Barbouze

Wikipedia, Entziklopedia askea

Barbouze (euskaraz: «bizarduna», frantses argotean) bat OAS (Armada sekretuaren erakundea) talde armatuaren kontra legez kanpo borrokatzeaz arduratzen zen kide bat zen. Berez, poliziak eta armadak erabil ez ditzaketen metodoak erabiltzen zituzten, baina haien gainetik Frantziako zerbitzu sekretuak zeuden. Aljeriako gerra garaiko atentatu sail baten arduradunak ziren Barbouze-ak, bereziki 1960ko hamarkadan, baina geroztik termino hori erabiltzen da “polizia paraleloa” edo “zerbitzu sekretuetako agentea” izendatzeko[1].

Hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Barbouze” hitza lehen aldiz erabili zuena OAS erakunde armatua zen. “Barbouze” horiek hirurehun laguneko talde bat osatzen zuten, hala nola Kooperaziorako Mugimendua edo Mouvement pour la coopération (MPC). Mugimendu haren helburua zen OASren kontra borrokatzea, atentatuen bidez. Frantziako poliziak ezin zuenez atentaturik egin, erakunde hark egiten zituen[2][3].

OASren kontrako borroka diseinatu zuen Pierre Lemarchand abokatu eta diputatu gaullistak, Roger Frey Frantziako Barne Ministroarekin batera, 1961ean. Lemarchand izan zen hirurehun lagun horien buruzagia, Aljerren.

Lehen “barbouze”-ak 1961eko azaro bukaeran iritsi ziren Aljerrera, eta atentatuak egiten hasi ziren OASko kideak ibiltzen ziren tabernetan. Baina OASko kideak ere hasi ziren “barbouze”-en kontrako erasoak egiten. Batzuek besteen kontra egindako eraso haiek hildako ugari eragin zuten[4]. Azkena, 1962ko otsailaren 12an: OASko kide batzuek eraso egin zuten 25 “barbouze” zeuden hotelaren aurka, eta ia denak hil zituzten.

Desegitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1962ko martxoaren 8an, Roger Frey Frantziako Barne Ministroak agindu zuen “barbouze”-en ekintzak bertan behera uzteko. Argitu nahi izan zuen “Frantzian inoiz ez dela izan polizia paralelorik, eta “barbouze”-en istorio horiek Frantzia desohoratzen dutela”.

Ondorengo gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Barbouze” erraten bazaio ere Aljeriako ekintza sorta haien egileei, ondoko urteetan terminoa zabaldu zen, hilketa, atentatu edo suizidio dudakorrak gertatzen zirenean. Pentsatzen bazen atentatu haien atzean polizia edo Frantziako Estatua egon zitezkeela, “barbouze-en metodoak” zirela erraten zen.

Hainbat gertakaritan aipatu da “barbouze-en lana” izan zela[5]:

  • Robert Boulin auzia: 1979ko urrian bortizki hil zen Laneko ministroa, ofizialki bere buruaz beste eginda. 2015ean ikerketa bat zabaldu zen, “atxiloketa, bahiketa eta heriotza eragin zuen atxikitzeagatik edo hilketagatik”. Hilketarengatik eta Versailleseko prokuradoreak hilketa izan zela ezkutatzearen hipotesiagatik aipatzen da “barbouze-en metodoa”[6].
  • Auriòu-eko hilketak: 1981eko uztailaren 19an, sei lagun erail zituzten Aurioùen (Rodanoren Ahoak departamendua), Ekintza Zibiko Zerbitzuko (SAC) Marseillako taldeko buruaren etxean. SACen barruko traizio susmo baten harira gertatu zen hilketa. Hilketa haren ondoren desegin zuten SAC, 1982an, “barbouze”-en bulegoa zelakoan[7].
  • Vincennes-eko irlandarren auzia: Vincennes-en bizi zen irlandar talde baten etxean armak eta lehergailuak aurkitu zituzten. Baina, Eliseoarentzat lan egiten zuten jendarme batzuei leporatu zitzaien armak eta lehergailuak ezarri izana etxe hartan, irlandarrak auzipetu ahal izateko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Trésor de la langue française informatisé
  2. Monneret, Jean. (1998). «Les « Barbouzes » Contre L’OAS» Guerre Mondiale et Conflits Contemporains, Nouveau Regard (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).
  3. Harrison, Alexander. (1989). Challenging de Gaulle: The OAS and the Counterrevolution in Algeria, 1954-1962. Praeger.
  4. Guibert, Vincent, 1976-. (2000). Les commandos Delta. J. Curutchet ISBN 2-912932-26-2. PMC 48951242. (Noiz kontsultatua: 2020-01-27).
  5. Perez, Jean-Claude.. (2006). Debout dans ma mémoire : tourments et tribulations d'un réprouvé de l'Algérie française. Dualpha ISBN 2-915461-96-1. PMC 75251644. (Noiz kontsultatua: 2020-01-27).
  6. Collombat, Benoît. (2009/10/27). «Le procureur était une barbouze» France Inter (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).
  7. Follorou, Jacques. (2006/8/1). «La tuerie d'Auriol : massacre chez les barbouzards» Le Monde (Noiz kontsultatua: 2020/1/27).