Ghassan Kanafani

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ghassan Kanafani

Ghassan Kanafani (arabieraz, غسان كنفاني) (Akre, Palestinako Britaniar Mandatua, 1936ko apirilaren 9a - Beirut, Libano, 1972ko uztailaren 8a) palestinarren aldeko ekintzailea eta idazle palestinarra izan zen. Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen sortzaileetako bat izan zen eta Al-Hadaf egunkariaren erredaktoreburua. Sei eleberri, hainbat antzerki-bilduma, hiru antzezlan eta hiru literatura-saiakera idatzi zituen. 1972an, Mossadek hil zuen Beiruten (Libano), bonba-autoarekin egindako atentatu batean, Ghassanek 36 urte zituela.[1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ghassan Kanafani Akren jaio zen 1936ko apirilaren 9an, klase ertaineko familia kurdu batean. Bere aita abokatua zen eta sunia erlijioz, eta eskola frantses batzuetan maisu ibilitakoa. Ghassan oso gaztea zela, familia osoa mugitu zen Haifara, baina 1948ko hondamendiaren ondorioz erbestera jo behar izan zuen, Libanoko hegoaldera lehenbizi eta Damaskora (Siria) gero, han behin betiko gelditzeko. Damaskon egin zituen bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko literatura ikasketak. 1952an UNWRAren irakasle titulua eskuratu zuen.[2] Urte berean, Damaskoko Unibertsitateko Arabiar Filologiaren sailean sartu zen, eta "Arraza eta erlijioa literatura sionistan" izeneko tesia idatzi zuen. Damaskoko egonaldian hasi zen halaber bere jarduera politikoa, Mugimendu Nazionalista Arabiarra (MNA) delako erakunde panarabistan sartu baitzen.

1955ean, MNAn egindako jarduera politikoen ondorioz, Damaskotik kanporatu zuten, eta Kuwaitera joan zen bizitzera. 1960 arte maisu izan zen. Kuwaiten egon zen bitartean, Kanafanik bere konpromiso politikoa sendotu zuen, eta MNAren Al-ra'i egunkariko editore izan zen. Kuwaiten hasi zuen Kanafanik bere literatura-ibilbidea kontakizun laburrak idatziz.

Ghassan kanafani PAHFaren prentsaurreko batean

1960an, George Habash bere tesi-zuzendari ohiak konbentzitu zuen Beirutera joan (han gelditu[3] zen betirako) eta MNAren Al-hurriyya egunkari ofizialaren lantaldean sar zedin. 1961ean, Anni Høver danimarkar ekintzailearekin ezkondu zen[4]. 1962an klandestinitatean sartu zen. Hurrengo urtean, 1963an, Al-muharrir egunkariko erredaktoreburuaren kargua hartu zuen, bai eta Filistin igandekariaren editore ere. Urte horretan bertan idatzi zuen bere lehen nobela, txalotuena: Riŷāl fī-š-šams (رجال في الشمس, Gizonak eguzkitan).

1967an jarduera politikoekin jarraitu zuen, eta Libanoko Al-anwar aldizkariaren igandeko gehigarriaren erredaktore-buruaren postua hartu zuen. Garai hartan Palestinaren Askapenerako Herri Frontearen fundazioan parte hartu zuen (MNAtik sortutako adar marxista-leninista) eta nazioarteko bozeramailea ere izan zen[5]. 1969an, Al-anwar aldizkariaren editore izateari utzi zion, mugimenduaren Al-Adaf astekaria sortzeko.[6]

1972ko uztailaren 8an, Israelgo Mossad inteligentzia-zerbitzuak Kanafani eta haren iloba Lamis hil zituen bonba-auto batekin. Hil ondoren, Kanafani herri palestinarraren ikono bihurtu zen, eta haren urteurrenaren eguna, apirilaren 9a, bere bizitza eta obra gogoan hartzeko eguna bihurtu da.

Literatura-lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

36 urte zituela hil zen arren, Kanafani autore emankorra izan zen[7]. Lau eleberri oso idatzi zituen (eta hiru bukatu gabe utzita), berrogeita hamazazpi kontakizun labur (lau bildumatan bilduak), hiru antzerki-lan oso (eta bat osatu gabea), hiru literatura-saiakera eta kazetaritza-artikulu ugari. Kanafaniren lanaren gaiak galdera hauek planteatzen ditu (eta erantzunak ematen saiatzen da): nortasun palestinarra, galdutako aberria (eta lurra), errefuxiatuen egoera edo kontzientzia indibiduala eta kolektiboa hartzea. Hala ere, Kanafaniren lanak Palestinako egoeraren mugak gainditzen ditu, eta iraganeko zoriona, immigrazioaren drama edo denboraren eta memoriaren arteko harremana ageri dira bere lanetan, besteak beste.

Baina gai bat besteen artean nabarmentzen bada, Palestinako nazioaren eraikuntza narrazioaren bidez egitea da. Kanafaniren lana ez da, beraz, bere garaiko kronika edo herri palestinarraren egoera salatzeko modu bat soilik.

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • riŷāl fī-š-šamṣ, (رجال في الشمس, Gizonak eguzkitan[8]). Beirut, 1963.
  • ma tabaqq'ā lakum, (ما تبقّى لكم, Geratzen zaiguna). Beirut, 1966.
  • umm sa'd, (أم سعد, Umm Sa'd). Beirut, 1969.
  • `ā'id il'ā Hayfā, (عائد إلى حيفا, Haifara itzultzea). Beirut, 1970.

Antzerki lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • al-bāb, (الباب, Atea). Beirut, 1964.
  • al-qubba'a wa-al-nabī, (القبعة والنبي, Kapela eta profeta). Beirut, 1973.
  • ŷisr il'ā al-abad, (جسر إلى الأبد, Zubia eternitaterantz). 1978.

Kontakizunen bildumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • mawt sarīr raqam 12. (موت سرير رقم 12, Heriotza 12 zenbakiko ohe batean). Beirut, 1961.
  • arḍ al-burtuqāl al-ẖazyn, (أرض البرتقال الحزين, Laranja tristeen lurraldea). Beirut, 1963
  • 'aalām laysa lanā, (عالم ليس لنا, Gurea ez den mundu bat). Beirut, 1965.
  • 'an ar-riŷal wa-al-banādiq, (عن الرجال والبنادق, Gizonez eta errifleez). Beirut, 1968.
  • al-qamīs al-masrūq wa-qiṣaṣ ujr'ā, (القميص المسروق وقصص أخرى, Alkondara lapurtua eta beste historia batzuk). 1982

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]