Iñigo López de Mendoza
Iñigo López de Mendoza Gaztelako idazlea izan zen (Carrión de los Condes, Palencia, 1398 - Guadalajara, 1458). Gaztelako poeta eta humanista nagusietako bat izan zen bere garaian. Arabar jatorriko familia noble batean sortu zen eta, Mendozatarren oinordeko nagusia zen aldetik, Joan II.a erregearen alde borrokatu zen gerra zibiletan, Alvaro de Luna-ren aurkaria zen arren, eta musulmanen aurka. Markes titulua eman zioten Olmedoko guduaren ondoren (1445). Kultura handiko gizona zen; gaztelaniaz gainera, galegoa, katalanera, frantsesa eta italiera menderatzen zituen, liburutegi bikaina osatu eta artea sustatu zuen. Gaztelaniara bihurtu zituen Homero, Virgilio eta Senekaren obrak, eta, Petrarka-ren ildotik, gaztelaniazko lehen sonetoak idatzi zituen. Herri literatura ongi ezagutzen zuen eta hamar serranilla edo herri kutsuko olerki liriko ondu zituen. Prosarako ere dohain bereziak erakutsi zituen olerki bildumari egin zion atarikoan: Carta Proemio al condestable don Pedro de Portugal.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.