Xabier Kalparsoro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Xabier Kalparsoro
Bizitza
Jaiotza Zumaia1966ko abenduaren  7a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Bilbo1993ko irailaren  26a (26 urte)
Jarduerak
Kidetza Euskadi Ta Askatasuna

Xabier Kalparsoro Golmaio, Txato eta Anuk ezizenez ere ezaguna, (Zumaia, Gipuzkoa, 1966ko abenduaren 7a - Bilbo, Bizkaia, 1993ko irailaren 26a) ETAkide izan zen. Irailaren 23an Udaltzainek atxilotu egin zuten Durangon. Indautxuko (Bilbo) polizia etxera eraman eta bertatik erietxera, koma egoeran, bertsio ofizialaren arabera "bere burua leihotik behera bota" ondoren. Handik bi egunetara hil zen. ETA erakundeak salatu zuen Kalparsoro polizia indarrek abuztuan bahitu, drogatu eta torturatu ondoren askatu eta "seinuelo" modura erabiliz operazio poliziala antolatuta zeukala bere inguruan udaltzainek atxilotu zutenean, eta gero hil egin zutela.

Militantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Kalparsoro Jarraiko militantea izan zen gaztetan. 17 urte zituela atxilotu zuen lehen aldiz Guardia Zibilak, baina berehala aske utzi zuten. 1991. urtean alde egin zuen, poliziak sabotajeetan parte-hartzea leporatu zion-eta. Erbestean ETAko kide egin zen.

Atxiloketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durangoko bi udaltzainek Kalparsoro furgoneta bat hartu nahi izan zuenean atzeman zuten. Haien esanetan mozkortuta edo drogen menpean bide zegoen. Zumaiako Udaltzaingoan dei bat jaso zuten Durangoko Udaltzaingotik, auto bat lapurtzeko ahaleginetan ari zenean atxilotu egin zutela eta drogekin arazoak al zituen galdetu zieten. Hasiera batean gaizkiletzat jo zuten, baina berehala Ertzainburuak, CESIDekoak, Espainiako Polizia Nazionaleko kideak eta Guardia Zibilak agertu ziren Durangoko Udaltzaingoren egoitzatik, eramateko asmoarekin. Azkenean, gaueko 23:45ean, Bueren epailearen aginduz Espainiako Polizia Nazionalaren Indautxuko egoitzara eraman zuten.

Indautxuko polizia etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indautxuko Espainiako polizia-etxera eraman eta handik Basurtuko ospitalera. Ospitalean 02:51ean ingresatu zuten. Bertsio ofizialaren arabera esposatu gabe eta zerbeza bat edaten zegoen polizia baten zaintzapean 2. solairuko gela batean eta une batean polizia hori lurrera bota eta bere burua polizia-etxeko 2. solairuko leihotik behera bota zuen.

Xabier Kalparsororen familia Durangotik Indautxura eraman zutela jakitean bertara joan ziren. "Basurtoko ospitalean dago" esan zieten bertan. Zergatia galdetu zutenean, "Berak eskatuko zuen" erantzun zieten[1].

Amnistiaren Aldeko Batzordeek jakinarazi zutenez, Kalparsorok zentzua berreskuratu zuen erietxean une batez, eta, erizain baten arabera, "ez nazazue jo, dena esango dizuet!" oihukatu zuen.

Egun berean, 1992ko irailaren 24an, Guardia Zibilaren Tres Cantoseko (Madril) egoitzan atxilotuta zeukaten Gurutze Jantzi hil zela jakin zen. Bertsio ofizialaren arabera bihotzekoak jota hil zen. Berarekin batera atxilotutakoek jasandako torturak eta bertan bizi eta ikusitakoak eta zantzu medikoak kontuan harturik, poltsa tortura motaren ondorioz hil zutela adierazi zuten hauek.

Xabier Kalparsororen kasuan ere bertsio ofizialak bere burua 2. solairuko leihotik behera bota zuela esan arren, bere inguruan gertatutako guztiak hil egin zutela pentsarazi egiten du.

Autopsia egin zion forentsearen txostenaren arabera, Xabier Kalparsororen erorketa ezin zitekeen jauzi baten ondorio izan, inolako inpultsorik gabe leiho ertzetik gertaturiko erorketa bat izan behar zuen [2].

Senide eta adiskiden artean Xabier Kalparsororen errautsak Algorriko bidean aideratu zituzten, Zumaian.

ETAren agiria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ETAk irailaren 27an kaleratutako komunikatu batean jakitera eman zuenez, Xabier Kalparsoro Golmaio polizia-indarrek abuztuan bahitu, torturatu eta drogatu ostean askatu egin zuten bere inguruan munta handiko operazio poliziala antolatzeko. Horrela ibili bide zen Durangon udaltzainek atxilotu zuten arte.

