Lankide:Sarocena/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Berrikuntza lehendik dauden elementuak aldatuz zerbait berria egitea da elementu hori hobetzeko asmoarekin, nahiz eta horretaz gain, posible den elementu guztiz berriak sortzea ere. Ideiak berritzaileak direla esaten da, produktu, zerbitzu edo prozedura berri gisa ezarri eta merkatuan zabaldu ondoren benetan arrakasta esanguratsu bat lortzen badute.

Bestalde, asmakuntza berrikuntzarekin lotuta dago, baina ez dute esanahi berdina. Berrikuntza, asmakizun berri bat praktikan jartzean datza, merkatuan edo gizartean ekarpen positibo bat izan dezan. Baina berrikuntza guztiek ez dute zertan asmakizun bat behar.

Enpresen kudeaketa hobetzeko badaude hainbat berrikuntza. Esaterako, prozedura berriak, teknologia berri baten erabilera, kalitatea hobetzea, bezeroak asetzeko modu berrien zehaztapenak… etab. Hauek guztiak soilik adibide batzuk dira eta berrikuntza hauekin enpresa batek haztea eta lehiakorragoa izatea lortu dezake.

Ekonomian, Joseph Schumpeter izan zen bere “berrikuntzen teorian” kontzeptu hori sartu zuena. Zehazki, ekoizpen-funtzio berri baten ezarpen gisa definitu zuen. Ekonomian erabiltzeaz gain, giza zientzietan eta kulturan ere erabiltzen da berrikuntza.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspegi historiko batetik, berrikuntza asko sortzearen garaiak igaro dira. Badirudi honen arrazoi zela, gizarteko baldintza batzuek berrikuntzaren alde egiten zutela. Pertsona batek berrikuntza bat egiten duenean, ideia, produktu, kontzeptu, zerbitzu eta praktika berriak aplikatzen ditu gai, jarduera edo negozio zehatz batzuetan, produktibitatea areagotzeko asmoz.

Berrikuntzaren ezinbesteko baldintza bat maila komertzial edo utilitario jakin batean arrakastaz aplikatzea da, merkatuaren zein gizartearen eragin positiboarekin zabaltzea lortzeko.

Berrikuntza bilaketa sistematiko eta jarraitu baten ondoren (adibidez, I+G ikerkuntza eta garapenaren bidez) edo zoriz ere ematen da.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langile edo enpresa baten ikuspegitik “berrikuntza” terminoak zerbait benetan berria esan nahi du. Baina errealitatean berrikuntza mota ezberdinak desberdintzen dira. Hona hemen horietako batzuk:

-Berrikuntza teknikoa

-Zerbitzuen berrikuntza

-Negozio ereduen berrikuntza

-Diseinuaren berrikuntza

-Berrikuntza soziala

-Berrikuntza teknologikoa

-Ezagutzan oinarritutako berrikuntza

Berrikuntzak sortzeko era desberdinak daude eta horren arabera ere sailkatzea egongo litzateke:

-Berrikuntza itxia (Closed innovation): Berritzaileak erakunde bakar baten barruan aurkitzen dira.

-Berrikuntza irekia (Open innovation): Kasu honetan, bakoitzaren ezagupenekin lanean aritzea nahikoa ez dute eta nazioartean sakabanatuta daudenen kanpoko ideietara jotzen dute.

Bere berritasun mailaren arabera ere sailkatzen dira. Hemen beraien nahia lortzeko erabilitako helburuak eta lortutako objektu edo produktuaren arteko konbinazioa hartzen dira kontutan. Berrikuntza batek bi ikuspegietan balio altuak lortzen baditu, berrikuntza erradikala deitzen zaio.

Berrikuntza ekonomian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joseph Schumpeterren arabera (Theorie der wirtschaftlichen Entwicklung, Ekonomia garapenaren Tooria, 1911),  berrikuntza ekoizpen-prozesuan berritasun tekniko edo organizazional bat ezartzea da, eta ez soilik asmakizun bat.

Schumpeterrentzat berrikuntza bat bilatzea, «enpresaburu sortzailea» izatea da. Ekintza-eremu berrien bilaketan, enpresaburu sortzaileak suntsipenaren sortze-prozesua  bultzatuko luke. Bere motibazioa epe laburrera berrikuntzan oinarritutako merkatuaren gehiengo posizioa lortzea da, era honetan, enpresaburuak «aitzindari» gisa irabaziak lortzen ditu. Hau da, hobekuntzengatik sortzen diren diru abantailak (berrikuntza-saria ere esaten zaie).

