Gutenberg Museoa

Koordenatuak: 49°59′59″N 8°16′31″E / 49.9997°N 8.2753°E / 49.9997; 8.2753
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gutenberg Museoa
Kokapena
Estatu burujabe Alemania
Alemaniako estatua Renania-Palatinatua
HiriaMainz
Koordenatuak49°59′59″N 8°16′31″E / 49.9997°N 8.2753°E / 49.9997; 8.2753
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1900
Inaugurazioa1962ko ekainaren 23a
Izenaren jatorriaJohannes Gutenberg
Kontaktua
HelbideaLiebfrauenplatz 5
Webgune ofiziala

Gutenberg Museoa (alemanez: Gutenberg-Museum) munduan arte grafikoetako museorik antzinakoenetakoa da eta Mainz hiriko alde zaharrean dago, Alemanian, justu katedralaren aurrean. Johannes Gutenberg-en izena darama, berau metalezko letra-tipo higikorrez egindako inprimategiaren asmatzailea. Museoaren bildumetan inprimatzeko ekipoak daude, eta kultura askotako material inprimatuen adibideak.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lagun talde batek sortu zuen museoa 1900ean, Johannes Gutenberg jaio eta 500 urtera, asmatzailea ohoratzeko eta haren lorpen tekniko eta artistikoak publiko orokorrari aurkezteko asmoarekin. Era berean, sortzaileek helburua zuten museoan ahalik eta kultura desberdinen idazlanak eta inprimatze-lanak erakustea.

Editoreek, inprimatze-makinen fabrikatzaileek eta inprimatzaileek dohaintzan eman zituzten liburuak, aparatuak eta makinak, eta hasieran horiek izan ziren bildumaren oinarria. Lehen urteetan museoa hiriko liburutegiaren parte izan zen eta, hori zela-eta, liburutegiaren bilduma zabalaren liburukirik eder eta bereizgarrienak museoan erakusten ziren. Era horretara, bisitariei begien bistan jarri zitzaien liburu inprimatuaren 500 urteko historia. Denborarekin, museoa zabaldu egin zen, atal gehiagorekin, hala nola inpresio-teknikak, arteari buruzko liburuak, lan inprimatuak eta ex libris direlakoak, grafikoak eta posterrak, papera, idazkuntzaren historia munduko kultura guztietan eta artista modernoen liburuak.

Hasieran Gutenberg Museoa Kurfürstliches Schloß, Mainzko Hautesleen Jauregiko bi gelatan erakusteko diseinatu zen, zeinak hiriko liburutegia ere hartzen zuen. 1912an museoa liburutegi berrira aldatu zen, Rheinallee-n. 1925ean museoan ezarri zen Gutenbergen lantegiaren erreplika bat, eta laster berau bihurtu zen museoaren atrakziorik handiena. Handik aurrera, museoak modu bisualean erakuts zezakeen letratipoak zelan diseinatzen diren, berauek zelan antolatzen diren testuak osatzeko, eta hauek zelan inprimatzen diren. Gutenbergen inprentaren erreplika, XV. eta XVI. mendeetako xilografien arabera berreraikia, interes handiko objektu bilakatu zen bisitarientzat, eta, ordutik aurrera, erakusketa ugari egin ziren mundu osoan.

1927an museoa Zum Römischen Kaiserrera (1664) lekualdatu zen, Mainzko eraikin ederrenetako bat. Bertan daude orain museoaren administrazioa, zaharberritze-lantegia, liburutegia eta Gutenberg elkartea. 1945ean Errenazimendu berantiarreko eraikina bonbardatu egin zuten; museoaren edukiak ez zuen kalterik izan, aurrez leku seguru batean gorde zuten-eta. 1962an amaitu zuten Römischer Kaiser zaharberritzen. Erakusketarako eraikin berri eta moderno bat ere inauguratu zuten, behinola König von England apopilo etxe zaharra zegoen lekuan.

Erosketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo urteetan museoak hainbat erosketa garrantzitsu egin zituen, horien artean Gutenbergen bigarren Biblia bat, Shuckburghen Biblia bi liburukitan (1978), eta bi bloke-liburu, egurrezko formekin inprimatutakoak, gaur egun oso arraroak direnak. Beste aldaketa garrantzitsu bat 1989an egin zen, museoaren hezkuntza unitatea sortu zenean. 2000. urtean, museoaren eraikin zaharra zaharberritu eta handitu egin zuten.

Erakusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ex libris bilduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutenberg Museoaren ex libris direlakoen bilduma Alemaniako Errepublika Federaleko bilduma publikorik osatuena da, eta munduko inportanteenetako bat. Bilduma XX. mendearen erdialdean hasi zen, dozena batzuk ex libris dohaintzan jasota, eta izugarri hazi zen 1963an Willy Troppek, garaiko ex libris bildumagile garrantzitsuenetako batek, 50.000 ex libris inguru eman zituenean. Bildumak fama on eta txarreko jendearen ex libris aleak ditu, hala nola, Charles Lindbergh, Albert Einstein, Charles Dickens, Franklin D. Roosevelt eta Adolf Hitler-enak. Gaur egun, 100.000 ex libris inguru ditu bildumak.[2]

Inprimatutako grafikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutenberg Museoak inprimatutako grafikoen bilduma zabala du, biltzen dituena inprimatzaileen irudikapenak eta ilustrazio teknikoak, baita hainbat teknika irudikatzen dituzten artisten inpresioak ere. Museoko erakusketa iraunkorren hainbat puntutan jarrita, bildumak gordetako milaka kopia ere baditu, museoari hitzordua eskatuta ikus daitezkeenak.[3]

Inprimategi txikiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mainzer Minipressen-Archiv literatura lanen artxibo bat da, inprimategi txikietan eginak, eta gutxitan onartzen direnak liburutegi nagusietan. Bildumetan Europa osoko inprimategi txikien liburuak, aldizkariak, bideoak, kartelak, bolanteak eta liburuxkak daude.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Gutenberg-Museum Mainz: Welcome» www.gutenberg-museum.de (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  2. «Gutenberg-Museum Mainz: Collection» www.gutenberg-museum.de (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  3. «Gutenberg-Museum Mainz: The graphics collection» www.gutenberg-museum.de (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).
  4. «Gutenberg-Museum Mainz: Small presses» www.gutenberg-museum.de (Noiz kontsultatua: 2019-10-20).

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]