Zubisalto

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Zubisaltoa edo Zubijauzia zubitik, soka dinamikoz (eskalada sokaz) lotuta, pendulu modura jauzi eginez, egiten den muturreko kirola da.

Badira jauzi mota gehiago zubitik egin ahal direnak (gomasaltoa, gomapendulua, tirolina, parabolasaltoa... errapel moduan ere jauzi egin ahal da), baino jauzien arloan adostasuna dago zubisalto(a) hitzez aurretik aipatutako modalitatea adierazteko.

Eta badira antzeko jarduerak (supersaltoa, sky coaster, swing jumping), pendulu modura ere, baina zubi barik, egiten direnak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubisaltoa 1970eko hamarkadaren hasieran asmatu zen, Cruseilles-en, Annecy inguruan, Frantzian. Helmut Kiene deituriko eskalatzaile germaniarrak Les Usses ibaiaren gaineko zubietako batean soka bakarra lotu eta bestetik jauzi egin zuenean. Bi zubi hauen arteko distantzia 50m izanik, luzera beretsuko pendulu ikaragarria egin zuen. Helmutek ez omen zuen sekula gehiago egin, baino bere kideei kontatu zien heinean, hedatzen joan zen.

Euskal Herrian zubisaltoa 1980ko hamarkadan hasi zen ezagutzen, eskalatzaileak zubi bakarraren azpitik instalatzeko modua topatu eta jauziak egiten hasi zirenean, lehenbiziAraotzen (15m/20), baita Ormaiztegin ere. Gerora Tolosako "Ibarra" zubiak erabiltzen hasi ziren (33m/38), eta, aurrerago, Azkoitiakoa (24m/31-40). Egin izan dira mota honetako jauziak ere Soraluzen eta Atxaspin (Mendexa), bada jauzietarako egokia den zubia [Sobron]en eta bestea Kanpezu inguruan.

Zubisaltoa Euskal Herrira, Espainiara eta (amankomuneko hizkuntzari esker) Hispanoamerikara besterik ez da zabaldu, munduaren gehiengoan ez dute ezagutu ere egiten zubisaltoa. Bai, ordea, gomasaltoa. Bi jauzi mota hauek amankomunean dituzten ezaugarriek eraginda, maiz nahasten dira biak. Baina aldeak nabarmenak dira.

Teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gomajauzia egiteko %400 arte luzatu ohi den material elastikoa erabiltzen da (eta %600 ingurun apurtzen dena). Zubisaltoan, ordea, eskalada sokak erabiltzen dira, pendulu modura egiten denez, oso gutxi luzatzen dira (%3 edo %5) eta puntako baldintzetan %30 inguru (2 faktoreko erorikoetan, eskaladan). Beraz material nagusiak erabat bestelakoak dira jarduera batean eta bestean.

Zubijauzia eskalatzaileen ekimena izan zenez eta eskalatzaileek hedatu zutenez, gerritik helduta egiten zen jauzi, eskaladako (gerriko) uhalaz. Baino horrek sortzen dituen arriskuez jabetuta (beherago) gomasaltoak sortarazi eta hedatu zituen materialeak erabiltzen hasi ziren, txorkatiletik zintzilik jauzi egiten aurrekoz egiterakoan, eta uhal integralak atzekoz egiterakoan. Eta uhalak bikoiztuta, batek hutseginez gero besteak eusteko.

Gomasaltoaren eta zubisaltoaren desberdintasunen ondorioz, beste bat sortzen da: gomasaltoa badela egiterik ura ukituz erorikoaren amaieran. Zubisaltoan, ordea ez (pendulu modukoa denez, eta pendulu batean beheneko puntuan harrapatzen denez gehieneko abiada). Oso arriskutsua litzateke, eta gertatu izan dira istripuak, saltaria erditik ebakiz, urak zangoak aldebitara banantzearen ondorioz.

Zubisaltoa, lehen aldiz, bi zubiren artean egin baldin bazen ere, horrelako baldintzak (bi zubi parekide eta distantzia egokian) topatzea ez da erraza, beraz zubi bakarraren azpitik egitea da ohikoena, zubiak zabalera/altuera proportzio egokiak baldin baditu, bederen. Baino badira zubiaren alde batean egiten diren zubisaltoak (jauzi puntua eta instalazioa alde berean, sokak ematen duen luzerako distantzian bata bestetik).

