Jose Luis Saenz de Ugarte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Luis Saenz de Ugarte

Bizitza
JaiotzaGasteiz, 1933
Herrialdea Araba, Euskal Herria
HeriotzaGasteiz2022ko urriaren 30a (88/89 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakhistorialaria, kazetaria, argazkilaria eta espeleologoa
Enplegatzailea(k)Historiaren Errege Akademia
Naipes Heraclio Fournier
Lan nabarmenak

Jose Luis Saenz de Ugarte Ruiz de Lazkano (Gasteiz, 1933 - 2022ko urriaren 30a) argazkilari, espeleologo, kazetari eta historialari arabarra izan zen.[1][2][3]

Datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familiaren lehen abizena jatorriz Saenz de Ugarte Gabiria zen. Jose Luisen herenaitonaren garaian zati bat galdu zuten, eskribau batek laburtuta.[4]

Umetan Santa Maria katedraleko koruan aritu zen, tiple bezala.[5] "Agrupación Coral Manuel Iradier" taldearen sortzaileetako bat izan zen,[2] eta "Gasteizko" otxotea zuzendu zuen.[5]

María Concepción Menéndez Gil-ekin ezkondu zen, eta lau seme izan zituzten: Iñigo, Aitor, Jon eta Asier.[1]

Bere ibilbide profesionala Naipes Heraclio Fournier enpresan egin zuen, argazkilari industrial bezala.[4]

Espeleologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ibilbide espeleologikoa Manuel Iradier Txangolari Elkartean egin zuen. Elkartearen baitan Grupo Espeleológico Manuel Iradier (GEMI) sortuta zegoen, eta Jose Luis 1956an haiekin bat egin zuen; bere lehen lana Mairuelegorreta errebisatzea izan zen, haren potentzial handia baieztatuz, hurrengo etorriko ziren esplorazio handiei bidea irekiz. Badaia, Arkamo, Entzia eta bestelako mendizerren prospekzioan ere gogotik aritu zen taldekideekin, eta hainbat aurkikuntza ere egin zituen, besteak beste Guaran (Asparrena), Basotxo (Egino), Aratz (Araia), Cueva del Moro (Atauri), Trinidad (Gillarte), Eratxeta eta Euskalduvezna (sic) (Legutiano / Leintz Gatzaga), Goba Grande de Atadoy, Pozos de Lendia, Los Goros, Covachón de los Gentiles, Obenkun, Santa Ageda, Grajos (Arkamo).[6] Luis Heintzek Gesal kobazuloan eginiko esplorazioaren 50. urteurrenean, bertan eginiko errebisio lanetan ere izan zen.[7]

Mairuelegorretan eginiko hainbat esplorazio saiotan parte hartu zuen, GEMIkoek eginiko aurkikuntzeko Espainiako kobazulorik luzeenetako bat bihurtu zuen garaian. 1959an istripu bat gertatu zen bertan; Saenz de Ugarte han zegoen, eta zaurituari eginiko lehen sorospenetan parte hartu zuen Julio Arbosarekin batera; erreskate lanek bi egun iraun zuten.[8] Istripu honen ondorioz Jose Luisek lurpeko esplorazioak uztea erabaki zuen, gazteagoei zekiena irakatsiz[4] eta aurrerantzean mendiaren “kanpo aldean” jardun zuen.

Garai honetan hasi zen espeleologiari buruzko kronikak idazten; El Pensamiento Alavés egunkarian argitaratzen zituen "Badaya" ezizenarekin sinatuz.[6]

Kazetaritza eta idazletza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondoren, kazetaritza ibilbidea jarraitu zuen hainbat komunikabidetan. Radio Vitorian, kultura dibulgazio saioetan parte hartu zuen.[3] 1963 eta 1967 artean, ibilbide artistikoei buruzko artikuluak idatzi zituen Manuel Iradier Txangolari Elkartearen buletinean eta "Celedón" eta "Gasteiz - Vitoria" aldizkarietan. Besteak beste: La Vida de la Escolanía de Tiples de Vitoria, Don Dimas Sotés Orralde, fundador-director de la Escolanía, José Fresco y la Banda de música Santa Cecilia de Vitoria, En torno al nacimiento del Padre Olabide, S. J., Semblanza biográfica de José Fresco, Historia de la revista Celedón y Semblanza biográfica y obra literaria de Don Herminio Madinaveitia.[5]

1965tik aurrera bere memoriak idazteari ekin zion, eta hainbat liburu mardul utzi ditu argitaratu gabe.[4]

1983an "Álava, pueblo a pueblo" izeneko liburua argitaratu zuen.[5]

Lantokian ezagutu zuen Heraclio Alfaro Fournierren historia, abiadore, injeniari eta asmatzailea, eta Felix Alfaro anaiak emaniko informazioarekin haren biografia idatzi zuen; 1993an argitaratu zuen "Heraclio Alfaro. Aviador, Inventor, Ingeniero Aeronáutico".[2] Idazlan horren bertsio luzeagoa eta 600 irudiz hornitua 2020ean atera zuen, Jesus Sagastuirekin ("Heraclio Alfaro Fournier, Biografía de un vitoriano pionero de la aviación").[9]

Espainiako Historiako Errege Akademiaren aginduz, Arabako musikari eta pintoreen biografiak egin zituen Diccionario Biográfico Español argitalpenerako.[3]

Bernardo Estornés Lasak zuzendutako Euskal Herriko entziklopedia orokor ilustratuan hainbat artikulu eginak ditu.[3]

Bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970ean, "Zilarrezko Perretxiko" argazki saria irabazi zuen San Prudentzio jaietan.[2]

"El Correo" izparringian musika klasiko kontzertuei buruzko iruzkinak egin izan zituen. Gai beraren gainean, irrati publikoan ere kolaboratzaile gisa aritu zen.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Esquela del Sr. D. Jose Luis Sáenz de Ugarte Ruiz de Lazcano. Vitoria-Gasteiz 2022-11-02.
  2. a b c d e «Fallece el cronista vitoriano José Luis Sáenz de Ugarte» El Correo 2022-10-31.
  3. a b c d Txema G. Crespo. (23 de enero de 2006). De la crónica local a la biografía. .
  4. a b c d Oier Gorosabelek eginiko elkarrizketa, 2015ko irailaren 17an (argitara gabea)
  5. a b c d «Sáenz de Ugarte Ruiz de Lazcano, José Luis - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-16).
  6. a b SAENZ DE UGARTE, José Luis. Memoriak (argitaratu gabea). Espeleologiari buruzko atala.
  7. (Gaztelaniaz) Fariña, Jaime. «Sima y Cueva del Portillo de Guesal (Maeztu - Álava) / por Jaime Fariña y Armando Llanos» catalogo.sanchoelsabio.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-15).
  8. Larrañaga, Oier Gorosabel. (2015-01-01). «ACCIDENTE EN MAIRUELEGORRETA 1959» Karaitza (Noiz kontsultatua: 2024-04-15).
  9. (Gaztelaniaz) BIOGRAFÍA DE HERACLIO ALFARO FOURNIER. https://realaeroclubdeespaña.org/.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]