Lankide:Mykx/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sakeleko telefonoaren bilakaera
Telefono mugikorren bilakaera

Telefono mugikorra, sakelako telefonoa, eskuko telefonoa (lagunartean maiz mobila, sega-potoa, sakelakoa, mugikorra edo eskukoa) haririk gabeko telefono eramangarria da. Gailua telefonia mugikorrera irrati uhin bidez konektatzen da.

Hasiera batean telefonoz deitzeko bakarrik balio zuten, baina gaur egungo telefono adimentsuek aukera berriak eskaintzen dituzte: SMS mezu laburrak, mezularitzarako aplikazioak, Interneten nabigatzeko aukera, Bluetooth bidezko konexioa, argazkiak eta bideoa egiteko kamara, eta denetariko aplikazioak (musika entzuteko, bideoak ikusteko, bideo-jokoetan aritzeko, eta abar).

Eztabaida sortu da haien erabilerak gizakiongan sor ditzakeen osasun arazoen inguruan. Oker erabiltzeak ere arriskuak sortzen ditu, auto istripuak kasu.

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefonia mugikorreko zerbitzu moderno gehienek sare zelular (mugikor) arkitektura erabiltzen dute. Sarea zelula deituriko zatietan dago banatuta eta horietako bakoitza gutxienez kokapen finkoa duen transmisore (zelula-dorre edo oinarri-estazio) batez zerbitzaturik dago. Sakelako telefonoak oinarrizko estazio horien kontrolagailuekin lotzen dira sarera irrati bidez. Transmisoreak sare gisa antolatuta daude eta osatzen duten egiturak erlauntzaren itxura gogoratzen duenez, "zelula" edo "gelaxka" deitu ohi zaie.

Oinarri-estazio bakoitza gelaxka horietako batean dago, eta transmisiorako eta harrerarako maiztasun propioak ditu. Ez dago arazorik elkarrengandik nahiko urrun dauden zelula-dorreek maiztasun bera erabiltzen badute, baina elkarren ondoan daudenek maiztasun ezberdinak erabili behar dituzte. Hala ere, sare zelularrek maiztasunak berrerabiltzeko gaitasuna dute eta horri esker, maiztasun-kopurua mugatua izan arren, albokoak ez diren gelaxketako maiztasun berak erabili ahal izango dira zenbait kasuetan, transmisioaren potentzia kontrolatuz eta haien arteko interferentziak saihestuz. Funtzionamendua sare zelular moduko egituran oinarrituta dagoenez, telefono mugikorrari (sakelako telefonoari) "telefono zelular" deitu ohi zaio, Hispanoamerikan bereziki; "zelula" terminoak teknologia motari egiten dio erreferentzia.

Azken urteetako smartphone-ak

Telefonia mugikorrean funtsezko bi sare mota daude: analogikoa eta digitala.

  • Sare analogikoan komunikazioa ahots-seinale analogikoen bidez egiten da. Hasieran 450 MHz-eko maiztasun-bandan funtzionatu zuen eta gerora 900 MHz-ekoan. Espainian, telefonia mugikorrerako sare analogikoa 2003ko abenduaren 31ean deskonektatu egin zen.
  • Sare digitalean komunikazioa seinale digitalen bidez egiten da. Horrek irrati-komunikazioko maiztasun-banden erabilera eta transmisioaren kalitatea optimizatzeko aukera ematen du. Eremu publikoan 2G belaunaldiko komunikazio mugikorretako sistema orokorra (ingelesez, GSM, Global System for Mobile communications) estandarra eta 3G belaunaldiko Telekomunikazio Mugikorren Sistema Unibertsala (ingelesez, UMTS, Universal Mobile Telecomunication System) teknologiak erabiltzen ditu. 850/900 MHz eta 1800/1900 MHz maiztasun-bandetan funtzionatzen du. 2004. urtean 1.000 milioi erabiltzaile izatera iritsi zen mundu mailan. Beste estandar digital bat CDMA izenekoa da (ingelesez, Code division multiple access). Eremu pribatuan eta larrialdi-zerbitzuetan (polizia, suhiltzaileak eta anbulantzia-zerbitzuak), Tetrapol (Terrestrial Trunked Radio POLice) eta TETRA (Terrestrial Trunked Radio) modukoen estandarrak erabiltzen dira, maiztasun-banda ezberdinetan.

