Soraluze

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Soraluze

 Gipuzkoa
Soraluzeko ikuspegia.
Soraluzeko ikuspegia.

Soraluzeko armarria

Izen ofiziala Soraluze / Placencia de las Armas
Estatua
Erkidegoa
Lurralde Historikoa
Eskualdea
Espainia
Euskal Autonomia Erkidegoa
Gipuzkoa
Debabarrena
Alkatea Iker Aldazabal (EAJ)
Herritarra soraluzetar
Koordenatuak 43°10′N 2°25′W / 43.167°N 2.417°W / 43.167; -2.417Koordenatuak: 43°10′N 2°25′W / 43.167°N 2.417°W / 43.167; -2.417

Gipuzkoa - Soraluze.svg

Eremua 14,22 km2
Garaiera 111-851 m
Distantzia 54 km Donostiara
Posta kodea 20590
Biztanleria 3.954 bizt. (2013)
Dentsitatea 278,06 bizt./km²
Sorrera 1342 urriaren 15
http://www.soraluze.net

Soraluze Gipuzkoako mendebaldeko udalerri bat da, Debabarrenekoa. 14,1 km² ditu, eta 3.954 biztanle; beraz, kilometro koadroko 283,33 biztanle ditu. Deba ibaiak herria erditik zeharkatzen du, ibaiak zeharkatzen duen Debabarreneko lehen herria da, eta itsas mailatik 110,38 metro gorago dago.

Bere sorreratik, 1343. urtetik, armagintzari lotutako herria izan da Soraluze. Hortik datorkio gaztelaniazko izenaren azken zatia, "de las Armas". Bertan eraiki zuten Erregeren Kanoi Fabrika, eta XX. mendearen erdialdean itxi zituen ateak.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko gaztelaniazko Placencia eta Placencia de Soraluce forma haiek, Placencia de las Armas bihurtu ziren XV. mendearen bueltan, armagintzaren indarraren poderioz. XX. mendearen azken laurdenera arte Placencia de las Armas izan zen izen ofizial bakarra, baina gaur egunean izen ofizial bikoitza du herriak: Soraluze euskaraz eta Placencia de las Armas gaztelaniaz. Biak izen bakar luze gisa ere ageri dira batzuetan: Soraluze-Placencia de las Armas.

Herritarrek Plaentzia, Plazentzia, Plaentxia edo Plaentxi esan izan diote herriari euskaraz, 2005 arte. Orduan, Euskaltzaindiak euskara baturako ontzat ematen zuen forma herrikoi haietako bat: Plaentzia. Azkenean, baina, Euskaltzaindiak bere 140. arauan finkatua utzi du euskara zainduan Soraluze dela udalerriaren izena,[1] eta ez besterik.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soraluzek muga egiten du Debagoiena eskualdearekin, eta Urolako bailara ere mugakide du ekialdean. Gainera, herri hauekin egiten du muga: ipar eta ekialdean Elgoibarrekin, hegoaldean Bergararekin eta mendebaldean Eibarrekin. Iparraldean Maltzagan egiten du bat Elgoibar eta Eibarrekin. Ekialdean, Irukurutzeta mendian lotzen dira Azkoitia, Elgoibar, Bergara eta Soraluze.

Mugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soraluzeko barruti jurisdikzionala mugatzen duten puntuen deskribapena (antzina mugarriak zeuden eta gaur egun batzuk gordetzen dira) ondorengoa da:

Elgoibarrekin muga egiten duen tartea: Deba ibaiaren eskuineko ertza Madalzaga, Aginaga, Iturbe, Arnaizabal, Zabalekurutze, Arpoto, Kortazarko Haitzak, Urtiagaburu, Akelarre Tontorra, Pagomuneta, Otzo-Aldasoro, Idoi-Otzosoloalde, Idoi-Atxolinalde, Atxolin Gaina, Pago-bedeinkatua, Kurutzebakaraldea eta Kurutzebakar (Elgoibar, Bergara eta Soraluzeren mugarria).

Bergararekin muga egiten duen tartea: Kurutzebakar, Kurutzebakaraldea, Kurutzealdea, Aizpuruzabala, Azkonazulueta, Ozetagaña, Azkaiza, Bolu (aurreko puntu horretan Egotza erreka hasten da; horrek, Deba ibairaino egiten du muga, eta Boluko trenbide zaharraren plataforma zeharkatzen du), Deba ibaia, Mugarri, Mugarrietxetxoburua, Itzioegi, Unzeta azpi, Untzeta erdia, Untzeta, Untzetaiturri, Birgiña-iturri, Txaraitxi, Arteita, Lindaria, Sasibaltz, Sasibaltzbarrena, Zubitxo, Olabarri, Pagozabal, Aiardi eta Santutxo (Bergara, Eibar eta Soraluzeren mugarria).

