1952ko Londresko Laino Handia

Wikipedia, Entziklopedia askea
1952ko Londresko Laino Handia
Irudia
Map
Motahondamen
Smog
Denbora-tarte1952ko abenduaren 5a - 1952ko abenduaren 9a
Data1952ko abendua
KokalekuLondres
HerrialdeaErresuma Batua
Pertsona hilak12.000

Great Smog edo 1952ko Londresko Laino Handia 1952ko abenduaren 5etik 9ra bitartean, Londresen egon zen lainotza izan zen. Hilaren lehen egunetan laino trinkoak hiria hartu zuen. Horrek ez zituen herritarrak kezkatu, ohikoa baitzen. Baina laino itxiak ezaugarri berezia zuen, izan ere, hil egiten zuen.

Lainoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egun batzuk lehenago fronte hotz batek jo zuen Britainia Handia, eta hiriburuko biztanleak ohi baino ikatz gehiago erretzen hasi ziren etxeko goxotasuna atxikitzeko. Baina Bigarren Munduko Gerraren ondorioek gogor astindu zituzten herritar txirotuak. Hala, kalitate txarreko ikatz merkea erretzea beste aukerarik ez zuten. Ikatz hark sufre asko zuen eta ke lodi toxikoa botatzen zuen. Gainera, aire masa hotzak kea behera bultzatzen zuen, lurzorutik gertu burbuila modukoa eratuz. Biztanleek ikatza erre ahala, lainoa geroz eta ilunagoa, itxiagoa eta kirasdunagoa zen[1].

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Battersea Power Station egun argi batean.

Lehen ageriko biktima garraioa izan zen, publikoa nahiz pribatua; sufre, artseniko, kadmio, nikel eta merkurio partikulek, besteak beste, ikuseremua asko murriztu zuten eta agintariek trafikoa –lur gainekoa behintzat– eteteko erabakia hartu behar izan zuten[1].

Horrek ez zuen hiria geldiarazi, metroak martxan segitu baitzuen. Aire zabaleko kirol ekitaldiak ere bertan behera utzi zituzten hasieran, eta kea eraikinen barrualdean sartu ahala zine aretoak, antzokiak... ixten hasi ziren. Hala ere, izuak ez zituen Londresko biztanleak hartu[1].

Biktimak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Great Smog edo Laino Handiak bost egun iraun zuen, abenduaren 5etik 9ra. Handik egun gutxira osasun zerbitzuek bildutako datuak izutzeko modukoak ziren: 4.000 pertsona hilda ziren ordurako, gehienak haur txikiak edo aurrez arnasketa arazoak zituzten helduak, batez ere arnas aparatuko infekzioek –bronkopneumoniak eta bronkitis akutuak– eta arnasbideen buxadurak jota[1].

Hurrengo hilabeteetan beste 8.000 lagun hil ziren laino beltzaren ondorioz, eta 100.000 gaixotu. Laino Handiak kutsadura atmosferikoaren eztabaida piztu zuen, eta handik gutxira airearen kutsadura murrizten ahalegintzeko lehen araudiak jarri ziren indarrean[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Nagore Irazustabarrena, [www.argia.com/argia-astekaria/2348/great-smog «1952ko laino hilgarria»], Argia, 2012-12-09, CC-BY-SA lizentzia

Gehiago irakurtzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]