Paul Valéry

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Paul Valéry

Paul Valéry (Sète, Frantzia, 1871 - Paris, Frantzia, 1945) frantsesezko idazlea eta poeta izan zen. XX. mendeko Frantziako literaturak eman duen saiogile eta poetarik handienetakoa. Literatura-gizona ez ezik, pertsonaia publikoa eta intelektual ezaguna ere izan zen; 1925ean Frantziako Akademiako kide izendatu zuten, eta 1945ean, zendu zenean, De Gaulle jeneralak dolu-egunak aldarrikatu zituen Frantzia osoan.

Mediterraneo ondoko Sète hirian jaio zen. Montpellierren Zuzenbidea ikasi zuen, nahiz eta bere lehen nahia Itsaso Eskolan sartzea izan. Ama-hizkuntza italiera izan zuen, baina eskolaratzea beti frantsesa. Pintura eta musika maite izan zituen; Wagner miresten zuen, eta pintoreen mundua ongi ezagutu zuen, batez ere, Berthe Morisot pintorearekin ezkondu eta gero. Bizibidez, Frantziako Defentsa Ministerioko erredaktorea izan zen, eta denbora franko omen zuen idazteko.

Bestalde, eta bere bizibidea zela medio, finantzetako eta politikako giroa ere gertutik ezagutu zituen. Akademian sartu eta gero, idazlea ez ezik, hizlaria ere izan zen.

1937tik aurrera, poetikako ikastaroak eman zituen College de Francen, ondoko kritika literarioan garrantzia hartu zuen bidea markatuz. Gerra garaian, 1941ean Vichyko Gobernuak kendu zuen 1933 urteaz geroztik betetzen zuen postutik, Nizako unibertsitateko administratzaile-postutik, hain zuzen ere. Bere jaioterrian, Seten, datza ehortzirik, epitafio hau idatzirik duela: «O recompense, apres une pensee Qu'un long regard sur la calme des dieux» («Pentsamenduaren geroko saria, Jainkoen lasaitasunari luze begiratzea»).

Valeryren poemagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valeryren ibilbide literarioa aski bitxia da; poeta goiztiarra izan zen, haur-denboran ere idazten hasia. Edgar Allan Poe, Baudelaire eta Rimbaud miresten zituen, eta gaztetandik inguratu zuten adiskide literaturazaleak; horien artean Pierre Louis eta Andre Gide, eta aurrerago Mallarme, Valeryk biziki estimatzen zuen maisua. 1890. urteaz geroztik, Mallarmerekin sartu zen harremanetan, gutunen bidez, eta gero, Valery Parisen bizitzen jarri zelarik, adiskide minak izan ziren.

Alabaina, hasiera goiztiar hura errotik mozturik gelditu zen 1892an. Gau trumoitsu batean, Valeryk ulertu omen zuen alde batera utzi behar zituela bere Nia erabat menperatzetik urrunduko zuten jardun guztiak, maitasuna eta poesia ere barne, eta pertsonaren bi ahalmen garrantzizkoenak -borondatea eta adimena- landu behar zituela . Handik aurrera, zientzia fisikoak ikasi behar zituela erabaki zuen, eta matematikari eskaini zion ahaleginik handiena. Une hartatik aurrera, eta hil zen arte, hainbat gogoeta egin eta idatzi zuen erabateko zintzotasun intelektualera iritsi ahal izateko helburuaz, eta helburu horren alde kontzientzia zeharo menderatu ahal izateko asmoarekin. Ahalegin horren ondorioa prosaz idatzi zituen 261 koadernoak dira.

Koaderno horiek Cahiers izenaz argitaratu ziren, poeta hil eta gero. Literatura-sormenari buruzko gogoetak dira, askotan filosofia[[]]n barneratzen direnak, eta aitormen pertsonalak eta anekdotak erabat bazter uzten dituztenak. Saio literarioari eta gogoetari ematen zion garrantziaren neurria beste bi obra hauek ematen dute: Introduction à la méthode de Léonard de Vinci (1895, Leonardo da Vinciren metodoaren sarrera) eta La Soirée avec monsieur Teste (1896, Arratsalde bat Teste jaunarekin). Leonardori buruzkoak agerian uzten du Valeryk harenganako sentitzen zuen miresmena, eta, aldi berean, jenioari buruz zuen kontzeptua lantzeko aukera eman zion; izan ere, espirituaren boteretzat hartzen baitzuen Leonardo. Monsieur Teste, nolabait esatearren, aurrekoaren ifrentzua da. Hau da, Leonardo espiritu gizondua baldin bazen, Teste gizon potentziala da, erabat intelektuala. Teste fikziozko horrek uzten duen aztarna bakarra jarduera intelektuala da, bilaketa etengabea, galdera egiten ibiltze behin betikoa. Alegia, Leonardok ez bezala -Leonardok egin, egiten baitzuen-, Testek egintza ukigarriaz sekula bukatzen ez diren pentsamendu-bideak iradokitzen ditu.