Zubi oso garaietako altuera aprobetxatze arren (altuera/zabalera>4) modu baten bila Gerarta Arotzenak Zubi2saltoa asmatu zuen 1999an Azkoitian.


Bizikizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubisaltoa oso esperientzia zirraragarria da, batetik norbere burua hutsunera botatzean datzalako (beste jauzi mota batzuetan bezala: Gomasaltoa, Zubi2saltoa, tirolina, parabolajauzia, supersaltoa, jauzikaritza bera, uretara jauzi egitea...) baino pendulu moduko jauzia denez, eroriko guztia abiadura bihurtzen da. Gainera buruz (zangotatik zintzilik) edota zutik (bizkarrez) jauzi egiterakoan oso esperientzia desberdinak eskaintzen dizkigu zubisaltoak. Sentsazioak erabat bestelakoak dira.

Pentsa daiteke jauzikaritzan (paratxutismoan), erorikoa askoz ere luzeago izan daitekeenez, bizikizuna biziagoa litzatekeela. Baina lurretik hurbilago egoteak, eta ondoriozko erreferentziak hurbilak (abiadura, erlatiboa da) askoz adrenalina gehiagokoa egin ohi dute zubisaltoa (eta gisako beste esperientziak). Horiek biak egin dituenak ondo daki.


Arriskuak eta segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zubisaltoa, behar bezala antolatua eta egina denean, oso segurua da, baino, halere, jendeak kontrakoa uste du, egin daitezkeen jarduerarik arriskutsuena dela (arriskuaren adibide, are gehiago, sinbolo modura jartzen da puénting hitza ia beti). Badira, bai, hainbat arrisku, handienetik txikira:

1. Jauzi gaizki egitea. Hau da nabarmenena, saltari gehienek lehen aldia dutelako, eta urduritasunak gaizki jokatzera bultzatzen dituelako maiz (edota antolatzaileak ez diolako beharrezko informazioa eta behar bezala eman). Barandilatik gaizki askatzea da aukeretako bat (edo askatu ostean berriz heltzen saiatzea), baino aurrekoz zutik jauzi egitea da ohikoena. Kasu horretan, soka atzetik datorrenez, hankatartea mintzen du saltariak (zangoetatik zintzilik ez baldin badoa, bederen). Hori ekiditea edo saihestea enpresaren antolatzailearen eta bere profesionaltasunaren menpe dago.

2.Jauzi egiteko modua eta ekipatzeko modua ez elkar egokitzea. Aurrekoz jauzi egiterakoan gerritik heduta baldin bagoaz, maiz, atzerantz okertzen da saltaria (zaldi perra bat bezala), eta horrek kalte dezake saltariaren gerrialdea. Bularretik helduta aurrerantz jauzi egiterakoan sokak aurpegiaz jo ditzakegu, baita sokekin urkatu ere (lepoa soken artean sartu). Eta aurrekoz zutik jauzi egin nahi baldin badugu, lehen aipatu bezala, hankatartea arriskatzen dugu, gerritik edo bularretik lotuta joanez gero, bederen. Aurrekoz jauzi egiteko komeni da beti zangotatik zintzilik joatea.

3. Zubia probatu gabe izatea edota zubia desegokia izatea. Zubisaltorako zubiak zabalera halako bi (edo gehiagoko) altuera behar du izan, oro har. Hala ez baldin bada, konpentsatzeko sistemak pentsatu beharko lirateke (zeharka baino, zubiarekiko modu parekidean egitea pendulua, alde bakarra erabiliz; edota zabalera guztia ez, baizik eta honen zati bat erabiltzeko lotura bat instalatzea zubipean). Madrilen 2000ko urriaren 15ean istripu esatetsua gertatu zen huts horrexegatik, zubiak ez zuen nahikoa altuera, eta jauzi egin ahal izateko instalazio berezia behar zen egin, zabaleraren erdia erabiltzeko moduan (Al Filo De Lo Imposiblekoek 1995ean zubi berean egin zuten bezala). Tristeena zendutako mutilaren sendia zegoela jauzia ikusten, eta zinemarako filmatzen ari zirela (horrek eman zion oihartzuna jendartean). Horrelakoak ekiditeko zubia zama botaz probatu beharra dago.

