Helicobacter pylori

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Helicobacter pylori
Sailkapen zientifikoa e
Domeinua: Bacteria
Filuma: Proteobacteria
Klasea: Epsilonproteobacteria
Ordena: Campylobacterales
Familia: Helicobacteraceae
Generoa: Helicobacter
Espeziea: Helicobacter pylori

Helicobacter pylori Helicobacter generoaren bakterio ezagunena da, giza patogenoa delako. Bakterio honek urdaileko zein duodenoko ultzerak (ultzera peptikoak) eta gastritis kronikoa, batik bat, eragiten ditu. Hala ere, bakterio honen eramaile osasuntsu asko ere badaude, gaixotasun gastrikoen arrastorik ez dutenak.

Mikrobio hau gai da urdaileko mukosetan bizitzeko, bertako azidotasun gogorrari (pH=2) aurre eginez. Bakterioak ureasa izeneko entzima ekoizten du, urea deskonposatzen duena, amoniako sortuz eta inguruko pH azidoa alkalino bihurtuz. Bakterioa, beraz, mikroingurugiro alkalino batean bizi da, urdaileko pH azidotik babestuta.

Berezitasun horretan oinarritzen da, hain zuzen ere, ultzera peptikoa duten gaixoengan bakterioa antzemateko teknika: arnasaren testa. Helicobacter pylori-k urea molekula karbono dioxido (CO2) eta amoniako bihurtzen duenez, gaixoak urea markatuta hartu ondoren botatako arnasan CO2 markatuta neurtzen da, ureasa egotearen adierazlea dena.

Gaur egun gastritis kronikoa eta ultzera peptikoaren tratamenduan Helicobacter pylori desagertarazteko antibiotikoak erabiltzen dira, urdaileko mukosaren babeslearekin batera. Hiru antibiotiko batera hartzen dira, amoxizilina, tetraziklina eta metronidazola erabilienak izanik.

XX. mendeko 80ko hamarkadan Robin Warren eta Barry Marshall patalogoek garbi frogatu zuten Helicobacter pylori ultzera peptiko gehienen eragilea zela, eta gaitz hori estresa edo elikadura ohituren ondorioa ez zela, ordura arte uste zen bezala. Ikerketa horiek 2005eko Medikuntzako Nobel Saria ekarri zieten aipatutako bi zientzilariei