Harreman arriskutsuak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Harreman arriskutsuak
LiaisonsDangereuses X.jpg

1796ko edizioaren ilustrazioa

Egilea Pierre Choderlos de Laclos (1782)
Generoa Eleberria
Datuak
Jatorrizko izenburua Les Liaisons dangereuses
Urtea 1782ko martxoaren 23
Argitaratzailea Durand-Neveu (1782ko martxoaren 23)
Herrialdea  Frantzia
OCLC 38329978
Euskaraz
Izenburua Harreman arriskutsuak
Itzultzailea Jon Muñoz Otaegi
Argitaratzailea Ibaizabal (1997)
Bilduma Literatura Unibertsala
Orrialdeak 533
ISBN ISBN 8483250403

Harreman arriskutsuak (frantsesez: Les Liaisons dangereuses, le ljɛ.zɔ̃ dɑ̃.ʒə.ʁøz ahoskatua) Pierre Choderlos de Laclosek 1782 urtean argitaratutako eleberria da. Gutunez osatutako liburua da. XVIII. mendean, bi noble frantsesen arteko lizunkeriak kontatzen ditu. Sekretuak, gezurrak, xantaia, sexua eta laguntasun oso arriskutsu batzuk. Literatura frantsesaren maisulan bat da.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Merteuilko markesak eta Valmont bizkondeak, aurretik maitaleak, bizi diren sozietate pribilegiatuarekin jolasten dute. Gutun bidez, beren konkistak eta amodioak kontatzen dituzte. Berak aurkariak izateaz gainera, lagunak ere badira, baina desberdinak dira. Valmont bizkondea gizonezkoa da, eta horregatik, lizuna izan daiteke ondoriorik gabe. Merteuilko markesari idazten dizkion gutunak beraren abenturen kontaketa baino ez dira. Markesak, ordea, ez du gizonaren askatasuna. Bizkondeari aurka egiteko bere abentura lizunetan, markesak zuhurkeriaren arma erabili behar du. Gizarte-estatusa (markesa da), ezkon-posizioa (alarguna da) eta sexua (emakumea da, gizonezkoen mundu batean) direla eta, beste teknika batzuk erabili behar ditu. Garaiko moralari jarraitu behar dio, behintzat irudi hori eman behar du.

Obraren sorbidea eta arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laclos 1779an hasi zen Harreman arriskutsuak idazten, Aix uhartean egon zen bitartean, eta 1781ean bukatu zuen, agintari militarrek eman zioten sei hilabeteko oporraldia bitartean, liburu horrek emango ziolakoan gerrak ukatzen zion aintza. Tillyko kondeak bere Oroitzapen Liburuan ematen du Laclosen asmoen eta iritzien herri, Laclosek herak esan zizkion hitzen bidez: «...inork entzungo ez zituen hil-eresi batzuk ondu eta irakurleen eta neronen onerako sekula inprimatuko ez diren neurtitzak idatzi ondoren, eta ez aitzinamendu handirik ez omen handirik ekarriko zidan lanbide bat ikasi ondoren, ohiko bidetik aterako zen liburu bat idaztea erabaki nuen, zarata handia egingo zuen liburu bat, ni hil ondoren haren oihartzunak lurraren gainean iraun zezan».

Harreman arriskutsuak, beraz, militar etsi eta gogaitu baten obra anbizio handikoa da, 1782an argitaratua, Durand argitaratzailearen etxean, lau liburukitan. Lehenengo argitaraldia 2.000 alekoa izan zen, eta berehala agortu zen. Handik gutxira, Durand jaunak heste argitaraldi bat egin zuen.

1782ko urte hartan bertan, jatorrizko argitaraldiaz eta bigarren argitaraldi zuzenduaz bestalde, liburuak heste zazpi argitaraldi izan zituen. 1784tik 1796ra, Laclos bizi zelarik alegia, beste hamabi argitaraldi egin ziren, haina Laclosek arestian aipatutako lehenengo biak baizik ez zituen onartu, eta beste guztiak gaitzetsi. Berehala nobela horrek sekulako arrakasta izan zuen, eta eskandalu handia sortu; haren oihartzunak zeharo gainditu zuen Laclosen itxaropena.

Eta agintariek haren aurka hartu zituzten neurriek areagotu baizik ez zuten egin liburuaren ospea.

Obraren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harreman arriskutsuak.png

Harreman arriskutsuak nobela psikologikoen obra aitzindaria da, gutun bidezko nobelen eta literatura libertinoaren ekarria bildu zituen, eta, intriga eta azpijokoa ardatz harturik, XVIII. mendeko emakumeen egoera salatu zuen, eta gizon-emakumeen arteko aginpidezko harremanetan sakondu.

Gaizkiaren eta azpijokoaren gaia -XVIII. mendeko nobelagintzan maiz agertzen dena- da Laclosek landu zuen alderdietako bat, bere pertsonaia nagusien kidetasun misteriotsuak elkarrekin egindako txikizioak dira nobela horren oinarria; ez dira, ordea, txikizio fisikoak, psikologikoak baizik, baina hargatik maiz eragiten dute biktimen etsipena, lur-jotzea eta heriotza. XVIII. mendeak, Argien eta Arrazoiaren mendeak, oso kontuan hartua zuen orobat eromenaren arazoa, eta interes horren lekukotasuna ageri da nobela honetan ere.

