Jules Romains

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Jules Romains

Jules Romains (Jaiotza-izena: Louis Farigoule) frantses idazlea (Saint-Julien-Chapteuil, Haute-Loire, 1885 - Paris, 1972). Unanimismoaren dotrina ezagutarazi zuen XX. mendearen hasieran, norbanako-multzo batek arima komuna duelako ustea. Garai hartan argitaratu zituen L´âme des hommes (1904, Gizakien arima) eta La vie unanime (1908) poesia-bildumak. Unanimismoaren gaia erabili zuen, halaber, Odes et prières (1913, Odak eta otoitzak) poesia-bilduman, Mort de quelqu´un (1911, Baten heriotza) eta Les copains (1913, Adiskideak) eleberrietan. Arrakasta handia lortu zuen, aldi berean, antzerkirako prestatu zituen lanekin: Monsieur Le Trouhadec saisi par la débauche (1923, Gehiegikeriak bultzatutako Trouhadec jauna) eta, batez ere, Knock ou le triomphe de la médecine (1923, Knock edo medikuntzaren garaipena). Handik aurrera, bere bizitzako lanik handiena idazten hasi zen, 27 liburukitan bildu zuen Les hommes de bonne volonté (1932-1956, Borondate oneko gizakiak) literatura-lana. Obra horretan xehetasun handiz deskribatzen du bere garaiko frantses gizartea. Bere bizitzako azken urteetan, ohiturazko eleberri multzo bat idatzi zuen: Une femme singulière (1957, Emakume berezia), Le besoin de voir clair (1958, Argi ikusteko beharra) eta Mémoires de madame Chauverel (1959, Chauverel anderearen memoriak). Harenak dira, halaber, Lettres à un ami (1964-1965, Gutunak lagun bati) eta Amitiés et rencontres (1970, Adiskidetasunak eta topaketak) biografia-lanak.

Erreferentziak [aldatu]