Francisco de Orellana
Francisco de Orellana (Trujillo, Caceres, Espainia, 1511 - Amazonas ibaia, Amerika, 1546) konkistatzailea izan zen. Peruko konkistan ibili zen Pizarrorekin batera.
Pizarrok Quitotik ekialdera zeuden lurraldeak aurkitzeko asmoz prestatu zuen espedizioko kide izan zen. Espedizioak hirurogei egun egin zituen noraezean, eta atzera egin behar izan zuen; orduan Pizarro eta haren gizonak iparralderantz abiatu ziren, Coca eta Napu ibaietan gora, eta Aguarico eta Curaray ibaiek bat egiten duten lekuan zer jan ez zutela geratu ziren. Pizarrok jatekoaren bila joan zedila agindu zion Orellanari; 1542ko otsailean abiatu zen, ez ordea jatekoaren bila, Ipar Itsasoaren bila baizik, Pizarro eta espediziokideak han utzita. Zazpi hilabeteren buruan Amazonasen bokalera iritsi eta Venezuelara jo zuen. Espainiara joan zen, eta agintariek Amazonas inguruan aurkitutako lurraldearen gobernari izendatu zuten.
1545ean itsasoratu zen San Lucar de Barramedan Amazonastik Quitora joatekoa zen espedizioa, Orellana buru zuela; Amazonasa iritsi zirenean gizon eta ontzi ugari galdu zituen, eta bera ere hil zen, manaos indiarren lurraldean.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.