Eibarrekin muga egiten duen tartea: Santutxo, Santutxozabala, Santutxo-Trangua, Pagomakur, Pagobedeinkatu, Igartuzelai, Illordogaña, Illordo, Etxetxoburu, Irureko Plazatxoa, Iruregaña, Zutxuegi eta Madalzagako Deba ibaiaren ezker ertza.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soraluze bi mendiren artean kokatua dago, orografia malkartsuko gune batean, hain zuzen. Ipar eta ekialdean Mazelaegiko kordala dauka, eremu megalitikoa, Karakatetik hasi eta Elosuan bukatzen dena. Bertan Karakate, Atxolin, Irukurutzeta eta Kurutzebakar mendiak daude. Ibaiaren beste aldean, mendebaldean, Krabelin mendia daukagu. Elgetako mendietaraino iristen den kordala sortzen da bertan. Han, mendigainean, Gerra Zibilean erabilitako lubakiak daude. Mazelaegiko kordalak 700-900 metro inguruko garaiera du eta Krabelin inguruak, aldiz, 500-600 metro ingurukoa.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soraluzeren geografia eta izaera Deba ibaiak markatzen du, erditik zeharkatzen baitu, hegoaldetik iparrera itsasoranzko bidean, Olakosin eta Igarate artean.

Deba ibaiak herri barrutik egiten du bere bidea. Aintzina ibaiak banantzen zituen alde banatan zeuden Erlaegi eta Soraluze izeneko guneak. Ibaiaren garrantzia handia izan da beti. Ez du alferrik ibaiaren ibilguak herriko kaleek baino azalera handiagoa. Mugarritik Sagar-Errekara bitartean dauden hiru kilometroetan, esate baterako, urak 120.000 m2 hartzen du.

Herriak ibaiarekin izan duen lotura estuaren seinale da ibaiaren zati bakoitzak izen ezberdina izatea. Horrela, ibaiaren goiko aldeari, Bergararekin mugan dagoen tokian hasten denari, “Hirukurutzeta” esaten zaio; ondoren datorrenari, Serafin Atxotegi auzunearen parekoari, “Aizkorak” esaten zaio; beheraxeago dagoenari “Olakosin” (Olako-osiña), bainurako lekua berau, ibaia garbi zegoenean behintzat; hurrena “Maxpe” dator, Oleako presaren azpiko aldean; aurrerago “Maala” ( Magdalenaren baselizagatik) eta, ondoren, “Errekaldeko-arpasuak” izenekoa.

Beherago, zubi nagusiaren parean edo, “Kolarra” izeneko tokia dago eta jarraian “Arrio-gain”. Ibaiaren bazterrean, sutegia eta etxea zeuzkan arabar armagile baten Arroiabe abizenaren kontrakzioz sortutako izena da "Arrio-gain". Hemendik presara arteko zatiak, kalebarreneko etxeen atzealdeak, “Etxazpe”dauka izena. Handik aurrera “Presapia” eta “Ugarrezia daude, harik eta dagoeneko desagertuta dauden “Gabolatzeko arpasuak” pasa eta “ibaizabal”esaten zaion tokira iritsi arte. Ibaiak bertan kañoi fabrikia egin aurretik zeukan zabalera handiagatik esaten zaio horrela azken honi. Azkenik Umilladerua, Olabarrena – garai bateko ola zaharraren lekuan eraikin berria egin dute oraintxe- eta Igarate daude, ibaiak Sagarraga errekarekin bat egiten duen tokian.

Ibaia zabal eta astiro dator. Lehentxeago aipatu dugun hiru kilometroko bidean presa ugarik eusten diote. Lehendabizikoa Olako presa da, XIX. mendearen lehendabiziko zatian eraikia, industria iraultzaren arrimoan. Zubi nagusia pasata dago presarik zaharrena, Plaza Zaharren eta Iturburuko pasealekuaren artean. Erdi aroan eraikitako presa honek Baltegieta kaleko Igaretako errotari zerbitzua ematen zion. Azkeneko presa Olabarrenakoa da; aspaldikoa hau ere, XVI. mendeko lehen erdikoa.

