Animalia-epaiketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Chambers Book of Daysen ilustrazioa: txerri eme eta bere kumeen epaiketa irudikatzen duena.

Animalia-epaiketa gizaki ez ziren animaliei XVIII. eta XIX. mendeetan Europan egin zitzaizkien epaiketak izan ziren.

Epaiketa kasuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1386an, Falaisen (Frantzia), txerri eme bat epaitu zuten haur baten hilketa leporatuta. Guiot de Monfort udal idazkariak xehetasun osoz jaso zituen auziaren nondik norakoak. Txerriak haurrari aurpegia eta besoak jan omen zizkion. Hilketaren berri izan zuenean, Pere Lavengin bizkondeak animalia epaitzeko agindua eman zuen, eta heriotzara kondenatu zuten. Giza arropaz jantzita eraman zuten urkamendira, eta han borreroak muturra eta eskuak moztu zizkion, hiltzaileak biktimari egindakoaren ordainetan. Ondoren, atzeko laurdenetik zintzilikatu zuten, eta berehala hil zen, odolustuta. Inguruko abeltzainei txerri guztiak plazara eramateko agindu zitzaien, kondenatuaren generokideek zigorra eskarmentutzat har zezaten. Exekuzioa burututa, jendailak kondenatuaren gorpua zatikatu zuen, eta txerri erreki bazkaria prestatu. Hala ere, kondenatutako animaliak jatea ez zen ohikoa[1].

Animaliak epaitzea, ordea, ohikoa zen. 1161ean, Parisen beste txerri bat exekutatu zuten, erregezko hilketa leporatuta. Luis VI.a Frantziakoaren seme Filipe printzeak zaldi istripua izan zuen, txerri baten erruz. Eta txerria tripak aterata hil zuten jendaurrean. 1572an, Toledon, haur bat jan zuen txerria exekutatu zuten; baina, horrez gain, sakrilegioa ere leporatu zioten haurraren haragia ostiral Santuan jateagatik[1].

Epaitutako animaliak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txerriak ez ziren izan epaitutako gizaki ez ziren animalia bakarrak. Jabeak hil arte adarkatutako idiak, ostiko egin zale ziren zaldiak, amorrudun txakurrak... urkatu, zatikatu edo burugabetu zituzten gizakiei kalteak eragiteagatik.

Epaiketa horietan, animaliek ez zuten aukerarik beren burua defendatzeko, eta errugabetzat jotzeko aukerak oso txikiak ziren. Hala ere, salbuespenak izan ziren. Esaterako, 1379an, Belgikako Saint-Marcel-le-Jeussery herrian, txakur saldo batek haur bat hil zuen, eta animaliak hiltzera kondenatu zituzten; baina Hubert de Poitiers apaizak saldoko txakur kumeentzat errukia eskatu zuen eta, azkenean, epaileek animalia gazteenei zigorra barkatzea erabaki zuten[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Irazustabarrena, Nagore. (2012-07-15). «Animaliek epaitutako animaliak» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]