4. Soka soberakina lagatzea. Horrela, gehiegizko goiera duten zubietan erorikoa emendatzea bilatzen da. Baino materiala zein saltaria behartzen dira. Badira zubiak, arkudunak bereziki, zeintzutan hau ezinbestekoa den. Eta igertzen da saltariak (eta sistemak) gehiago sufritzen dutela horrelakotan, bereziki hurrengo kasua haintzat hartzen ez baldin bada:

5 Soken tentsioak behar bezala ez erabiltzea. Beti soka bakar batek behar du saltaria jaso (nahiz eta bi edo gehiago erabili), horrela bere dinamikak (estiramentuak) erorikoa (tentsioa) leuntzen du. Baino bi soka edo gehiago tentsio berean erabiliz gero, hauen artean banatzen dute ahalegina, ez dute behar adina amore ematen eta, ondorioz, hainbat aldiz biderkatzen da tentsioa (kolpea sentiarazteraino), edo uhala puskatzearaino (gertatu izan da). Beraz, soka bat baino gehiago bai, baino beti tentsio mailakatuan, bigarrenak lehenengoak hutseginez gero bakarrik egin behar du lan.

6. Instalazio desegokia. Aurrekoarekin badu zerikusirik, eta atal asko ditu. Baino, adibidez, sokek ez dute beren instalazio puntuen artean distantzia handiegia izan behar, bestela biak tentsatzeaz gain (eta horrek gogortu egiten du jasotzea), saltaria desbidera daiteke (aurreko gomendioa haintzat hartuz gero) eta soka batek hutseginez gero (apurtuta edo blokeoa galduta) saltariak bazterren bat jo dezake, desbideratuta. Gertatu izan da, Araotzen soka bat apurtu eta saltariak zutabea jo zuen. Instalazio egokiaren beste atal bat sokek kantoi biziak eta diametro txikiegiko metalkiak ez ditzatela ingura.

7.Soka apurtzea. Oso zaila da, baino instalazio desegokiak eragin dezake, soka behar bezala ez zaintzeak eta gainbegiratzeak, eta zubiaren laztasunak ere (Araotzekoa da horren adiboderik egokiena). Hau larria litzateke hurrengo gomendioa haintzat hartu ezean.

8. Bikoizketaren araua ez jarraitzea. Segurtasun materialak, instalazioak, loturak, konprobazioak eta prozedura bikoiztuz gero (eta, noski, hauek behar bezala eginda) ia ezinezkoa da istripurik gertatzea. Instalazioko puntu batek hutsegitea zaila izanik, bik hutsegitearen probabilitatea hutsala da (probabilitatea, definizioz 0 eta 1 arteko zenbakia da, bi huts batera gertatzearen probabilitatea, bata gertatzearen probabilitatea bider bestearena da, beraz, ia zero diren bi zenbaki biderkatuz, pilo bat, modu esponentzialean, murrizten da arriskua).

9. Baimen barik jauzi egitea. Gauzak behar bezala egin gabe eta beharrezko diren azalpenak eta arauak eman gabe egitearen ondorio dira. Baina izan dira kasuak sokadun jauzietan saltariak behar baino lehenago jauzi egin duenetakoak. Hori salto puntuan dena prestatu barik jartzea eragotziz eta arau argi eta garbiak jarrita ekiditen da.

10. Objektuen erorketa. Saltariak ez du erortzeko moduan deus ere eraman behar (poltsikoak hustuta, oinetakoak lotuta, betaurrekoak, pitxiak, kapelak... kenduta). Bereziki garrantzitsua da behean jendea egon daitekeenean. Eta zubian edo jauzi plataforman dagoen jendeak arau hau ere ezagutu eta bete beharko luke, noski.

Badira bestelako arriskuak (lurrikarak, haize bortitza, hegazkinekin edo hegaztiekin tupust egitea, jauzilariaren edota antolatzailearen eskutan ziuzenean ez daudenak, baino ekidin beharko lituzke, ahal den heinean.

Motibazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiak (bere abstrakzio gaitasunari esker) erronkak gainditzeko gaitasuna du, eta, ondorioz, beharra sentitzen du. Erronka gero eta zailagoa, satisfazioa handiagoa lorpenarekin. Altuerari (amiltzeari) diogun beldurra gainditzeak gozamen handia ematen du. Saltariak ez gara suizidak, eta horrelako jarduerak bizizaletasuna areagotzeko eta segurtasun neurri eraginkorrak ezagutzeko baliagarri izaten dira.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]