Jürgen Hauschildten arabera, berrikuntza, batez ere, «berria» den zerbait da: produktu berriak, merkatu berriak, eredu berriak, prozedura berriak, prozesu berriak, banaketa-bide berriak, etab. Berrikuntzen emaitza zerbait detektagarria izan behar da, aurreko egoeratik nabarmen bereizten dena. Berrikuntza azken finean, finkatutako helburu eta horiek lortzeko erabilitako bitartekarien artean lotura bat osatzean oinarritzen da. Lotura horrek, merkatuan edo enpresa barruan balioztatuta egon behar du.

Peter Drucker izan zen berrikuntzarako zein iturri dauden ikertu zuen lehen zientzialarietako bat. 1986an ondorengo zazpi iturri hauek identifikatu zituen:

  • BAT-BATEKOAK: Ezusteko edo bat-batekoek gure pertzepzioa aldatu eta hipotesietatik haratago ematen gaituzte, era honetan berrikuntza bat ematera bideratuz.
  • INKONGRUENTZIA: Inkongruentzia bat zerbait izatearen eta izan beharko lukeenaren arteko desadostasuna da. Desadostasun hau kualitatiboa izaten da eta berrikuntza bat egiteko aukeraren aurrean egon gaitezkeela ohartarazten digu.
  • PROZESU BERRI BATEN BEHARRA: Berrikuntza-iturri hau gure funtzionamendu prozesua aurrera eramateko era egokiago bat dagoela ohartzen garenean ematen da.
  • MERKATUKO ALDAKETAK: Merkatuek egonkorrak dirudite baina noizean behin aldaketak ematen dira eta horrek berritzeko aukerak ematen ditu. Merkatuko parte hartzaileek aukera hori mehatxutzat hartzen dute. Normalean hirugarrengo batzuk izaten dira aukera hori aprobetxatu eta berrikuntza bat egiten dutenak.
  • DEMOGRAFIA ALDAKETAK: Demografia izugarrizko garrantzia duen berrikuntza iturria da. Bitxia da ordea, hain agerikoa eta aurreikusgarria izanik, erabakiak hartzen dituzten gehienek ez dutela kontuan hartzen.
  • PERTZEPZIO ALDAKETAK: Pertzepzioa aldatzen denean, gertaerak ez dira aldatzen, haien esanahia baizik. Aldaketa hauek berrikuntzarako aukera handiak ematen dituzte.
  • EZAGUTZA BERRIAK: Ezagutza berrietan oinarritutako asmakizunak merkatuetan berrikuntza sor dezaketen aurkikuntza zientifiko eta ez-zientifiko berrietan oinarritzen dira. Berrikuntza mota hauen desabantailek iturri hau arriskutsu, ezusteko eta kudeatzeko zaila den iturri bihurtzen ditu. Izan ere, oso zaila da berrikuntzak merkatuan zein harrera izango duen aurreikustea.

Azkenik, Clayton Christensen berrikuntza disruptiboaren aurkitzailetzat jotzen da. Berrikuntza honen helburua merkatu edo bezero-talde berrietara iristea da, produktuak erabat aldatuz.

Ikuspegi multidimensionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrikuntza kontzeptuaren definizioen kopurua, berrikuntzako ikertzaileen kopurua baino are azkarrago hazi da asmatu zenetik. Hurbilketa kontraesankorrenak ikus daitezke: berrikuntzak dirudienez, produktuak izenda ditzake baita fabrikazio-prozesua edo banaketa ere.

Hala eta guztiz ere, autore guztiak bat datoz, berrikuntzak, harreman bat erakutsi behar duela berria terminoarekin. «Berria» ez du zertan bakarrik denbora-horizontean izan behar, baizik eta dimentsio objektibo eta sozial batean ere izan daiteke:

  • Berrikuntza berritasun gisa.
  • Berrikuntza aldaketa gisa.
  • Berrikuntza abantaila gisa.

Berrikuntzari buruzko beste teoria batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asko eztabaidatu da berrikuntza hornitzaileek (aukera teknologiko berrietan oinarrituta) edo eskariek (gizarte eta merkatuko beharretan oinarrituta) bultzatzen duten ala ez. Marquisen ikuspegiaren arabera, "berrikuntzan eskariaren aitorpena egitea faktore maizagoa da potentzial teknikoa aitortzea baino" (Marquis, 1969).