Harreman arriskutsuak nobelan erlijioaren itzala nonahi nabari da: erlijio katolikoko sakramentu batzuen, eta batez ere erlijiozko mintzairaren aipamena eta eragina. Ez bakarrik erlijioari atxikiak ageri diren pertsonaietan, baita libertinoengan ere, eta askoz harrigarriagoa eta eragingarriagoa da libertinoek erlijiozko mintzairaz egiten duten erabilera, deboziozko mintzairaren imitazioa, heren asmoen arabera trebe erabiltzeko. Nobelaren izenburuak berak ere deboziozko mintzairaren aipua dakar. Politikaren erretorika oraindik nagusitu ez zen garai hartan, galderak, errepikapenak eta sermoien erretorikak berezko dituen gisa horretako baliabideak Laclosek ezin hobeki erabili zituen. Kontuan hartzekoak dira, halaber, aitortzaren eta oliadurako sakramentuaren aipamen garbiak. Aitortzak eragina du gertakarien bilakaeran, eta pertsonaia batzuek berariaz erabiltzen dute beren probetxurako. Nobela horren oinarria den gutun bidezko harremana bera ere etengabeko aitortza baten gisara uler liteke. Erlijioari dagokionez, nobela honek kritika zorrotza egiten dio orobat erlijioa ardatz zuten garai hartako ohiturei eta batez ere emakumeen heziketari. Ironiaz eta erlijiozko mintzaira bere gisara erabiliz eta irauliz, Laclosek gogor kritikatu zuen erlijioaren itzala gailendua zitzaion eta, Frantziako Iraultzaren bezperan, gainbeheran zegoen gizarte hura, nahiz batzuetan erreparatua zion eta men egin zion mintzaira horren edertasunari.

Idazketa hera da nobela honetako pertsonaiak definitu eta gorpuzten dituena. Gutun bidezko nobela bat denez, pertsonaiek idatzi egiten dute, eta norberaren idazkeraren eta besteen idazkeraren arteko tirabirak, estiloak alegia, definitzen du pertsonaia bakoitza, idazketaren bidez kontatzen diren gertakariek, gogoetek eta asmoek bezainbat. Idazketarik ezak, egileak batzuetan ohartarazten duenez halako eta halako gutuna errepipenaren beldurrez edo interesgarria ez delakoan ez argitaratu izanak, nahiz gutun hori existitzen den eta pertsonaiek aintzat hartua duten, irakurlearen jakin-mina akuilatzen du, eta zehatz adierazita ez dauden gertaerak eta irtenbideak iradokitzen dizkio. Alde horretatik, aipagarria da, irakurlea konplize eginik, Laclosen nobelak duen gaurkotasuna eta modernotasuna.

Azpimarratzekoa da nobela horretan gutuna bera gertakizun bat dela eta hondamena dakarrela behin baino gehiagotan. Gutuna berez da arriskutsua, norbaiti adierazi nahi zaion baina beste norbaiti ezkutatu nahi zaion zerbaiten froga. Gutuna hilgarria da, gainera. Nobela horretan gutun diktatu asko dago, eta horrek baliabideak ematen dizkio idazleari; gutuna irakur lezake gutuna bidalia izan ez zaion beste norbaitek ere, eta gutunaren sinatzailea ez da beti izaten gutuna idatzi duen pertsona bera.

Pertsonaia-arketipoak sortu bainoago, Laclosek idazketa-arketipoak sortu zituen, eta, jakina, idaztankera horien arteko nahasketa egin zuen. Estiloen arteko kontrasteak edo errepikapenak efektu bereziak sortzen ditu, eta horretarako Laclosek bikain erabili zuen gutunen hurrenkera edo ordenamendua.

Azkenik, nobela honetako guztiz pertsonaia arauz kanpoko bat dago aipatu beharra: Merteuileko markesa; nobela osoan zehar hura da beti gertakizunen eragile eta sortzaile, eta jokabide hori ez dator inondik ere bat XVIII. mendeko gizarteak emakumeari utzia zion rolarekin (puntu horri dagokionez ,argigarria da Merteuileko markesak LXXXI. gutunean bere bizitzaz, bere pentsaeraz eta bere arauez egiten duen kontaketa).

Moldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinemarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Literaturako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Laurent de Graeve, Le mauvais genre, Éditions du Rocher, 2000
  • Camille de Peretti, Nous sommes cruels
  • Sarah K, Connexions Dangereuses, Parution : 2002

Berridatzia:

  • Manuel Puig (1932-1990), Boquitas pintadas (1969), Bartzelona, « Biblioteca de Bolsillo », Seix Barral, 1985
  • Heiner Muller, Quartett.

Telebistarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkirako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harreman arriskutsuak Aldatu lotura Wikidatan