Ohikoan ibaiak dakarren urarentzako handiegia dirudi ibaiak daukan ibilguak. Tarteka, ordea, handitu egiten dira urak, bizkor handitzen gainera, orografia bihurria delako. Horregatik, zaila dirudi ibilguari zatirik jatea. Era berean, ibaiaren zabalera handi horrek, emariaren edo uraren gora-beherek eta presen eraginak irla modukoak sortu ditu hainbat tokitan, bertan pilatu direlako sedimentuak. Uharte moduko horiei “ugarreziak” esaten zaie euskaraz eta hauetan estimatuena eta jende gehienak erabiltzen duena presapean dagoena da. Ugarrezi horiek desagertu egin ziren duela urte batzuk, ibaia dragatu egin zelako. Berriro ere sortu egin dira, ordea, Igaretako errotako presapean dauden ur-korronteen eraginez.

Ibaiak ur ugari jasotzen du bi ertzetatik eta, oro har, iparretik hegorako norabidea dauka, tarte batzuetan, errekastoetan batez ere, norabidea ekialdetik mendebaldekoa baldin bada ere. Errekasto hauek Egotza, Keixeta, Olea, Iriarte edo Altun-erreka, Arrizabaleta, Armendi-erreka eta Intxusu dira eskuineko aldean eta Erlaeti-erreka eta Sagar-Erreka (Sagarraga-erreka, antzina) ezkerrekoan.

Geologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soraluzeko lurra aro Mesozoikoko materialez osatuta dago; aldi horrek 165 milioi urte ditu gutxi gora-behera. Material horien artean, itsaspeko erupzioetatik datozenak nabarmentzen dira, hala nola, kuxin-labak eta harri bolkaniko piroklastikoak, gure udalerriko toki gehienetan daudenak. Dena den, mendebaldean kareharri hareatsuak, margak eta margokararriak dira nagusi. Material guzti horiek Goi-Kretazikokoak edo aro Mesozoikoaren azken aldikoak dira; beraz, horien gutxi gora-beherako antzinatasuna 65 milioi urtekoa da.

Hasieran aipatu dugun material bolkanikoa, Cenomanaldiaren etendura-garaian sortu zen, itsas arroan eman ziren erupzioen eraginez, eta, garai hartan, bertan murgilduta zegoen gure gaur egungo lurraldea. Bitartean, geologiako kronologiaren arabera, ia berehala, Maestrichtaldi-Danaldi erregresio-fasea sortu zen. Horrek itsasoko hondoak goratu egin zituen, eta aipatu margak eta kareharriak jalki ziren. Haiek osatu zuten, hain zuzen ere, Eozenoaren lehen geruza.

Oro har, bigarren mailako mugimendu horiek (Cenomanaldi - Maestrichtaldi - Danaldi e.a.) dira kantabriar arroa ildo txiki sekundariotan banatzearen eragileak; ildo horiek, hondoko tektonika epirogeniko batek sorturiko brindelen eraketarekin zerikusia dute, eta hondoko tektonika epirogeniko hori, bestalde, alpetar tektonika sortu aurreko presioen ondorio zen. Aipatu sumendietako material horietatik lehengaia edo harri ofitikoa sortu zen, antzinako edozein eraikuntza mota egiteko gure herrian erabili ohi zena, hala nola, Parroki Eliza, Udaletxea eta Abadetxea egiteko.

Material hori ugari izateak, geologi interesgune bat sortu du, hiritik San Andres auzoraino doan bidean, Argarate baserrirako pistaren sarrera dagoen tokian, hain zuzen ere.Leku horretan, egitura kuxindua duten harri bolkanikoen eredu bikainak daude urpeko erupzioetatik sorturiko laben ondorioz; laba horiek urarekin kontaktuan berehala hoztean, kanpoko zolda bat eratu zen, kuxin-forma duena, eta kuxin horien barnean, laba urtua zegoenez, zolda hori apurtzean, barruko laba kanporatu eta kuxin berri bat eratu zen. Horrela, bada, goialdea abonbatua eta behealdea irregularra eta pikuan duten kuxin-pilaketak eman ziren (pillow-lavas). Ebakidura horren laginak 20 eta 80 zentimetrokoak dira gutxi gorabehera. Kuxin horiek, bestalde, erdiko gune bat dute, hutsik edo kaltzio karbonatozko kristalez betea. Karbonato hori, solidotzean laban harrapaturik geratzen diren gas-burbuilek sorturiko hutsuneetan jalkitzen da. Kuxin batzuetan haustura-sistema bat ageri da, irregularki eta era erradialean antolatuta. Hori, erdigunerantz irekiago dago eta harria solidotzean eta hoztean kontrazioz sortua da.

