Zimitz (intsektua)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zapataria

Zimitza da Heteroptera azpiordenako intsektuen (heteropteroen) izen arrunta euskaraz. Hemiptera ordenaren barneko intsektu azpiordena da, 41 bat familia eta 30.000 espezie inguru hartzen dituena.[1].

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zimitz laranja.

Espezie gehienek bi hego pareak desberdinak dituzte. Gainekoak hemielitroak dira: atal basala gogorra eta larrukara dute eta atal distala minzkara. Azpikoak, berriz, mintz meheko gardenak dira[2]. Geldirik daudelarik, bi hegal pareak bizkarrean gurutzaturik egoten dira. Aho-aparatua (moko edo estiletea deitua) zorrotza eta ziztatzaile-xurgatzailea da. Likidoz elikatzen dira: batzuk landareen fluidoez (izerdia, fruitu edo hazien edukia...) eta beste batzuk animalien fluidoez. Azken hauetako batzuk, ohe-zimitza eta Chagas-en gaixotasuna kutsatzen duen Triatoma infestans, esate baterako, parasitoak dira[3] Landareen fluidoez elikatzen direnen artean Euskal Herriko mendietan ezagunenetako bat zimitz marraduna da, mihilu eta mandaperrexiletan ikusi ohi den mozorro gorri beltza.[4]

Metamorfosi bakuna dute (garapen paurometaboloa), gehienetan 5 ninfa aldirekin. Hirugarrenetik aurrera, apurka-apurka, hegoak agertzen zaizkie. Oso habitat desberdinetan bizi daitezke; gehienak ingurune lehortarretan (landareak, orbela, lurzorua) agertzen diren arren, beste batzuk ur gezatakoak edo itsastarrak dira[5].

Gizakiaren bizkarroitzat edo parasitotzat jotzen dira zimitzak, batzuetan izurrite hitza ere erabili izan da[6].

Euskarazko izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz izen mordoa dauka: euskara batuan “zimitza” nagusitu da, bizkaieraz “imutxa/imitxa” eta iparraldeko euskaldunen artean “purnasa”. Beste hainbat izen -aldaera- ere badauzka: imitxa, imintxa, tximintx, tximitx, tximutz, zimintz, zumitz, txintxe...[7]

J.A. Mogelek 1802 urte inguruan idatzitako Peru Abarka eleberri txukunean etimologia bitxi hau eman zuen: "Tximitxa edo imitxia esaten da tximurtxi, edo imurtxi egiten dabelako".

Deriotarren gaitzizena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inguruko herrietako biztanleen arabera derioztarrak tximutxak dira, lezamarrak zorriak diren bezala eta larrabetzuarrak akerrak. Derioko euskara elkarteak izen hori dauka: Tximintx euskara elkartea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zimitz Euskalterm. Euskara.euskadi.net
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. Miren PEÑA: Elkarrizketa Santiago Pagolarekin Heteropterus, 8. zenbakia, 2002ko uztaila. Gipuzkoako Entomologia Elkartea. Heteropterus.org
  4. «Zimitza, mamorro zapal hori» Euskara eta natura, paisaiaren bi alderdi 2009-07-13 . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.
  5. Luis MATA, Marta GOULA: Clave de Familias de Heterópteros de la Península Ibérica Departament Biologia Animal, Facultat de Biologia, Universitat de Barcelona. Ub.edu
  6. Ramírez de Okariz Kortabarria, Amaia. «Globalizazioak dakarren izurritea» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-10-22.
  7. «Zimitza, mamorro zapal hori» Euskara eta natura, paisaiaren bi alderdi 2009-07-13 . Noiz kontsultatua: 2019-08-02.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]