Farmazialari

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
XVI. mendeko farmazialaria

Farmazialaria farmakoen erabileran eta hauek giza gorputzean dituzten eraginetan aditua den osasun profesionala da. Farmazialariak farmazia bulego bat eraman, ospitale batean lan egin, ikerketan aritu edo farmako berriak garatu ditzake.

Antzinan, farmazialariak naturan aurkitzen ziren osagai aktiboetatik abiatuz ekoizten zituen medikamentuak. Gaur egun ordea, medikamentu gehienak modu sintetikoen ekoizten dira, naturan ezer bilatu beharrik gabe.

Farmazialariei herrialde batzuetan farmazia kimikari izena ematen zaie. Baina honek gaizki-ulertu batetara eraman gaitzake. Italian esaterako, bi titulazio desberdindu dituzte; Farmazian Lizentziatua eta Kimika Farmazeutikoan Lizentziatua.

Besteak beste, Farmazia Galenikoa, Farmakologia, Biofarmazia eta Farmakozinetika, Farmakodinamia, Fisikokimika, Toxikologia, Farmakoteknia, Biokimika, Mikrobiologia, Anatomia, Teknika instrumentalak eta Kimika Farmazeutikoa ikasten dituzte farmazialariek.

Betebeharra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farmazia bulegoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizionalki, farmazialariek farmazia bulegoak eraman izan dituzte. Bertan arreta indibiduala eskaintzen dute, gaixoei medikamentuak dispentsatzen dizkiete eta hauek izan ditzakeen eragin desiragaitzen berri ere ematen diete. Honen helburua farmakoen erabilera seguru eta eraginkorra ziurtatzea da. Honetaz gain, zenbait medikamentu ere ekoizten dituzte lokalean. Medikamentuen salmenta bi motatakoa izan daiteke:

  • Kasu gehienetan, medikamentuak dispentsatu ahal izateko osasun profesional baten (mediku, albaitari, odontologo...) errezeta beharrezkoa da. Farmazialariak ezingo du medikamentua dispentsatu gainera, gaixoak ez badu errezeta behar den moduan beteta ekartzen.
  • Beste medikamentu batzuek aldiz, ez dute errezeta beharrik eta beraz, edonork eros ditzake medikuaren baimenik gabe.

Farmazialariaren beste betebehar bat, gaixoak aholkatu eta zaintzea da. Horretarako medikamentuaren eragin desiragaitzen berri eman behar dio, elkarrekintza farmakologikoei buruz hitz egin, medikamentuaren onurei ahalik eta etekin handiena ateratzeko azalpenak eman eta zalantzarik egonez gero, hura argitu. Egoerak horrela eskatzen badu, farmazialariak gaixoa medikuarengana bidaliko du, farmazialariari egindako edozein kontsulta doakoa baita.

Larrialdi egoera batean, bihotzeko batean esaterako, farmazialariak medikamentua errezetarik gabe saldu edo administratuko luke. Jarduera hau zuzena da, baina ez guztiz legezkoa. Hau, dispentsazio etikoa bezala ezagutzen da.

Ospitale farmazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ospitale farmazian lan egiten duen farmazialari batek, ospitalean ingresatuta dauden gaixoentzat farmakoak ekoiztu eta administratzen ditu. Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan, ospitale batean lan egin ahal izateko Ospitale Farmazian Farmazialari Aditua titulua beharrezkoa da.

Farmazia ospitalean farmazialariek burutzen dituzten betebeharrak honakoak dira:

  • Medikamentuen logistika
  • Arreta farmazeutiko espezializatua: jaioberriak, zainketa berezietako gaixoak, larrialdietakoak, elikadura klinikoa, farmakozinetika klinikoa, toxikologia klinikoa...

Ospitale farmazietan ospitalean ingresatuta ez dauden gaixoei ere dispentsatzen zaizkie medikamentuak. Bertan farmazia bulegoetan dispentsatzen ez diren zenbait medikamentu baitaude. Horien artean daude adibidez, erretrobiralak. Hauek, HIESaren tratamenduan erabiltzen diren medikamentuak dira eta ospitale farmazietan bakarrik dispentsatzen dira.

Industria farmazeutikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farmazialariek duten beste betebehar garrantzitsu bat medikamentuen ekoizpena da maila handian. Industria farmazeutikoa gaur egun, munduan diru gehien mugitzen duenen artean dago. Izan ere, konpainia farmazeutikoek diru sarrera handiak izaten dituzte medikamentu baten patentea dutenean.

Industria farmazeutikoak bere gain hartzen dituen beste behar batzuk, krema kosmetikoen ekoizpena eta alergia sor dezaketen jakiteko substantzien analisia dira.

Ikerketa laborategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun farmako berrien ikerketa eta garapena asko eramaten den zerbaita. Lehen munduko gobernuek milaka gaixotasunei sendabidea aurkitzea lehentasun moduan hartu dute.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Farmazialari Aldatu lotura Wikidatan