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aztarnak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gure barruti jurisdikzionaleko lehen pertsona-aztarnak, Mazelaegiko kordalaren gailurrerian kokatuta dagoen Soraluze-Elosua Aztarnategi Megalitikoan agertu dira. Mazelaegi, gaur egun "mendi-gain" izenez ezagutzen dugun tokiaren toponimo zaharra da. Eneolitiko-Brontze kultur sekuentziari egokitzen zaion lehen berri honek arazoak agertzen ditu kronologikoki kokatzeko, Megalitoen garaiak epe luze eta zabala hartzen duelako bai kronologikoki eta bai geografikoki. Dena den, gutxi gora-beherako data emanez gero, Kristo aurreko III. milurtekoan koka daiteke.

Horren ondoren, Erdi Aro arte ez da gure herrian giza jarduerari buruzko inongo erreferentzia edo aztarnarik ageri. Hala eta guztiz ere, ez du horrek esan nahi giza asentamendurik izan ez zenik. Antzinateko geografoek, hala nola, Ptolomeo, Estrabon, Pomponio Mela eta abarrek emandako erreferentziei esker, jakin badakigu gure eskualdean Karistiarrak, Deba eta Nerbioi ibaien artean kokaturiko etnia, bizi zela. Benetan bitxia da oraindik ere hasierako kokapen horren aztarnak geratzen direla egiaztatzea; esate baterako, bizkaieraren egungo esparruak antzinako karistiarren mugekin bat egiten du.

Erromatarrek sortu zituzten administrazio-egitura zaharren arabera, gure eskualdea Kluniko "conventus" delakoan sartzen zen. Egitura horiek Erdi Aroan ere iraun zuten, batez ere elizmugapeetan, horregatik gure udalerria garai batean Durangoko artzapezgoaren menpe izan zen.

Bisigodoen inbasioa etorri zenean, baskoiek aurre egin zioten haien monarkiari eta, datu guztien arabera, badirudi aipatu ditugun administrazio-muga erromatarrak orduan aldatu zirela, eta gure eskualdea Cantabria izena hartu zuen lurralde bati lotuta geratu zela. Izen berri horren arrastoek Aro Modernora arte iraun zuten gure inguruan; gure arma-industriak, esate baterako, sarritan "Reales Fábricas de Armas de Cantabria" izena hartzen zuen.

Geroago eta Goi Erdi Aroan zehar ere, eskualdea Arabako konderrian txertatu zen eta testuinguru horretan, Debabarrena itsasorako irteerarik hurbilena eta antzina Gipuzkoa zenaren muga izan zen; horregatik, XIV. mendean Elgoibar, Eibar eta Soraluzeri hiri gutunak eman zizkietenean, bere eskualdea Markina izen orokorraz ezagutzen zen. Lurralde-aldaketa etengabeak eta batean nafarren eta bestean gaztelarren agindupean egon zen konderri zabal hura, edukitzazko edo administrazio erakunde txikiko erregimen baten bidez gobernatu zen. Horrela bada, 1053ko diploma batean, Deba arroa ere barruan hartzen zuen Durangaldeko eskualdearen buru, Munio Sancho izeneko konde bat ageri da -"comite Munio Sançis in Turanko"- Gartzia nafar erregearen izenean -"regnante rege Garsea in Pampilona et in Najera et in Alaba et in Castella Vetula"-.

1135etik 1199ra bitartean, gure eskualdeak garai egonkor bat bizi izan zuen nafarren menpe, nahiz eta nafar eta gaztelar erregeen artean sortutako lurralde-gatazkak bizi-biziak izan, batez ere Santxo VI.aren eta Gaztelako Alfontso VII.aren artekoak eta baita bien ondorengoen artekoak ere. Horien ondorio izan zen 1179an erresuma bien arteko bake tratatua sinatu beharra eta, haren arabera, Durangoko edukitza edo probintzian kokaturiko Debabarreneko Markina ezarri zen mugatzat -"Insuper ego idem Adefonsus, rex Castelle, quitavi vobis Sancio, regi Navarre, el successoribus vestris, Alavam in perpetuum pro vestro regno, scilicet de Ichiar et de Durango, intus existentibus..."-. Aipatu dugun aldi horretan Ladron eta haren seme Vela konteak izan ziren erregeren izenean gure eskualdearen edukitza izan zutenak.