Sakelako telefonoak eta erabiltzen dituzten sareak aldatu egiten dira hornitzailearen eta herrialdearen arabera. Hala ere, telefono mugikor guztiak mikrouhin elektromagnetikoen bidez komunikatzen dira oinarrizko estazioekin, hau da, dorreetan edo eraikinetan kokatuta dauden antenekin. Telefonoek potentzia txikiko transzeptore bat dute, hau da, transmisorea eta hargailua dituen gailu bat, zelula hurbilenarekin (8 eta 10 km artean) ahotsa eta datuak transmititzeko. Telefonoa piztean, bere identifikatzailea erregistratzen da sarean, dei bat jasotzean horren berri eman ahal izateko. Telefono mugikorrek inguruko estazioetatik har dezakeen seinalerik indartsuena bilatzen dute etengabe. Horrela, erabiltzailea gelaxka batetik bestera mugitzen denean, beste gelaxkako estazio batetik jasoko du seinalea, komunikazioa galdu gabe.

Oinarri-estazioek potentzia txikiko irrati-transmisoreak dituzte (1 eta 2 watt bitartekoak), eta horiek etengabe ematen diete haien berri telefono mugikorrei. Haien artean datu digitalen trukea gertatzen da, audio digitalizatuarena barne (sare analogikoetan izan ezik). Komunikazio hori ahalbidetzen duen teknologia zerbitzu-operadoreak hartu duen sistemaren araberakoa da. Sare analogikoetan 1G belaunaldiko AMPS (Advanced Mobile Phone System) erabiltzen da, eta sare digitaletan D-AMPS (Digital-AMPS), CDMA2000 (Code Division Multiple Access), GSM (Global System for Mobile communications), GPRS (General Packet Radio Service), EV-DO (Evolution-Data Optimized, Evolution-Data Only) eta Telekomunikazio Mugikorren Sistema Unibertsala (UMTS, Universal Mobile Telecomunication System). Operadore bakoitzak bere irrati-komunikazioko maiztasun-banda dauka, bakarra dena.

Softwarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gama baxuko telefono mugikorrek oinarrizko telefonia-zerbitzuak eskaintzen dituzte, baina konputaziorako ahalmen handiagoa duten telefono adimendunek software-aplikazioak erabiltzeko aukera ematen diote erabiltzaileari. Interneten egiten diren bilaketa gehienak ere mugikorretatik egiten direnez, webgune mugikorren diseinuan aldaketak ematen ari dira. [1]

Sistema eragilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oinarrizko telefono mugikorrek oinarrizko software-plataformak badituzte ere, telefono adimendunek software-plataforma aurreratuak dituzte, ia ordenagailuen pareko direnak.[2] Android da 2011z geroztik, mundu osoan gehien saldu den sistema eragilea. 2008ko irailaren 23an aurkeztu zuten, eta telefono mugikorren marka askotan erabiltzen da eta euskaraz erabiltzeko konfigura daiteke.[3][4][5][6] Bestalde, 2007ko ekainaren 29an, Steve Jobs-ek IOS (iPhone Operating System) sistema eragilea aurkeztu zuen, Apple markako iPhone mugikorretan erabiltzen dena. Software librerako aukerak ez dira erraz topatzen, baina badira hura bultzatzeko ekimenak.[7] Bestelako sistema eragileak ere sortzen ari dira. [8][9][10]

Mezularitza sistemak

Aplikazio mugikorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aplikazio mugikorra gailu mugikor batean (smartphone edo telefono adimendun batean, adibidez) funtzionatzeko diseinatua izan den programa informatikoa da. "Aplikazio" terminoa "software-aplikazio" terminoaren laburdura da. Aplikazio horiek jaisteko "Google Play Store" edo "Apple app store" zerbitzuak erabiltzen dira. "Google Play Store" aplikazioen dendan, adibidez, edozeinek modu librean igo dezake bere aplikazioa, interesa duen orok jaisteko. Denetariko aplikazioak sortzen dira egunero.[11][12][13][14][15][16]

Mezularitza-zerbitzua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mezu laburren zerbitzua (ingelesez, "Short Message Service", SMS) telefono mugikorretan egon ohi den testu-mezularitzarako aplikazio bat da. 1992an lortu zen lehenengo aldiz SMS-mezu bat ordenagailu batetik telefono mugikor batera bidaltzea Erresuma Batuan, eta telefono mugikor batetik bestera 1993an Finlandian. Albisteak SMS bidez emateko lehen zerbitzu mugikorra Finlandian jarri zen martxan 2000. urtean.[17] Gerora, erakunde askok eskaini zituzten SMS bidezko albiste-zerbitzuak, erabiltzaileak hala nahi izanez gero, albisteak berehala jasotzeko. Multimedia mezularitza-zerbitzua (ingelesez, "Multimedia Messaging Service", MMS) 2002an jarri zen martxan.

Hardwarea eta Softwarea

Hardwarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira telefono mugikorren osagai garrantzitsuenak:[18]

Prozesatzeko unitate zentrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Intel I486 DX2 prozesadorea

Prozesatzeko unitate zentrala (PUZ, ingelesez CPU), telefonoaren prozesadorea da. Ordenagailuek dutenaren antzekoa izaten da, baina potentzia txikiko inguruneetan funtzionatzeko optimizatuta egoten dira. Zirkuitu integratu edo txip batean dagoen mikroprozesadore bat da eta bertan exekutatzen dira programak eta aplikazioak. Metal-oxido erdieroalez (MOSFET) egina egoten da.

Pantaila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pantailan erakusten zaizkio erabiltzaileari idazten dituen mezuak, bideoak edo bestelakoak. Diseinuaren arabera, espazio handia hartzen du pantailak gailuaren aurrealdean. Telefono adimendunetan 16:9 formatu-ratiokoak erabiltzen dira normalean.

Kristal likidozkoa (LCD) edo argi organikoa igortzen duen diodozkoa (OLED) izan ohi da.

Teklatua edo ukimen-pantaila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teklatua edo ukimen-pantaila. Erabiltzaileak telefonoarekin elkarrekintza izatea ahalbidetzen duen sarrera-mekanismoa da. Hasierako mugikorrek teklez osatutako teklatu txikiak izaten bazituzten ere, gaur egungo telefono adimendun gehienek ukipen-pantailak dituzte. Pantaila ukitzean, presio-maila desberdinak sentitzeko gaitasuna dutenak ere garatu dira, Apple-en "3D Touch" sistema, adibidez.

Bozgorailua, mikrofonoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefonoek bozgorailu txikiak izaten dituzte, norbaitekin hitz egitean, hark esandakoa entzun ahal izateko eta mikrofonoa soinua jaso eta bidali ahal izateko. Telefonoaren diseinuagatik, sare zelularraren kalitate eskasagatik edo distantzia luzeko deietan erabiltzen diren konpresio-algoritmoengatik, soinuaren kalitatean arazoak sor daitezke. Badira audioaren kalitatea hobetzeko sistemak, hala nola VoLTE teknologia, HD Voice edo VoIP.[19]

Gainera, telefono adimendunetan audio fitxategi digitalak entzuteko edo audio-osagai bat duten bideoak ikusteko aukera ere ematen dute bozgorailuek, telefonoa belarriaren gainean jartzeko beharrik gabe.

Bateria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bateria telefonoaren elikatze-iturria da. Hasierako mugikorrek nikel-metal hidrurozko (Ni–MH) bateriak erabiltzen zituzten, baina gaur egun gehienek litio-ioizko bateriak (LIB) dituzte.

Bateriaren iraupena eta onartzen duen karga/deskarga kopurua mugatua da. Birkarga daitezkeen bateriak kimikoki zahartu egiten dira eta denborarekin errendimendua galtzen dute. Oro har, esan daiteke gehienez 2500 aldiz karga daitekeela bateria. Hainbat faktorek eragiten dute haren bizi-iraupenean: kargatzeko erabiltzen den teknika, bateriaren zaintza, etab. Eguzkitan edo tenperatura altuan edukitzeak bateriari kalte egiten dio.[20]

SIM txartela tamaina desberdinetan
SIM txartela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefonia mugikorreko zerbitzuak erabili ahal izateko, nahitaez behar da SIM txartela, txartel horrek identifikatzen baitu abonatua sarean. GSM sareetan SIM txartela erabiltzen den moduan,UMTS sareetan USIM edo R-UIM erabiltzen da.

Txip txiki bat da, posta-zigilu txiki baten tamainakoa, gutxi gorabehera, eta normalean bateriaren azpian jartzen da mugikorraren atzeko aldean. Txartelak modu seguruan gordetzen du abonatuaren identitatea sare mugikorrean (ingelesez, international mobile subscriber identity, IMSI). Horrez gain, SIM txartela GSM sarera konektatu eta haien artean informazioa modu seguruan trukatu ahal izateko erabiltzen den gako kriptografikoa ere bertan gordetzen da.

Mugikorra aldatzean, SIM txartela batetik bestera pasatzea nahikoa da identifikazioa mantentzeko.

Bestelakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai bateko mugikorretan LED argitxo bat izaten zen, telefonoa erabiltzen ari ez zen bitartean informazioren bat emateko, baina gero eta mugikor gutxiagok dute. Bestalde, gaur egungo mugikorretan oso ohikoak bihurtu dira argazkiak edo bideoa egiteko kamarak, satelite bidez mugikorraren kokapena (koordenatu geografikoak) jasotzeko (GPS) eta nabigatzeko sistemak, identifikazio biometrikorako sistemak,[21] etab.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Arrieta, Xabier. (2019-02-01). «GOOGLEk Sakeleko telefonoa lehenetsiko du.» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  2. Manterola, Arantxa. (2021-03-25). «Nola bihurtu zure smartphone-a ordenagailu» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  3. «Android 5.0 euskaraz erabili ahal izango da» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  4. «Android terminologia» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  5. «Android euskaraz izateko lanean ari dira» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  6. «Lehen hitza euskaraz» www.lehenhitza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  7. Leturia, Igor. (2019-09-11). «Smartphone askearen bila: misio (ia) ezinezkoa» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  8. Iruretagoiena, Hodei. (2019). «Teknologiaren lehia, 5G abiadan» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  9. Julio, Gorka. (2014-08-06). «Sakelakotatik tiraka» Talaios Koop. (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  10. Likona, Maider. (2019-12-17). «Huawei eta Estatu Batuak: monopolioarekin bukatzeko aukera?» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).
  11. Garcia, Koldo. (2019). «Gene-aplikazioak, fidagarriak al dira?» Zientzia Kaiera (Bilbo: UPV/EHU) ISSN 2445-3897. (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  12. «Telefono aplikazioak, tokietan dagoen segurtasun pertzepzioa neurtzeko» GAUR8 (Herritar Berri, naiz.eus) 2021-02-11 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  13. Martinez, Uxune. (2022). «Mugikor salatariak» Zientzia Kaiera (https://zuzeu.eus/tekno/mugikor-salatariak/)+(Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  14. Bilbao, Unai. (2017-02-03). «Mugikor 'galduekin' jolasean» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  15. «Mugikor berria duzu eta ez dituzu WhatsAppeko elkarrizketak galdu nahi?» EITB 2022-07-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  16. Igor, Leturia Azkarate. (2011-10-01). «Gailu mugikorretako aplikazioak, webaren kalterako» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2023-12-17).
  17. (Ingelesez) Lynn, Natalie. (2016-03-10). «The History and Evolution of Mobile Advertising» Infillion (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  18. Roa Zubia, Guillermo. (2011). «Smartphone baten erradiografia» Elhuyar Zientzia eta Teknologia (Elhuyar) 281: 23-26..
  19. (Ingelesez) «Why Is The Audio Quality Of Phone Calls Still Not Great, Despite So Many Advancements In Technology?» Science ABC 2021-04-23 (Noiz kontsultatua: 2023-12-16).
  20. (Gaztelaniaz) Aguilar, Ricardo. (2023-06-30). «El calor es el mayor enemigo de tu teléfono: así puedes protegerlo ahora que llegan las altas temperaturas» Xataka (Noiz kontsultatua: 2023-12-16).
  21. Alegria, Iñaki. (2023-11-30). «Identifikazio-metodo biometrikoen aurka» Sarean .eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]