Abderrahman Jusufi
Abderrahman Jusufi (Tanger, Maroko, 1924) politikari ohia da.
[aldatu] Bizitza
Zuzenbide-ikasketak egin ondoren eta legegizon gisa lan egin eta gero (Arabiar Legegizonen Batasuneko presidente izan zen 1969tik 1990era), Istiqlalen sartu zen 1943an. Alderdi horretan, Casablancako langileen arazoez eta Frantziara ihes egindako marokoarren arazoez arduratu zen. Muhammad V.a kargutik kendu zutenean, erresistentzia-mugimendua antolatzen parte hartu zuen (1953-1955). 1959an, Marokoko Herri Indarren Nazio Batasuna sortu zuen Mehdi Ben Barkarekin batera, eta Attahrir alderdiaren egunkariko erredakzioburu izendatu zuten. Bitan espetxeratu zuten, 1959an eta 1963an, eta erbesteratu egin zen 1965etik 1980ra. Herri Indarren Batasun Sozialistaren (USFO) alderdiko ordezkari egin zuten atzerrian.
1980an Marokora itzuli zenean, alderdiko idazkari izan zen, baina dimisioa aurkeztu zuen 1993an, hauteskunde legegileetako iruzurraren kontra. Hala ere, 1995ean, bere kargura itzuli zen. 1996an, Konstituzioa berritzeko botoa eskatu zuen. 1998an, Hassan II.a erregeak abiarazi zuen demokraziarako zabalkundearen barruan, lehen ministro izendatu zuten. Azkenik, 2003an utzi zuen politika.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.