1200 urteko lehen egunetan, Gaztelako Alfontso VIII.ak Nafarroako erregek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurraldeak Gaztelako koroan sartzea lortu zuen, Gasteiz setiatu zuenean. Horrek gure eskualdeari eragin zioten beste botere-harreman eta lurralde-zehaztapen batzuk ekarri zituen eta baita geroago, udalerria Gipuzkoako probintziaren barruan behin-betirako kokatzea ere. Horrela bada, Alfontso VIII.ak, 1212ko Navas de Tolosako gatazkan eskainitako zerbitzu bikainak saritzeko asmoz, Durangaldea eman zion Diego Lopez de Haro jaunari, bere Bizkaiko jaurerriari gehi ziezaion. Bitartean, Deba ibarra "inorena ere ez" bailitzan geratu zen bertako botereen jurisdikziopean: Elgoibarko Olasotarren jurisdikziopean Markina izendatutako gure eskualdea eta Oñatiko Gebara kondearenean aipatu ibaiaren goi-ibilgua.

Zenbait soraluzetarren adierazpenak jasotzen dituen 1594an Valladoliden argitaratutako liburu batek dioenez, 1165. urte inguruan Santxo VI.a Jakintsuak jurisdikzio honetako Iruren bizi zen bere senide bati egin zion bisita eta bere lurraldeak ikusteko baliatu zuen. Hortaz, berri honek adierazten duenez, XII. mendean bazegoen biztanleria sakabanaturik, oraindik zehaztu gabe zeuden gure muga jurisdikzionaletan.

Giza jardueraren hurrengo arrastoa Lizaso izeneko probintziako antzinako kronista batek ematen digu. Hark dioenez, 1207rako Soraluzen bazegoen eliza bat; beraz, inguruan giza asentamendurik izango zen, gero sortuko zen hirigunearen lehen hazia seguruenez. Eliza horri buruzko erreferentziak berriro 1263 eta 1297an ageri dira, Gaztelako errege-erreginek bere patronatutza Elgoibarko Olaso etxeko ahaide nagusiei berretsi ziela eta.

Baina hiri-populaketa eta udal antolakuntza eraginkor baten lehen berria gorago aipatu dugun Valladoliden argitaratutako liburuak ematen digu; bertan adierazten denez, 1339. urtean Pedro Ruiz de Agirre zelakoa herriko alkate zen.Garai horretan gure hiria Markina izena hartzen zuen lurralde-batasunarekin bat eginda zegoen oraindik, hau da, egungo udalerriak ondoko Eibar eta Elgoibar hiriekin batera osatzen zuen batasunarekin. Durangaldeko edukitzatik kanpo geratu zen, berau, Durangaldea, XIII. mendearen lehen laurdenean Bizkaia nuklearrak bereganatu zuelako, gorago adierazi dugunez. Elgoibar eta Soraluze Markina yuso edo behekoan sartu ziren, Eibar, berriz, suso edo goikoan; hortaz, argi eta garbi egiaztatzen da herri hauek jatorriz Bizkaiko lurretan kokatutako boteregune politiko baten menpe zeudela.

Herriaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Geroago, handik lau urtera, 1343ko urriaren 15ean, Gaztelako Alfontso XI.ak hiriaren konstituzioa ofizialdu zuen Algecirasko tokian hiri-gutuna emanez. Badirudi, erregearen mesede hori bizilagun batzuen eskariz lortu zela, Beltran Velez de Gebara merino nagusiaren gidaritzapean Algecirasen musulmanen aurka borrokatzen ari zirenen eskariz, alegia.

Antzinako kronistek diotenez, pribilegio horrengatik -gaur egun galdua- erregek hiria fundatzea eta harresitzea eskatu zien Herlaegia eta Soraluzeko biztanleei. Logroñoko foruaren eskumenak eta zegozkien barrutiak eman zizkien eta horiekin batera Placencia izena ezarri.

Ez dakigu zeintzuk izan ziren izen hori jartzeko arrazoiak, baina seguruenez, erregeren bihozberatasunetik etorriko zen, "ut placeat"etik; dena den, ez dugu ahaztu behar Alfontso XI.aren gortean "Erregeren Kontseilua"k, hau da, bere aholkulari talde txikiak batez ere garai hartan izan zuen eragina, mairuen aurkako kanpainak zirela eta lan ugari burutzen baitzuten. Testuinguru horretan, Extremadurako Placenciako (gaur egungo Plasencia) gotzain zen Benito jaunaren eragina handia zenez, baliteke hark bere gotzain-hiriaren izena ipini izatea.