Egin egunkariak datu hori baieztatu eta 1993ko abuztuaren 30ean Laudion "Anuk" izenaz ezaguna zen euskal errefuxiatu politiko bat atxilotua izan zela jakinarazten zuten deiak jaso zituela esan zuen.

Abuztuko atxiloketa hura ez dago hiru polizien ezein erregistro liburutan jasota, ez Guardia Zibilarenean, ezta Polizia Nazional edo Ertzaintzarenean ere.

Anuken gutuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalparsorok bere eskuz idatzi eta erakundearen zuzendaritzara igorritako eskutitzak helarazi zizkion ETAk Egin egunkariari urriaren 7an. Dokumentuan Anuk-ek abuztuan izan zuen atxiloketaren berri eman zuen. Haren arabera, aipatu atxiloketak iraun zuen bitartean bere onetik atera eta 23 egunez, gutxi gorabehera bere burua erabat galduta eduki zuten droga ezezagunak eman zizkioten. Ondoren egoera berezian askatu zuten eta bera jazartzen zutela ohartu zen, polizia ondo-ondotik jarraitzen baitzuen.

Idazkian Ertzaintza salatu zuen: "zipaioek atxilotu eta drogatu, hipnotizatu, burua jan edo dena delakoa eta berriro ere kalean utzi ninduten. Erabili egin naute eta oraindik ere horretan ari dira (...) ez dakit zein teknika erabili zituzten. Baina ziur nago drogaren bat edo zerbait eman edo egin zidatela. Zergatik? Ziur nago uneren batean galdekatu nindutela, baina ez naiz oroitzen"[3]).

Ikuspegi desberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El País egunkariak urriaren 3an bi orrialde bete zituen "Itxuren tortura" titularraren azpian. Artikuluaren arabera, aurreko asteetan torturaren mamua berriro ere dantzan zebilen, baina egiazki "itxurak zebiltzan Barne Ministerioaren aurka". Eta honela ere zioen: "gaur egun, ez dago ikerketarik aipatu kezkak egiaztatuko dituenik".

Nazio Batuen Torturen Aurkako Batzordeak 1992ko ekitaldiari zegokion txostenean Espainian torturatu egiten zela salatu zuen.

Amnistiaren Aldeko Batzordeek 1993an zehatz jasotako tortura testigantzen txostena aurkeztu zuen 1994an: hiru lagun polizien egoitzetan hilak (Juan Calvo, Ertzaintza; Gurutze Iantzi, Guardia Zibila; Xabier Kalparsoro, Polizia Nazionala) eta hirurogeita hamarretik gora tratu txar eta tortura salaketa [4].

Auzibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familiarrek, Torturaren Aurkako Taldeak eta Zumaiako Udalak salaketa bana jarri zuten epaitegian, Xabier Kalparsororen heriotza argitzeko. Baina ekinbideak artxibatu egin ziren.

1997an anonimo batek epaitegira bidaliko dokumentazioaren arabera Indautxuko Espainiako Polizia Nazionalaren erregistrotan Xabier Kalparsororen sinadura faltsifikatu egin zuten, bertako ziegetan egon zela adierazteko. Horren arabera, bertsio ofizialak esandakoaren aurka, Xabier Kalparsoro ez zen inoiz ziegetan izan, eta Indautxuko polizia-etxera eraman eta zuzenean sartu zuten leihotik "jausiko" zen gelara. Gela horretan egin zuen Indautxun izan zen denbora guztia.

Horren ondoren, Bilboko 1. zenbakiko instrukzio‑epaitegian egindako prozedura judizialak hainbat polizia auziperatu zituen. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak auziperatuen arteko bi zigortu zituen, atxiloketarekin inolako zerikusirik ez zuen arren, polizia‑egoitza zaintzen egonik atxilotuari leihotik jauzi egitea galarazi ez ziotela-eta [5]. Hainbat helegite aurkeztu ondoren, Auzitegi Gorenak polizia haiei ezarritako zigorra aldatu egin zuen hainbat gorabeherari erantzunez (denbora igaroa zela, adibidez), eta falta soil batean utzi zuen zigorra.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. PDF "Baleike" 4. zenbakia
  2. PDF "Baleike" 4. zenbakia
  3. Euskadi eta Askatasuna. Euskal Herria y la libertad entziklopedia. Aise liburuak, 9. liburukia
  4. urteroko txostenak stoptortura.com
  5. Condenados a seis meses de prisión dos policías por la muerte del etarra Anuk El Pais 200.05.24

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]