José María Ruiz-Mateos

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

José María Ruiz-Mateos (Rota, Cádiz, Espainia, 1931ko apirilaren 11) espainiar enpresaburua da, RUMASA enpresaren jabea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikitan Jerez de la Fronterara aldatu zen familiarekin, eta hango Merkataritza Eskolan egin zituen merkataritza-irakasle izateko ikasketak.

1961ean, enpresa-talde bat sortu zuen, Rumasa (Ruiz Mateos Sociedad Anónima), eta enpresa haren nagusi gisa hasi zen ospea irabazten. Izan ere, 1967an Madrila aldatu zen, eta bultzada handia eman zion bere enpresari. Sortu eta handik hamar urtera, esaterako, bazituen 8 banku, 59 enpresa eta 15.000 langile, eta hurrengo hamarraldian ere (1971-1982) izugarrizko bilakaera izan zuen: Ruiz-Mateosen beraren arabera, 400 enpresa, 60.000 langile eta 100.000 akziodun. Espainiako enpresa pribatu handienetakoa izatera iritsi zen Rumasa.

1980ko hamarraldiaren hasieran, ordea, gorabeherak zituela zabaldu zen (200.000 milioiko zorra zuela esan zen), eta gobernuak jabetza kendu zion 1983an. José María Ruiz-Mateosek ihes egin behar izan zuen, eta, harrezkero, eztabaida eragin izan du beti, eta gogor eraso die erakundeei. Auzi ugari izan zituen: 1997an, merkataritza-agiriak faltsutzeaz salatu zuten, baina epaileak aske utzi zuen.

Ruiz-Mateosek bere inperioa, osorik ez bada ere, berreraiki egin zuen Nueva Rumasa izenarekin. 2011n, Nueva Rumasak hartzekodunen konkurtsoa prestatu zuen taldeko zenbait enpresarentzat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]