Gure herriak hiri-gutuna jasotzeak, argi eta garbi adierazten du Bizkaiko lurretatik zeharo bananduta zegoela; izan ere, urte batzuk lehenago, 1299an, Bizkaiko kostaldeko beste hiri batek pribilegio berberarekin izen bera hartu zuen -gaur egungo Plentziaz ari gara-, eta ezinezkoa zen lurralde bereko bi herriri izen bera ematea.

Erregeren baieztapena jaso ondoren, gure hiriak Gipuzkoara hurbilduko zuen prozesu bati ekin zion, besteak beste, Alfontso XI.aren ondorengoen arteko gerra zibilek lagunduta. Horiek, zenbait eskualdetan, aldaketa geopolitikoak (neurri handi batean "mercedes enriqueñas" zeritzenengatik) eta leinu handiak, hala nola, Haro, Lara eta abarrenak, behera etortzea ekarri zuten.

Eibar, Elgoibar eta Debagoieneko beste hirigune batzuekin batera, benetan mugatua zen beren lehengo batasun geopolitikoa alde batera utzi eta 1397an Getariako San Salbador elizaren koruan egin zen batzarrera joan zen Soraluze; hantxe mamitu zen egungo Gipuzkoaren hazia. Batzar horretara gure herria PLACENCIA DE SORALUZE izenarekin joan zen eta pertsona berak ordezkatu zituen Eibar eta biak. Hala eta guztiz ere, eliz esparruari dagokionez -politikoa baino askoz ere aldagaitzagoa-, Durangaldearen inguruan jarraitu zuen, harekin antzina izan zituen loturen seinale.

Garai honetan, XIV. mendearen azkenaldean, garrantzi handiko lanak burutu ziren, esate baterako, zurezko parrokia eliza zaharra, harrizkoa egitea. Dena dela, obra horren arrastoak oso urriak dira, elizaren egungo egituraketa XVI.aren bigarren erdian eta XVII.aren lehen zatian egin ziren obren ondorio delako, nahiz eta arkupea eta kanpandorrea, lehena 1666an eta bigarrena 1686an eraikitzen hasi. Gainera, eraikuntzarako materialik gehiena, oraingo Errekalde kaleko lehen zenbakien atzealdean zeuden harrobietan eskuratzen zuten.

Armagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendean, gure hirian izugarrizko garrantzia hartuko zuen jarduera bat hasi zen ernaltzen eta hain izan zen garrantzitsua, ezen abizentzat hartu zuen. ARMA-INDUSTRIA da.

Bistakoa da, gure hiriak dituen ezaugarri fisiko bereziak lagungarri izan zirela arma-tailerrak kokatzeko balio izan zuten sutegiak sortzeko. Armagintzak hartu zuen indarra hain handia izan zen, non koroak -bere bezero nagusiak- produkzioa zaintzeko begiraleak izendatu baitzituen. Horrela bada, 1573an lehen errege-biltegia ezarri zen ofizialki, mende hasieran Andres Garcia de Uribarri eskribauak (horregatik esaten zaio "Uribarrikua") egungo Rabal, 10 kalean eraikitako etxean. 25 urte lehenago, toki bera erregeren ofizialek produkzioa pilatzeko hartzen zuten errentan. Zeregin horren adierazle, oraintsu arte herriak etxe horri deitzeko "Erregetxe zarra" izena gordetzen zuen. Beste aztarna bat, hau fisikoa eta ikusgarria, armak garraiatzen zituzten lauoinekoek egarria kentzeko erabiltzen zuten "aska" izan zen, duela urte gutxi zoritxarrez bota egin zutena.

Baina arma-produkzioak izan zuen gorakadaren aurrean, "erregetxe zarra" delakoa zaharkituta geratu zenez, soraluzetarrek beste "erregetxe" bat eraiki zuten Plaza Zaharraren gainean, pilota-leku zaharra zegoen lekuan. Eraikuntza-lanak 1804ean hasi ziren eta 1807an bukatu, gero arma-industriak behera egin zuenean, erabilpenik gabe zegoela eta, bota egin zuten orain dela bosturteko gutxi. Armagintzan gure udalerria ezezik, ondoko herriak ere aritu ziren. Dena dela, XIX. mendera arte behinik behin, gure hiria izan zen eskualdeko arma-gunerik nagusiena, gero bata bestearen gainean pilatu zitzaizkion zirkunstantzia gaizto askoren ondorioz nagusitasun hori galdu egin bazuen ere.

