Jean de La Fontaine

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jean de La Fontaine

Jean de La Fontaine (ʒɑ̃ də la fɔ̃tɛn ahoskatua; Château-Thierry, Aisne, Frantzia, 1621eko uztailaren 8 - Neuilly-sur-Seine, 1695eko apirilaren 13) alegilaria, poeta, eleberrigilea eta antzerkigilea izan zen. Egile moralistatzat da ezaguna gaur egun, nahiz eta bere garaian ez zuen bizimodu pertsonal eredugarririk izan.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Champagneko burges-familia batean sortu zen; gaztetandik ezagutu zituen literatura-areto eta -inguruak eta ordutik piztu zitzaion antzinateko idazle klasikoenganako joera, berezko imitazio-lan baten bidez. Ovidioren lanetan oinarritu zen Adonis heroi-poema idazteko (1658) eta Fouquet Frantziako finantza-arduradun nagusiaren ingurukoen artean bizi izan zen Vauxen, haren gainbehera arte (1661, Aux nymphes de Vaux, Vaux-ko ninfei, eresia idatzi zuen orduan).

Orléansko dukesarenean egon zen ondoko urteetan (1664-1672) eta berealdiko arrakasta izan zuten Bocacciok eta Ariostok erabilitako gai libertinoak hartuta moldatu zituen Contes et Nouvelles (1665, Ipuin eta Istorioak) bertso-kontakizunak.

La Fontaineren Alegiak liburuko Bi uso kontakizuneko irudiztatzea, Gustave Dorék egina.

1668an plazaratu zituen La Fontainek bere Fables (Alegiak) obra handiko lehen sei liburuak, eta beste bi bilduma eskaini zituen hurrengo urteetan (1678ko eta 1694ko argitaraldiak; hamabi liburu osotara). Fables La Fontaine helduaren lana da inondik ere; Esopok eta Fedrok erabilitako etxeko gaiak eredu harturik, animalien mundua langai bihurtu zuen giza munduko gorabeherak aurkezteko, eta, bigarren bildumatik aurrera, guztiz zorroztu zen mezu filosofikoa, Madame de la Sablièreren aretora inguratu ziren filosofoen eta hinduen jakituria zaharren eraginez. Fables obrak arrakasta handia izan zuen bere garaian, eta frantses literaturako maisulantzat hartua da ordudanik.

Joan Batista Artxu zuberotar idazleak (1848, La Fontaineren alegia berheziak, neurthitzez frantzesetik uskarara itzuliak) eta Leonce Goietxe lapurtar idazleak (1852, Fableac edo aleguiak) eman zituzten euskaraz La Fontaineren obra horretako alegietatik asko.

Idazlanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • L'Eunuque (1654)
  • Adonis (1658)
  • Les Rieurs du Beau-Richard (1659)
  • Élégie aux nymphes de Vaux (1661)
  • Ode au roi (1663)
  • Contes (1665, 1666, 1671, 1674)
  • Fables (1668, 1678, 1693)
  • Les Amours de Psyché et de Cupidon (1669)
  • Recueil de poésies chrétiennes et diverses (1671)
  • Poème de la captivité de saint Malc (1673)
  • Daphné (1674)
  • Poème du Quinquina (1682)
  • Ouvrages de prose et de poésie (1685)
  • Astrée (1691)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Jean de La Fontaine Aldatu lotura Wikidatan