Karlos Austria-Teschengoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Karlos Austria-Teschengoa

Karlos Austria-Teschengoa (Florentzia, 1771ko irailaren 5 - Viena, 1847ko apirilaren 30) Austriako artxidukea eta Teschengo dukea (alemanez: Erzherzog Karl von Österreich , Herzog von Teschen), Ordena Teutonikoko Maisu Handia, Leopoldo II.a enperadorearen eta Maria Luisa Borboikoaren semea izan zen, eta Franzisko II.a enperadorearen anaia. Austriar armadaren komandante eta Napoleonen aurkari sutsua izan zen.

Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoak (1742-1798) eta Alberto Saxonia-Teschengoak (1738-1822), izeba-osabak, adoptatu zuten. Gaztaroa Toscana, Viena eta Flandrian igaro zuen. 1792tik aurrera Frantziako Iraultzako Gerretan nabarmendu zen eta Flandriako austriar armadaren Feldzeugmeister (komandante-buru) izendatu zuten. 1795ean Rhinera bidali zuten eta, bertako armadaburu zela, garaipen handiak lortu zituen. 1805eko gerra hasirik (Hirugarren Koalizioa), Italiara igorri zuten eta Caldieroko batailan nagusitu zen. 1806an Franzisko II.ak austriar armadaren komandante-buru egin zuen. 1809ko gerran (Bosgarren Koalizioa) Napoleon I.a Aspern-Esslingeko batailan garaitu zuen baino Wagramen porrot egin zuen. Schönbrunngo itunaren ondoren armadako kargu guztiak utzi eta erretiratu zen. 1815ean Henrietta Nassau-Weilburgeko printzesarekin (1797-1829) ezkondu zen. Alberto bere osabaren heriotzak Teschengo duke egin zuen (1822).

1847ko apirilaren 30ean, Vienan hil zen eta bertako Kripta Inperialean ehortzi zuten. 1860an Heldenplatzen zaldizko estatua bat ezarri zuten.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos Austria-Teschengoa Aldatu lotura Wikidatan