Erregeren arma-fabrikei eta beren arrimoan sortuz joan zen gremio-sistemari 1865ko errege-agindu bitartez eman zitzaion amaiera behin-betikoz. Hala ere, horrek ez dakar berarekin armagintza desagertzea, urte batzuk lehenago eraikitzen hasita baitzegoen, Baltegieta kalean, “Euskalduna” izeneko enpresa pribatua. Tailer moderno hau eraikitzeko orduan, zeresan handia izan zuten herriko armagin Jose Ignacio de Ibarrak eta “Zuazubiscar, Isla y Cía” Madrilgo elkarte pribatuak. Armadarentzat arma ugari egin zuen fabrika honek, sona handiko “Remington” fusilak bereziki. Handik gutxira, baina, 1873an, bigarren karlistada hasi zen eta borrokan ziharduten talde biek fabrika hau bereganatzeko ahalegin ugari egin zuten. Gerrateak berak eta gerratearen ondorengo egoeraren gogortasunak eraginda-edo, “Euskalduna” enpresa disolbatu egin zen. Lantegia kanoi eta metrailadoreak egiten zituen Maxim, Nordenfel Company Limited ingeles kapitaleko konpainiak eskuratu zuen. Urte batzuk geroago, XX. mendearen hasieran, Vickers enpresak erosi zuen fabrika eta The Placencia de las Armas Company Limited izena jarri zion. Azken enpresa honek eraikitakoak dira Sagar-erreka aldeko herriko sarreran dauden pabilioi berriak. Handik urte batzuetara Sociedad Anónima Placencia de las Armas enpresak, Kanoi fabrikia izenez ezagunagoa denak, hartu zuen ingelesen lekua. Urte horietan guztietan lantegi handi honetan herriko eta inguruko herrietako ( Eibar, Bergara, Elgoibar, Azkoitia…) makina bat langile aritu zen lanean. Langile hauetako askorentzat ikastokia izan zen SAPA, eta handik aurrera beren kontura lan egiteari ekin zioten.

Bukatzeko, aipatu, XIX. mendeko herriko armagintzaren ikur izandakoak, Plaza Zaharraren gaineko Erregetxea eta Euskalduna fabrika zaharra, 1976. urtean bota zituztela. Azkena zegoen tokian kiroldegia egin zuten geroago.

Industria XX. mendetik gaur egunera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hondarreko krisialdiak apenas izan zuen eraginik Soraluzen, arma-industria sendoa eta modernoa baitzen bertakoa. Horren lekuko da Euzcalduna fabrika handia, 1862an sortu eta urte gutxira ingeles kapitalaren esku geratu zena.

Soraluzeko herria 1873ko gerratetik zein mende bukaerako krisialditik onik irten zenaren froga da 1896an herriak 2.000 biztanleen muga gainditu izana.

XX. mendearen bigarren hamarkadakoak dira Soraluzen torlojugintzaren lehen aztarnak. Berau izango du aurrerantzean herriak diru iturri nagusia, eta apurka-apurka armagintzari tokia jango dio.Torlojugintzak emango dio egun oraindik herriak ezaugarri duen industria izaera.

Egia da 1929. urtean oraindik hogeita hamar arma-tailer zeudela herrian. Gerra zibila amaituta, ordea, torlojuak egiten hasi ziren tailer horietako asko. Sasoi horretan indar handia hartu zuen torlojugintzak, eta 60. hamarkadan jo zuen goia.

Modu horretan, jatorriz arma-enpresa zirenak, Inocencio Madina, Eugenio Argarate, Sandalio Barrenechea, Juan María Arizaga, Amuchastegui eta Sacia kasu, torlojuak egiten hasi ziren. Enpresa hauek ikaragarri hazi ziren eta pabilioi handiagoak eraiki zituzten 50. eta 60. hamarkadetan. Hamarkada horietan herrira iritsi ziren etorkinek bertan aurkitu zuten lana.

Beste batzuk, Pascual Churruca adibidez, gomazko ferragintza apurka-apurka alde batera utzi eta torlojugintzan hasi zen, eta horretan darrai gaur egun ere.

Gainera, soto eta etxebarruetan torlojugintzako tailer ugari sortu ziren, familia-enpresak gehienak, langile gutxikoak.

