Francisco Pizarro

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Frantzisko Pizarro

Francisco Pizarro, garaiko grafiaren arabera Françisco Piçarro, (Trujillo, Espainia, 1478ko martxoaren 16a - Lima, Peru, 1541ko ekainaren 26a) Espainiar Inperioaren zerbitzura jardun zuen esploratzaile eta konkistatzaile bat izan zen.

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Pizarro Extremadurako Trujillo hirian jaio zen, 1478ko martxoaren 16an. Gonzalo Pizarro zaldunaren eta Francisca Gonzalez Mateos nekazariaren berezko semea zen. Haurtzaro gogorra eta behartsua izan zuen; zerriak zaintzen lan egin zuen. Ez zen eskolara joan, eta, horrenbestez, ez zekien idazten, ez irakurtzen.

Gaztarora heldu zenean, Gonzalo Fernandez de Cordoba Kapitain Handiaren Italiako kanpainan (1498-1501) parte hartu zuen, bere aitarekin batera.

Lehen urteak Ameriketan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1502an Ameriketara heldu zen, Hispaniolako gobernatzaile berri Nicolas Ovandoren espedizioan.

Izaera gogorrekoa, Alonso Ojedaren espedizioan parte hartu zuen, Erdialdeko Amerika eta Kolonbia esploratzeko. Geroago, Vasco Nuñez de Balboaren espedizioarekin batera, Ozeano Barea aurkitu zuen europarrentzat, 1513an.

1524ean, Diego Almagro eta Hernando Luquerekin bat egin zuen, Peruko Inka Inperioa konkistatzeko. Urte berean eta 1528an egindako saiakerak porrot egin zuten, baina urrezko pieza asko aurkitu zituztenez hirugarren aldiz saiatzera animatu ziren.

Panamako gobernadoreak, ordea, ez zuen beste espedizio bat finantzatzeko asmorik. Hala, bada, Pizarro Espainiara itzuli zen, 1529an, Karlos V.a enperadoreri laguntza eskatzeko. Laguntza ez ezik, espedizioaren buruzagitza, gobernadore titulua eta beste hainbat sari irabazi zituen, eta bere bazkideekin arazoak sortuko zizkion horrek.

Peruren konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1513an Perura heldu zen. Une hartan, Atahualpa eta haren anaia Huascar gerra zibila egiten ari ziren elkarren aurka. Pizarro inka lurraldean barneratu zen, eta, bake promesa faltsuak eginda, Atahualpa atxilotu zuen 1532an. Urre eta zilarrezko erreskate itzela kobratu ondoren, Atahualpa hilarazi zuen.

Ondoren, Huascarren aldeko nobleen aliatu eginda, Peru ia erresistentziarik gabe konkistatu zuen. 1533an Cusco, Inka Inperioko hiriburua, okupatu zuen, eta bere anaia Juan hango erregidore izendatu. 1535ean Ciudad de los Reyes sortu zuen, gerora Lima izena hartuko zuen hiria.

Espainiarren arteko gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almagrok, Pizarroren bazkide ohiak, Cuscok berea izan behar zuela iritzita, hiria hartu eta Pizarroren bi anaiak —Juan eta Gonzalo— espetxeratu zituen. Francisco Limatik etorri zen, eta hitzarmena sinatu zuen Almagrorekin, zeinak Txileko bidea hartu zuen.

Espedizio hark porrot egin ondoren, Almagro Cuscoz berriro jabetzen saiatu zen. Pizarrok ere arazoak zituen Liman, inka matxinatuak hiria setiatzen ari baitziren. Pizarrok inken etsai ziren etniekin zituen hitzarmenei esker, inkak garaitu zituen.

Bitartean, Almagrok Hernando eta Gonzalo Pizarro atxilotu zituen, eta, Pizarroren ordezkari Alonso Alvarado garaitu ondoren, 1537an Pizarrorekin beste bake hitzarmen bat sinatu zuen.

Bakealdi laburra izan zen: 1538an, bi alderdiak berriro borrokatu ziren. Almagro garaitua eta atxilotua izan zen, uztailaren 8an exekutatu zuten. Hala ere, Almagroren aldekoak haren seme Diegoren inguruan bildu ziren, eta 1541eko ekainaren 26ean Pizarroren Limako jauregian sartu eta hil egin zuten.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francisco Pizarro Aldatu lotura Wikidatan