Eskariek eragindako berrikuntzen zati bat kontsumitzaileek egindakoak dira. Eric von Hippel-ek, aitzineko erabiltzaileek egindako berrikuntzak sakon aztertu zituen, berrikuntza-iturri aipagarritzat jotzen baititu, merkatuaren joera aurreikusten dutelako eta bere irtenbideak garatzeko ezagutza eta pizgarriak dituztelako.

Enpresetako berrikuntza modu ezberdinetan lortzen da. Lan-praktikan egindako aldaketen bidez, esperientzia profesionalen truke edo beste hainbat modutara garatu daitezke. Alde batetik, berrikuntza ohikoenak I+Gtik (Ikerkuntza eta Garapena) etorri ohi dira, eta bestetik, gehien hazten direnak, praktika  hutsetik sortu ohi dira.  Berrikuntzak patenteen edo jabetza intelektualen bitartez babesten daiteke. Gainera, Michael Porterren ustez, sortutako patente kopuruaren arabera eskualde bateko berrikuntza maila kalkula daiteke.

Regis Cabralen arabera, sare zehatz baterako berrikuntza sarean bertan gehitutako elementu berri bat da, momentu baterako baldin bada ere sare horretako gutxienez bi elementuren arteko transakzioen kostua aldatzen duena.

Osloko Eskuliburuaren hirugarren edizioak (ELGA, 2005) hauxe definitzen du: Berrikuntza barne-praktikan, lantokiaren antolaketan edo kanpoko harremanetan, produktu (ondasun edo zerbitzu) berri edo hobetu bat, prozesu bat, marketin-metodo berri bat edo antolakuntza-metodo berri bat sartzea dela.

Azkenik, Peter Drucker-ek Managing in the Next Society-n (2002) esan zuen jada enpresek ez dutela produktuekin lehiatzen, negozio-ereduekin baizik. Eredu hauek berrikuntzatik jaiotzen dira eta zenbat eta biziagoak izan, orduan eta lehiakorragoak izango dira.

Berrikuntzaren softwarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresan berrikuntza prozesuaren kudeaketa arintzeko, software-tresna batzuk garatu dira:

  • Zaintza teknologikorako tresnak: bere esparruko azken joera teknologikoak ezagutzeko balio du.
  • Patenteak kudeatzeko tresnak: lanean ari diren edo enpresak erosi dituen patente guztien inbentarioa egiten laguntzen dute.
  • Ideiak kudeatzeko tresnak: enpresetako bezeroen eta langileen ideiak biltzea eta ondoren kudeatzea ahalbidetzen dute, horiek berrikuntza bihurtzeko.
  • Ezagutza kudeatzeko tresnak: enpresen barne-ezagutza bildu eta aztertzen dute, negozioen edo produktuen ideia berrietan aplikatu ahal izateko.

Ikerketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berrikuntza-ikerketak, alde batetik, berrikuntzek zer baldintza zehazten dituzten eta zein prozesu sozioekonomikotan gertatzen diren ikertzeaz arduratzen dira. Horretaz gain, eskualdeko edo nazioko berrikuntza sistema bat sortzeaz eta garatzeaz ere arduratzen dira.

Ikerketa hauek, produktu-berrikuntza bati, antolamendu-forma bati, teknologia bati, prozedura bati edo aplikazio-eremu bati egin diezaiokete erreferentzia. Bestalde, berrikuntzaren ikerketek helburu horiek nola lortzen diren ikertzeari garrantzi berezia ematen diote. Prozesuaren behaketaren fasean prozedurazko formak daude, adibidez, kontzienteki emandakoak, auto-antolatuak edo informalak diren prozesuak.