Nolanahi ere, arma-tailerren artetik batzuek bestelako produktuen aldeko aukera egin zuten eta arrakasta izan zutela esan behar da. Trefilazioan, kalibrazioan edota nekazaritzako tresneria egiten aritu ziren. Lete eta Aranguren dira tailer horietako bi. Biek ala biek lantegi handiak eraiki zituzten 60. hamarkadan.

Torlojugintza herriko industriaren jarduera nagusia zen mendearen bigarren zatian, nahiz eta armagintzak bazuen artean presentziarik, SAPAn langile asko baitzebilen lanean. Beste enpresa batzuek ehizako eskopetak egiten jarraitu zuten, Larrañaga, Sucesores de E. Arizaga-k aurrena eta Sarasqueta y Cía-k (Indesal gero) beranduago.

Bestelako zereginetan jardun zuten enpresak ere ez ziren gutxi izan, ezta txikiak ere. Makinak egiten zebiltzan Sacia eta Osuma, langile askorekin. Alberdi Hermanos enpresak tailer handiak eraiki zituen Errekalde kalean 50. hamarkadan, labanak egiteko.

Ingurua ikaragarri gogor astindu zuen, ordea, 80. hamarkadako krisialdiak. Inbertsioak asko murriztu izanak, produktuaren dibertsifikazioak eta beste arrazoi batzuek enpresa handi hauen eta hauentzako lanean ziharduten tailer txikien gainbehera ekarri zuten.

Hala ere, torloju-enpresa batzuek bizirik irautea lortu zuten eta gaur egun ere zabalik jarraitzen dute. Pascual Churruca, A. Urrestarazu, A.Mendicute, C. Mendizábal, Aras, Treviño Hermanos, Iterga, Lasher, Laga, Vda. De Azcarate, Uzkate, L. Ariznabarreta, Oruesagasti, etab. dira horietako batzuk.

Enpresa handi horietako batzuek irauteko ahalegin ugari egin zuten, baina ahalegina antzua gertatu zen eta desagertu egin ziren azkenerako. Horixe gertatu zen, esate baterako, Lete, Sacia, Alberdi Hermanos edota armagintzan ziharduten enpresekin. Bizirik atera zen bakarrenetakoak ere, SAPAk, hasiera batean Euscalduna izan zenak, 2005.urtean, 145 urte gero, herria utzi eta Andoainera eraman zituen langileak.

Amaitzeko, azken urteetan eraiki diren  industriagune berriak aipatu behar dira, non enpresa moderno eta indartsuak kokatu diren. Horietako batzuk inguruko herrietatik etorri dira, Irazola eta Galvanizados Arrate esaterako, beste batzuk, berriz, herrigunetik joan dira bertara, makina-tresnak egiten dituen “Unamuno”, burdindegiko artikuluak egiten dituen “Fer”, edota torlojugintzan diharduen “Gol”, kasu. 60. hamarkadan sortutako azken enpresa hau herriko enpresarik garrantzitsuena da gaur egun.

Dudarik ez da azken urteetako aldaketek indartu egin dutela sektorea, errotu egin dute industria eta dibertsifikatu ( gaur egun torlojugintza industria-jardueraren %40 da gutxi gora-behera), zerbitzuen sektorean ere gora egin du langile kopuruak. Honi guztiari herrian azken aldian eraiki diren azpiegitura berriak gehitu behar zaizkio, eraiki diren etxebizitzak, aisiguneak, ibaiaren erabateko birsorkuntza, etab. Herriak hobera egin izanak bertakoen bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du, eta baita gure txoko maite hau aukera eta etorkizun oparoko herri bihurtzea ere.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko Hiart Arluziaga hautatu zuten alkate.

Udalerri Hauteskundeak Soraluzen
Alderdi politikoa 2011 2007
Botuak% Zngtzk Botuak% Zngtzk
Bildu 41,43% 5 - -
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) 30,51% 4 25,17% 3
Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra (PSE-EE) 17,23% 2 20,2% 2
Alderdi Popularra (PP) 6,87% 0 7,63% 1
Ezker Batua-Berdeak 1,6% 0 - -
Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) - - 26,54% 3
Eusko Alkartasuna (EA) - - 15,4% 2
Ezker Batua-Berdeak/Aralar (EB-B/A) - - 4,17% 0

Soraluzetar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • E.H. Sukarrak Soraluzeko gaztetxean eman zuen bere lehen kontzertua.
  • Xabier Euzkitze bertsolari eta kazetari famatuak Soraluzen eman zuen bere azken bertso saioa (1998ko abenduan).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Soraluze Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa