Agulhasko itsaslasterra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Agulhasko itsaslasterra[1] Indiako ozeanoko hego-mendebaldeko itsaslaster garrantzitsu bat da, Afrikako hegoaldeko kliman eragiten duena. Hegoafrikako Agulhas lurmuturretik hartzen du izena.

Afrikako ekialdeko kostaldean zehar doa, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera, gutxi gorabehera Mozambikeko kanaletik Esperantza Oneko lurmuturrera bitartean.

Propietate fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaleko itsaslaster indartsuenetakoa da. Estua eta azkarra da. Urtean zehar ez du bolumen-aldaketa handirik izaten, eta haren abiadura maximoa 5 km/h-tik gorakoa da. Agulhasko itsaslasterraren iturriak Madagaskarko ekialdeko itsaslasterra eta Mozambikeko itsaslasterra dira.

Ozeano Atlantikoaren hego-ekialdera iristean, itsaslasterrak atzerantz egiten du Itsaslaster Zirkunpolar Antartiko ahaltsuarekin topo egitean. Itsaslasterraren ur epelak Atlantikoko ur hotzarekin topo egitean, zurrunbilo handiak sortzen dira; ondorioz, Atlantikoko ur hotzen parte batek atzera egiten du, eta Agulhasko ur epelaren parte batek ere atzera egiten du. Erretroflexio horien eraginez, ur-masa epel eta hotzak nahasi egiten dira, eta itsasoa biziki zakartzen. Mendebaldeko haizeek itsaslasterraren noranzko nagusiaren aurka egiten dute, eta olatu ikaragarriak eragiten dituzte. Itsasontzi ugari hondoratu dira inguru horietan.

Propietate biologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agulhasko itsaslasterrak konbergentzia-zona gisa jokatzen du. Azaleko urak hondoratu egiten dira, eta, ondorioz, itsaslasterretik hegoaldera dauden ur hotz eta mantenugai aberatsetan azaleratu egiten dira. Gainera, bi ur-moten konbergentziaren eraginez, planktonaren kontzentrazioa handitu egiten da itsaslasterrean bertan eta inguruetan. Bi faktore horien emaitza klorofila-kontzentrazio handia da. Beraz, ur horietako materia organikoaren ekoizpena inguruko uretakoa baino nabarmen handiagoa da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]