Francis Poulenc
Francis Jean Marcel Poulenc (Paris, Frantzia, 1889 - 1963) musikagilea eta piano-jotzailea izan zen.
Bizitza [aldatu]
Ricardo Viñesekin egin zituen piano-ikasketak, eta ikasleak musikarako zuen gaitasuna ikusirik, Milhaud, Satie, Auric, Jean Cocteau, Casella eta beste musikagile batzuekin jarri zuen harremanetan. 1920. urtean harmonia-ikasketak egin zituen Koechlinekin, eta 1921. urtean Milhaudekin joan zen Vienara, eta Schoenberg, Berg eta Webern ezagutu zituen han. 1935. urtetik aurrera, Pierre Bernac baritonoaren piano-jotzaile izan zen, eta Europan eta Estatu Batuetan zehar ibili zen.
Poulencen musikan Debussy, Satie, Stravinski eta Ravelen eragina nabaria da. Les Six taldeko partaide izan zen, eta taldearen helburuak zintzoen bete zituena. Denetan erromantizismoaren kontrakoena, bromazaleena eta estilo aldetik soilena izan zen. Musikagile sentikorra, antiakademikoa eta etorri handikoa izan zen.
Kantu-bildumak argitaratu zituen, haien artean, Bestiaire (1919, Bestiarioa); Figure humaine (1945, Giza irudia) kantata; eliza-musika a cappella edo orkestrarako: Meza (1937); Litanies à la Vierge noire (Letaniak Ama Birjina beltzari); Quatre motets pour un temps de pénitence (Lau motete penitentzia-aldirako); Stabat Mater (1951).
Hiru opera idatzi zituen, pianorako lanak, haizezko tresnetarako lanak, sonatak biolin eta pianorako, kontzertuak piano bat edo bitarako, klaberako kontzertu bat.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.