Erik Satie

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Erik Satie
Erik Satie
Datu pertsonalak
Jaio 1866ko maiatzaren 17a
Honfleur, Calvados (Frantzia)
Hil 1925eko uztailaren 1a
Paris (Frantzia)

Erik Satie, benetako izenaz Alfred Eric Leslie Satie (Honfleur, Calvados, 1866ko maiatzaren 17a - Paris, 1925eko uztailaren 1a), musika konpositore eta pianojole frantziarra izan zen. Estilo sailkaezinekoa, bere garairako aurreratutzat jotzen da, serialismoa eta minimalismoa aldez aurretik iradoki baitzituen, geroago musika garaikidean ohikoa bihurtuko zen apurketa formal eta tonala hasiz. Musika-kontserbatorioan 40 urte zituela eman zuen izena, hainbat lanbidetan ibili ondoren, besteak beste, kabareteko musikagintzan. Lana zein bizitza bitxikoa izan zen. Erik Satie gisa sinatu zituen lan gehienak, batzuetan Virginie Lebeau ezizena erabili bazuen ere. Obra laburrak egin zituen, batez ere entzulea ez aspertzeko aitzakipean.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hastapenak: Normandiatik Montmartrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Satieren jaiotetxea, Normandiako Honfleuren.

Lau urte zituela bere familia Parisera joan zen. Ama 1872an hil zenean, berriz, Honfleur jaioterrira bidali zuten bueltan, aiton-amonekin bizi zedin. Han jaso zituen bere lehen piano-eskolak.

1879an Parisko kontserbatorioan sartu zen, baina irakasleen kritika txarrek bultzatuta utzi omen zuen. 1885ean kontserbatorioan onartu zuten berriz, baina antzerako emaitza negatiboa eragin zuenez, zerbitzu militarra egitea erabaki zuen.

1887an Montmartre auzora bizitzera joan zen, non hainbat artista ezagutuko baitzituen, besteak beste, Patrice Contamine, Stéphane Mallarmé eta Paul Verlaine. Garai hartan hasi zen haren Ogives, Gymnopédies eta Gnossiennes izeneko konposizio ezagunak sortzen.

Suzanne Valadon, Satieren marrazkian.

1893an amodiozko erlazio bat hasi zuen Suzanne Valadon margolari inpresionistarekin. Satie berarekin obsesionatu egin omen zen. Valadonek Satieren erretratu bat margotu zuen; alabaina, sei hilabete ondoren, musikagilea utzi egin zuen. Berarekin izan zen bitartean Danses Gothiques delakoak sortu zituen. Suzanne Valadonekin eduki zuena izan zen Satieri ezagutzen zaion amodiozko erlazio bakarra.

Urte berean Maurice Ravel euskalduna ezagutu zuen, baita haren lehen konposizioengan dezente eragin ere. Halaber, Vexations lana sortu zuen, bere heriotzara arte ezezagun mantendu zena, eta gutun eta idazki anitz idatzi zituen, batez ere erlijioa eta artearen ingurukoak.

Kabareteko urteak Arcueilen[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1897an, diru-arazoak zirela eta, pisu txikiago batera joan behar izan zuen. Bi urte geroago, eta arrazoi berdinak zirela medio, Parisko aldirietara bizitzera joan behar izan zuen, Arcueilera, hain zuzen. Esaten da oinez egiten zituela egunero Parisko erdigunerako zeuden 10 kilometroak, tranbien beldur zelako. Kabareteko piano-jotzaile gisa lan egin zuen garai horretan. Kabareterako hainbat konposizio egin zituen, geroago arbuiatu bazituen ere. Lan serio gutxi egin zituen kabaretean ari zen bitartean, salbuespen gutxi batzuekin, esaterako, Jack in the Box edo Geneviève de Brabant.

1905eko urrian, askoren harridurarako, kontserbatoriora bueltatzea erabaki zuen, kontrapunto klasikoa ikasteko. Parisko Schola Cantorumean bost urte eman zituen.

Arrakasta apala eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1912an pianorako konposatu zituen umore-pieza laburrek dezenteko arrakasta eduki zuten; anitz publikatu zituen, adibidez, Véritables Préludes flasques (pour un chien), Vieux sequins et vieilles cuirasses, Embryons desséchés, Descriptions Automatiques edo Sonatine bureaucratique. Lan hauen partiturak hainbat iruzkinez hornitzen zituen.

Garai hartan artista gehiago ezagutu zituen: Jean Cocteau, Pablo Picasso, Georges Braque, Tristan Tzara, Francis Picabia... Batzuekin laneko harremanak eduki zituen; Picabiarekin batera, esaterako, ballet bat konposatu zuen.

1925ean hil zen. Bere logelan argitaratu gabeko lan anitz topatu ziren.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pianorako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gymnopedie I, lent et douloureux.
  • Ogives I, II, III, IV (1886)
  • Gymnopédies I, II, III, IV, V, VI, VII (1890)
  • Gnossiennes I, II, III, IV, V, VI, VII (1890)
  • Vexations (1893)
  • Pièces froides - trois airs à fuir (1897)
  • Pièces froides - trois danses de travers (1897)
  • Deux rêveries nocturnes
  • Prélude de la porte héroïque du ciel (1897)
  • Jack in the Box (1899)
  • Trois Morceaux en forme de poire (1903)
  • Le Picadilly (1904)
  • Prélude en tapisserie (1906)
  • 4 Préludes flasques (pour un chien) (1912)
  • Vieux Sequins et Vieilles Cuirasses (1913)
  • Embryons desséchés (1913)
  • Les 3 valses distinguées du précieux dégoûté (1914)
  • Avant-dernières pensées (1915)
  • Sonatine Bureaucratique (1917)
  • Nocturnes I, II, III, IV, V (1919)
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erik Satie Aldatu lotura Wikidatan