Legionelosi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Legionelosia Legionella pneumophila bakterioak sortutako gaixotasuna da. Formarik arinena, Pontiac-eko sukarra, gripearen antzeko gaixotasun arina da; formarik larrienak, legionarioen gaixotasunak, pneumonia eragiten du. Bakterio eragilea 1977 urtera arte ez zen ezagutzen. Urtebete lehenago (1976ko udan) Filadelfia hirian pneumoniaren agerraldi larria agertu zen, legionario ohien batzar batean. Agerraldi horren ondorioz hotel batean zeuden 34 legionario hil ziren, pneumoniak jota. Lotura hori dela eta, urtebete geroago aurkitutako bakterio eragileari Legionella izena jarri zioten zientzialariek.

Legionelosia aitortu beharreko gaixotasuna da Euskal Herrian. Zehatza izaten zaila bada ere, kalkulatzen da pneumonia guztien %5 inguru legionelosiak direla, ehuneko hori hirukoitza izanik ospitaleetan hartutako pneumonien artean. 2003. urtean, 100 legionelosi kasu jakinarazi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan; eta 2005ean, 114.

Etiologia eta infekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hozte dorreak legionelosi agerraldien iturburuan egon dira maiz.

Legionella pneumophila uretan bizi da. Bere habitat naturaletan (lakuetan, paduretan, ur putzuetan...)ez du arriskurik sortzen, baina ur habitat artifizialak kolonizatzen dituenean ( ur sarearen hoditeriak, dutxak, jakuzziak, hozte dorreak, aire girotuaren sistemak...) gizakia infektatzeko ahalmena hartzen du. Ingurugiro artifizial horietan bakterioak bere hazkuntza areagotzen duen hiru gauza aurkitzen ditu: tenperatura epelak, hoditeri zaharretan agertzen den burdina eta korrosioaren produktuak, eta hoditeri sare handietan dauden ur geldoaren eremuak, materia organikoan aberatsak direnak.

Legionella-k erresistentzia dio ur sarean dagoen kloro mailari, beste bakterioak hiltzen dituena.

Gizakia infektatzeko bakterioa airean zintzilik geratu behar da, arnas bidetik sartzeko. Hori gertatzen da bioaerosolak eratzen direnean. Dutxek, jakuzziek, hozte dorreek, aire girotuaren sistemek... aerosolak sortzen dituzte, tanta bakoitzean milaka bakterio patogeno dituztenak. Aerosolak arnasterakoan bakterioak arnas aparatuan sartzen dira eta biriketaraino iristen dira.

Gaitza ez da pertsonen artean transmititzen, eta ezta ur kutsatua edaten ere.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasun honek, legionelosiak, bi forma ditu:

  • Formarik arinena, Pontiac-eko sukarra: gripearen antzeko gaixotasun arina, egun gutxitan berez sendatzen dena.
  • Formarik larriena, legionarioen gaixotasuna: pneumonia eragiten du, eta antibiotikoekin tratatu beharrekoa da.

Zergatik garatzen den forma bat ala bestea ez dago argi. Mikrobiologo batzuen ustez, bakterioaren infekzio-dosia eta gaixoaren immunitate-sistemaren egoera erabakigarriak dira forma arina (Pontia-eko sukarra) ala larria (legionarioen gaixotasuna) garatzeko orduan.

Legionelosiaren inkubazio epea oso zabala da, 3 eta 10 egun artekoa. Gaitza harrapatzeko sentikorragoak dira gaixo kronikoak, immunitate ahula dutenak, erretzaileak, diabetikoak eta pertsona zaharrak. Legionelosiaren sintoma nagusiak sukarra, buruko mina, eztula eta ahultasuna dira; zenbait kasutan beherakoak eta giharreko mina ere agertzen dira.

Bularraren erradiografiak pneumonia garbia agerian uzten du.

Gaixotasunaren hilkortasun-tasa ez da makala: %15 ingurukoa. Immunogutxituengan tasa hori bikoiztu egiten da.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eritromizina da gehien erabilitako antibiotikoa legionelosia tratatzeko. Errifanpizina aukerako antibiotikoa da.

Prebentzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dago gaitz honetarako txertorik. Prebentziorik onena bakterio eragilearen desagerpena da, bere bizitokiak edo gordelekuak (ur sarearen hoditeriak, ur biltegiak, hozte dorreak...) garbi mantenduz eta noizean behin desinfektatuz, tokian tokiko administrazioen arau legalak betez.

Legionelosiaren kasu gehienak banakako kasuak dira, pertsona bakar bati eragiten diotenak. Gaitz hau, ordea, agerraldi moduan azaltzen da noizbehinka, gaixo ugari sortuz. Agerraldiak urriak izan arren oihartzun handia dute komunikabideetan, jendearen artean legionelosiaren ospea zabaldu duena.

Legionelosiaren agerraldiak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek izan dira garrantzitsuenak:

  • 1999ko maiatzean, Zestoako bainuetxean (Gipuzkoa): 41 gaixo, bainuetxearen igerilekuek eragindakoak.
  • 1999ko udan, Bizkaiko Ezkerraldean: 24 gaixo eta hildako bat, putetxe baten jakuzziak eragindakoak.
  • 2000ko irailean, Arbizun (Nafarroa): 5 gaixo, kiroldegi baten jakuzziak eragindakoak.
  • 2001eko abuztuan, Iruñeko "Virgen del Camino" ospitalean (Nafarroa): 19 gaixo eta 5 hildako, ur sarearen dutxek eragindakoak.
  • 2002ko ekainean, Iruñean (Nafarroa): 16 gaixo, hozte dorre batek eragindakoak.
  • 2006ko ekainean, Iruñean (Nafarroa): 149 gaixo, hozte dorre batek eragindakoak.