Barroeta dorretxea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Barroeta dorretxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaMarkina-Xemein
Historia eta erabilera
Eraikuntza

Barroeta dorretxea Markina-Xemeinen (Bizkaia) dagoen etxe gotortua da.[1]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Markina-Xemeindik Ondarroarantzko errepidea hartuta, herritik atera eta Xemeingo Arretxinaga auzoan ikusiko dugu, ageri-agerian, eskuin aldeko muino baten gainean.[2]

Dorreak ondoan San Joakin eta Santa Ana baseliza barrokoa du.[3][4][5] Gainera, Barroetako multzoan badaude harekin lotutako beste zenbait eraikin: Barroetagoiti, Barroeta-Arana, Barroetabeiti, Barroetabeña, Bauskain, Elorregi, Oxillain, Olazar eta Ortulaukua.[6][7]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barroeta dorrea, eskuin aldean San Joakin eta Santa Ana baseliza duela.

Gaurko dorrea XIV. mendetik XV. mendera artean eraiki zen, lehen egondako eta suntsitutako baten ordez, seguraski Pedro Galindez de Barroetaren (1395-1435) aginduz, leinu horretako lehenetakoa.[8] Ganboatarren aldekoak,[8] dorrea etxebizitza gotortu bezala eraiki zuten, inguruko jauntxoengandik, zein nekazariengandik babesteko (azken hauek, garai haietan, jaun feudalen botereari altxatzen hasiak baitziren).[2] XV. mende hasieran jabea Rodrigo Martinez de Barroeta zen.[9] Lope Gartzea Salazarren Bienandanças e fortunas idazlanean ageri denez, "En el año del Señor de 1417 pelearon los fixos de Lope Iñiguez de Marquina con los de Barroeta, que eran enemigos e vecinos,estando desafiados al pie de la torre de Barroeta, que fueron encerrados los de Barroeta, e murió de una saeta Lope de Marquina, fixo de Lope Iñiguez, e murieron otros de ambas partes, e otros feridos". 1470ean, jabea Maria Ruiz de Barroeta zen baina familia Etxebarriako Jauregi dorretxean bizi zen; urriaren 15ean, Ugartetarren leinu aurkarien aldekoek dorrea arpilatu eta erre zuten, bertako artxibo baliotsua hondatuz.[8] 1496 inguruan berreraikia izan zen.[9]

Barroetako jaunen diru iturri nagusiak basoen egur-ustiapenak, Oxillogineko ola eta errota, zubia,[7] Ondarroako portutik zetozen garraioen kontrolaren zati bat, eta batez ere Xemein eta Etxebarriko elizetako hamarrenak ziren.[5] Baliabide horiei, eta ezkontza-tratuei esker, Barroeta familiak ondare higiezin handia pilatu zuen.[2]

XVII. mendean erabilera militarra utzi eta Barroeta jauregi-etxebizitza erosoa bihurtu zen; leihoak ireki zitzaizkion eta etxe ondoko baseliza eraiki zen. XVIII-XIX mendeetan, berriz, jabeak Markinara bizitzera joan ziren eta dorrea errentan eman zuten, nekazaritza/abeltzaintzara bideratuz.[5]

1799 urtean dorrea Joakin Ugartetxeak hartua zuen, 558 errealeko errentarekin; Barroeta Etxetxikia zeritzona berriz, Juan Iruetak hartua zuen 372 errealetan. 1826an Joakin Ugartetxea bizi zen bertan. 1991 urtean Barroeta dorrearen jabea Jose Luis Gaitan de Ayala zen.[6]

Dorre honetan Fabiola Belgikako erreginaren aitona jaio zen.[10]

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dorrearen sarrera nagusia.

Gaur egun ikus daitekeen dorrea jatorrizkoaren aldean oso bestelakoa da. Hormen egiturari erreparatuz, ikus daiteke jatorrizko dorrea eraikin sendoa baina xumea izan zela, inguruneko materialekin egina.[2]

Helburu militarrek dorrearen egitura baldintzatu zuten: hormen lodierak (behean 1,62 m) eta gezi-leihoen estuasunak (egun barrualdekoak baino ez dira kontserbatzen, leiho modernoak gerora irekitakoak dira) barruko bizimodua aireztapen eta argiztapen urriarekin egingo zela adierazten dute. Dorre buruan zegoen urkamendiarekin (egurrezko egitura, gaur egun desagertua) batera, Barroeta defentsarako gotorleku egokia bihurtzen zuten.[2] Bere garaian arma-patioa izan zuen.[7]

Dorrearen egitura sinplea da, lauki formako oinarekin, eta lau isuriko teilatua. Bi sarrera arkudun ditu, bat kortan eta bestea lehen solairuan. Horma bat eroria eta berreraikia du, XVII edo XVIII gizaldian; sasoi berean solairu bat gehitu zitzaion, etxebizitza bezala erabiltzeko erosotasuna emanez.[9]

Gazta ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxeko ardiak.

Barroeta dorretxeko biztanleak (Txurruka-Ugartetxea sendia) gazta ekoizleak dira. Gaur egunean, gaztandegia dorretxearen ondoan dagoen eraikin berrian dago.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Torre de Barroeta. Ondarea. Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  2. a b c d e e.pdf «Barroeta dorrea (Markina - Xemein)» http://www.bizkaia.eus/ (Noiz kontsultatua: 2020ko urtarrilaren 2a).
  3. (Gaztelaniaz) «TORRE DE BARROETA en Markina - Xemein, Vizcaya» Clubrural.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  4. (Gaztelaniaz) «Camino Norte | Puntos de Interés Etapa 4» Pilgrim (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  5. a b c (Gaztelaniaz) San Joaquín y Santa Ana | Eleiz Museoa – Museo diocesano. (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  6. a b Zubikarai, Augustin. (1991). Markina Xemein II. Autoedizioa.
  7. a b c Markina-Xemein. (Noiz kontsultatua: 2020ko urtarrilaren 6a).
  8. a b c «Pagina nueva 1» www.euskalnet.net (Noiz kontsultatua: 2020-01-03).
  9. a b c «Torre de Barroeta» https://www.castillosdeespaña.es/ (Noiz kontsultatua: 2020ko urtarrilaren 3a.).
  10. «PALACIO DE URRIJATE» www.aspilza.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).
  11. «Barroeta» Hamen Bertokoa (Noiz kontsultatua: 2020-01-02).