1. BERRIKUNTZEN HEDAPENA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Everett M. Rogersen ustez, honako faktore hauek zeresana dute berrikuntzen hedapenean (merkatuaren inposizioan):

  • Berrikuntza baten abantaila subjektiboa
  • Emandako balio-sistema batekin bateragarritasuna
  • Konplexutasuna, hau da, lehen kontaktuan izandako sinpletasuna
  • Proba egiteko aukera (berrikuntzarekin esperimentatzeko aukera)
  • Berrikuntzaren ikusgarritasuna

Xede-merkatuaren esparruan, honako pertsona-talde hauek bereizten dira berrikuntza asebetetze-mailaren arabera edo berrikuntza onartzeko prozesuan:

  • Berritzaileak: Produktu bat lehen bezala onartzen duten pertsonen % 5-10
  • Hasierako erabiltzaileak: Pertsonen % 10 eta 15 artean
  • Gehiengo goiztiarra: Pertsonen % 30
  • Gehiengo berantiarra: Pertsonen % 30
  • Atzeratuak: Gelditzen den % 20a

2. BERRIKUNTZA ADIERAZLEAK[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Alemaniako Berrikuntzaren Adierazlea", banakako 150 adierazlez osatua dagoenena, nahiz eta Alemanian hedatuago aplikatu, nazioarteko beste argitalpen batzuetan ere aipatzen da, herrialde industrialetako berrikuntza-gaitasuna neurtzeko eta alderatzeko.

Neurri osoa hainbat azpi-adierazle zehatzez osatuta dago (adibidez, "hezkuntza" edo "emakumeen parte-hartzea"), aldi berean, adierazle indibidualetatik gehituta daude.

Azpi-adierazleak "berrikuntza-adierazle orokorra"ren balioan haztatuta biltzen dira. "German Innovation Indicator 2005" adierazleak (2004ko datuekin), 1etik 7ra bitarteko eskala erabili zuen 13 industria-herrialde elkarren artean alderatzeko. Bertan 1. postua AEBk hartu zuen (7,0 balioa), 2. postua Finlandiak (6,1 balioa) eta 3.a Suediak (5,83 balioa). Alemania 6. postuan zegoen (4,66) eta Espainia berriz 12. postuan (1,21).

2009an, Jabetza Intelektualaren Mundu Erakundeak, Global Innovation Indizearen argitalpena egin zuen. Indize horrek, urtez urte, modu argi eta ongi dokumentatu batean erakusten du, herrialde berritzaile gisa duten eginkizunari dagokionez txostenean parte hartzen duten 120 herrialde baino gehiagok hartzen duten lekua.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Braun-Thürmann: Innovation - Eine Einführung. Transcript-TB, Bielefeld 2005,
  • Burr, Wolfgang: Innovationen in Organisationen. Kohlhammer Verlag, Stuttgart 2004,
  • Brem, Alexander: The Boundaries of Innovation and Entrepreneurship – Conceptual Background and Essays on Selected Theoretical and Empirical Aspects. Gabler, Wiesbaden 2008,
  • Erdmann, Georg: Elemente einer evolutorischen Innovationstheorie. Mohr, Tübingen 1993,
  • Jürgen Hauschildt, Sören Salomo: Innovationsmanagement. 4. Auflage. Vahlen, München 2007,
  • Gausemeier, J.: Produktinnovation – Strategische Planung und Entwicklung der Produkte von morgen. Carl Hanser Verlag, München 2001.
  • Kelley, Tom; Jonathan Littman: Das IDEO Innovationsbuch. Wie Unternehmen auf neue Ideen kommen. Econ,
  • Kao, John: Innovation. Murmann Verlag, Hamburg 2008,
  • Jens-Uwe Meyer: Radikale Innovation. Verlag BusinessVillage, Göttingen 2012,
  • Birger P. Priddat, Peter Seele: Das Neue in Ökonomie und Management: Grundlagen, Methoden, Beispiele. Gabler, Wiesbaden 2008,
  • Rodríguez Cortezo, Jesús. (1997) Tecnología e innovación En: Tecnología e Industria: dos realidades alcanzables ESIC, p. 29.
  • Montaner, Ramón. (2001) ¿Qué es esto de las Nuevas tecnologías?. En: Dirigir con las Nuevas Tecnologías, Gestión 2000, p. 14.
  • Pottruck, David. (2000) Cómo generar ideas e innovación En: La transformación empresarial en la era de Internet, Paidós p. 165.
  • Mathur, Kamlesh. (2001) Administración de Proyectos En: Investigación de Operaciones, Prentice Hall, p. 493.
  • Leal, S. y Urrea, J. (2013): Ingenio y Pasión, Madrid, Lid Editorial.
  • Villaseca Morales, David (2014): Innovación y marketing de servicios en la era digital. ESIC Editorial.