Alexander Nikolaievitx Scriabin
Alexander Nikolaievitx Scriabin pianista eta musikagile errusiarra izan zen (Mosku, 1872 - Mosku, 1915). 1882-1892 urteetan egin zituen musika-ikasketak, Moskuko kontserbatorioan, V.I. Safonov, S.I. Taneiev eta A.S. Arenskirekin. Pianista ospetsu bihurtu zen, eta kontzertuak eman zituen Errusian, Suitzan, Holandan, Belgikan eta Frantzian, berak idatzitako lanak aurkezteko batez ere. 1898-1903 urte-bitartean Moskuko kontserbatorioan pianoa irakatsi ondoren, atzerrian bizi izan zen 1909 arte, lehenbizi Suitzan eta gero Belgikan. Garai hartan musika idatzi zuen, batez ere, eta noizean behin kontzertuak eman zituen. 1910. urtean Errusiara itzuli zen. Scriabinek estetika, erlijioa eta kosmogonia bateratzen zituen teosofia-gogoetak azaldu nahi izan zituen bere musikarekin. Pianorako lan miresgarriak idatzi zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.