Charles Trenet
Charle Trenet (Narbona, Frantzia, 1913 - Créteil, Frantzia, 2001) frantsesezko abeslaria, musikagilea eta poeta izan zen.
Bizitza [aldatu]
Bigarren mailako ikasketak Perpinyàn egin zituen, eta Berlingo (1928) eta Parisko (1930) arte-eskoletan ikasi zuen. Dekorazio-arteetan lan egitea zen Treneten asmoa. Joinvilleko zinema-estudioetan hasi zen lanean margolari gisa, eta aldi berean, abestiak idazten zituen. Johnny Hessekin bikote bat osatu zuen eta 1936. urtera arte aritu ziren elkarrekin; urte horretan Trenet soldadutzara joan zen.
Bitarte horretan abestiak idazten jarraitu zuen, horien artean Y'a d'la joie ospetsua. Abesti horrek berebiziko bultzada eman zion Treneten karrerari, eta Maurice Chevalierren laguntzaz debuta egin zuen Parisko kasinoan.
1938an sari bat eman zioten Boum abestiarengatik. Bere abesti askok poesia surrealistaren kutsua dute, eta munduaren bere ikuspegia erakusteko bidea dira. Bere ospeak mugak gainditu zituen; horren erakusgarri, La mer (1945) abestia Tokio irratiko sintonia gisa erabili izana. Milaka abesti eta eleberri ugari idatzi zituen, eta pinturan ere aritu zen. 1979an Arte eta Letretako Frantziako Saria lortu zuen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.