Bestalde, eta saiakerari dagokionez, poetak estilo askotariko testuak utzi zituen, erdi gogoeta, erdi ohar, erdi prosazko poema: Melanges (1941, Nahasketak), Histoires brisées (1950, Istorio etenak) eta Agathe (1956), beste hainbaten artean. Bestalde, Valeryrek arlo asko landu zuen: obra dramatikoak ere idatzi zituen (Amphion et Semiramis, esaterako); horietan batzuetan musika, dantza, elkarrizketa, kantua eta abar nahastu zituen.

Obra poetikoari dagokionez, ez da ahaztu behar, lehen esan bezala, 1892an poesia gehiago ez idazteko deliberoa hartu zuela Valeryk. Alabaina, hogei urte geroago (1920 inguruan) Andre Gide nobelagileak eta Gallimard argitaratzaileak animatu zuten bere gaztaroko poesiak biltzera. Hortaz, eta berrogeita bat urte zituela, inoiz argitaratu gabeko hogeita bost urte lehenagoko poemak berraztertzeari ekin zion.

Hitzaurre bat hasi zen prestatzen, bertsoz, bilduma horretarako. Baina, hain luzatu zen hitzaurrea ezen beste bertso-liburu oso bat idatzi baitzuen, bost urte geroago (1917), argia ikusi zuena, La Jeune Parque izenburupean (Parka gaztea); liburuak arrakasta bildu eta gero baizik ez zituen Valeryk 1890 eta 1892 artean idatzi zituen poemak bildu eta inprentara eraman. Poema horiek 1920an argitaratu ziren, Album des vers anciens izenburuarekin (Bertso zaharren albuma).

Handik pixka batera, gaur ezagunena bide den obra argitaratu zuen, Le Cimetière marin (Itsas hilerria). 1922an argitaratu zuen azken poesia-liburua, Charmes (Xarmak).

La Jeune Parquek Valeryren leitmotivetako bat ekarri zuen berriz; izan ere, bost urteko lana ez ezik, Valeryk seiehun orri zirriborratu zituen bostehun bertso idazteko, bere betiko kezka nabarmenduz, hau da, obra bat sekula bukatzen ez delako kezka, eta, hortaz, inprentara eramateko unea, berez, zeharo arbitrarioa dela. Horren aurrean Le Cimetière marin ezarri ohi da, Valeryren obra sentsualena, bere herrian, Seten, itsasoa eta zeruaren artean dagoen hilerriaz; biziari eta heriotzari buruzko gogoeta da, egile honek ohi duena baino amultsuagoa.

Erromantizismoa gainditurik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Valeryren poesiagintzak, sinbolismoaren ondorengotza bere eginez, erabat eta betiko ixten du Europako erromantizismoa.

Haren obrak erromantikoen lirismoa gainditu eta filosofiarantz bideratzen du poesiagintza, berak baino lehen beste hainbat sinbolistak ere egin nahi izan zuen bezala.

Valeryrentzat, erromantizismoa da XX. mendeko arte eta pentsamenduaren arriskurik handiena, eta, horren ondorioz, indibidualismo sentimentalaren zantzuak ezabatu behar dira. Poeta ofizioz da poeta; poetak eraman handikoa izan beharko du aukeratu eta lanean jarduteko garaian, eta borondatea eta adimena izango dira eraman izugarri horren gidariak. Alabaina, ez dagokio Valeryri adimenaren poeta izatearen ezaugarria, hainbatetan errepikatu den bezala; bere poesiagintzan, arrazoia da kontzientzia eta artearen, etika eta estetikaren sorburua, egia da, baina poesiak berak ez du zertan arrazoizkoa izan. Ideia horren froga litzateke, esaterako, bere poesiari egotzi izan zaiona, iluna eta hermetikoa izatea, alegia.

Valeryren obran Niaren adierazpena bilatzeko ahalegina etengabea da, baina Ni hori ez dago xehetasun pertsonalei lotuta, Ni poetiko absolutu baten adierazpen-nahia da.

Adierazpen horretan, gauza bera dira forma eta edukia, ez forma hutsa delako edo semantikoki hutsala, baizik eta forma kontzientziaren eta adimenaren lanaren ondorioa delako; bide batez, prozesu horren gaineko gogoeta eginez, hitz bihurtzen den jakintzaren inguruko arazo guztiak mahaigaineratzen dira: alde horretatik, XX. mendeko gogoeta-ildorik interesgarrienetako bat proposatzen du Valeryk.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Paul Valéry Aldatu lotura Wikidatan