Horoskopo
Horoskopoa zeruaren antolamenduaren berri ematen duen agiria da, une jakin batean Eguzkia, Ilargia, argizagiak, zodiakoaren zeinuak non dauden kokatuta erakusten duena. Orainaldiaz informazioa emateko eta etorkizunaz iragarkizunak egiteko erabiltzen da. Gizabanakoen horoskopoak egitean, astrologoek jaiotzaren une zehatza hartzen dute kontuan, astrologiako beste datuekin batera, pertsonaren izaera aztertzeko eta etorkizuna iragartzeko.
Astrologoen ustez, zeruko gorputz bakoitzak bere mitologia-izaera du, eta une jakin batean zeruko beste gorputzekiko duen kokagunearen arabera izaera hori aldatu egiten da. Unibertsoan dena harremanetan dagoenez gero, zeruko gorputzek eragina dute haur jaioberriarengan. Horoskopoak egiteko zerua 12 zulo (etxe) dituen biribil baten bidez irudikatzen dute astrologoek. Etxe horietako bakoitzari giza bizitzaren alor batzuk egozten zaizkio (osasuna, ezkontzako bizitza, haurrak, lagunak, heriotza). Etxe bakoitzean kokatzen den argizagiak eragina izango du etxe horri dagokion ataletan, onerako nahiz txarrerako. Sineskeria hauek harrera zabala dute, herrialde industrializatuenetan ere.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.