moduko toki egoki bat aurkitu ez izanagatik izan daiteke.
Ondo-ondoan duen WV25a bezala, hilobi hau utzia izan zen zulatzen hasi eta laster. Hala ere, erregetzaren artean aurkitzen ez zen pertsonaia batentzat zenez, 25. hilobia baino osoago dago. Izan ere, errege hilobiak osatzeko, nobleenak osatzeko baino askoz denbora gehiago behar zen. Erregeen nekropolian aurkitzen diren gainontzeko nobleen lurperaketek bezala sarrera putzu bat eta hilobi kamera ditu, oso modu trauskilean tailatua eta amaitu gabea. Gainontzeko nobleen hilobietan gertatzen den bezala, honek ere ez du apaindurarik.
Indusketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da ezagutzen hilobi hau aurkitu zen data zehatza, baina, dirudienez, Giovanni Battista Belzonirentzat, hilobi honen presentzia oharkabean pasa zen WV23 eta WV25ean lanean ari zenean. Hala ere, handik gutxira, Robert Hay edo John Wilkinson bezalako bidaiariek, hilobi honen presentzia nabaritu zuten, eta Howard Carter bera bertan sartu zen. Baina hauetako bakar batek ere, ezta hilobi hau dokumentatu zuten gainontzekoek ere, ez zuen hilobia garbitu.
Garbiketa eta indusketa lan horiek ez ziren 1991-1992rarte egingo, Otto Schadenen buruzagitzapean Arizonako Unibertsitatearentzat. Denboraldi horretan, argitara eman ziren sarkinen lurperaketak -bost giza momia-, beharbada XXII. dinastian datatutakoak. Anfora erromatarrak eta koptoar garaian datatutako sukaldaritza objektuen hondakinak ere aurkitu ziren. Honek, WV24 hilobia antzinatetik irekia egon zela pentsarazten du. Dena dela, Otto Schadenen espedizioak aurkitutako atalik baliotsuena, urre inkrustazioak zituen boli zati bat izan zen, ustez, WV23ko altxorretik heldutakoa.