Leuzemia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.


Leuzemia duen gaixo baten odol-zelulak, mikroskopioz ikusita

Leuzemia hezur-muinaren gaixotasun larria da, leukozito kopuruaren gehiegizko igoera eragiten duena. Hitza grezieratik dator (leuko = λευκός, "zuri"; eta emia, αἷμα = "odol"). "Odoleko minbizia"-ren izenarekin ere ezagutzen da.

Haurtzaroan agertzen den minbizirik ohikoena da: minbizia duten haurren artean %30 baino gehiagok leuzemia dauka.

Gaitzaren funtsa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odoleko zelula guztiak hezur-muinean sortzen dira (eritrozitoak, leukozitoak eta plaketak). Zelula horiek zelula aitzindari edo zelula amengandik sortzen dira, blasto izeneko zelulengandik. Leukozito mota bakoitza blasto batetik dator (linfozitoak linfoblastoetatik, mielozitoak mieloblastoetatik, etab). Leuzemia dagoenean blasto edo leukozitoen zelula aitzindari horiek etengabe ugaltzen dira hezur-muinean, odolera pasatuz gero. Esan liteke, beraz, leuzemia heldugabeko leukozitoen gehiegizko ugalketan datzala.

Zelula horien kopuru-igoera handiak ehun linfoide batzuen (barea, gongoil linfatikoak eta hezur-muinaren) hipertrofia eragiten du.

Leuzemia-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leuzemien sailkapena zenbait irizpideren arabera egiten da.

Aurreratze-erritmoaren arabera bi leuzemia mota daude: akutuak eta kronikoak. Akutuek progresio azkarra dute (tratatu ezean, 3 hilabeteetan heriotza eragiten dute), eta kronikoek motela.

Gaitzak jotako leukozito-moten arabera leuzemiak linfoideak dira (linfozitoak sortzen dituzten zelula aitzindarien -linfoblastoen- kopurua kontrolik gabe igotzen denean) edo mieloideak (granulozito batzuen zelula aitzindariak -mieloblastoak- etengabe ugaltzen direnean).

Leuzemiak egoki tratatzeko garrantzi handikoa da kaltetutako leukozito-mota zehazki ezagutzea. Hezur-muinaren analisiaren bitartez jakiten da hori.

Aurrekoa kontuan hartuta, lau dira leuzemia-mota ohikoenak:

  • leuzemia linfoide akutua: linfoblastoei eragiten diena. Haurrengan agertu ohi da.
  • leuzemia mieloide akutua: mieloblastoei eragiten diena. Helduengan agertu ohi da.
  • leuzemia linfoide kronikoa: linfozitoei eragiten die. Heldutako linfozitoen kopurua handitu egiten da. Pertsona zaharrek pairatu ohi dute.
  • leuzemia mieloide kronikoa: mielozitoei eragiten die. Helduengan agertu ohi da.

Sintoma klinikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, leuzemia akutuak azkar garatzen dira, eta sintoma oso nabariak dituzte. Leuzemia kronikoen agerpena motelagoa da, eta zenbait kasutan asintomatikoak dira diagnostikatzen direnean.

Leuzemia gehienek sintoma hauek eragiten dituzte:

Leuzemia guztietan zelula gaiztoen etengabeko ugalketak beste odoleko zelulen ekoizpena galerazten du (eritrozitoak, plaketak...). Ondorioz, eritrozito gutxi dago odolean (anemia ekartzen duena) eta plaketa urriak ere (odol-jarioak eta hematomak errazten dituena). Horretaz gain, leukozitoen zelula aitzindarien gehiegizko ugalketak leukozito heldu gutxiren ekoizpena eragiten du. Leukozito helduen urritasun horrek azaltzen du leuzemiadunek infekzioak erraz harrapatzeko duten joera (leukozitoak baitira immunitate-sistemaren bizkarrezurra).

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi dira diagnostikorako gehien erabiltzen diren probak:

  • hemograma: odoleko zelulen aldakuntzak ikertzen dira (eritrozito, plaketa eta leukozito helduen urritasuna eta zelula aitzindari gaiztoen gehiegizko kopurua)
  • mielograma: hezur-muinaren lagin baten azterketan datza. Anestesia erabiliz, puntzioaren bidez gaixoaren hezur baten hezur-muinaren odola ateratzen da, hori aztertuz jakiten baita zeintzuk diren leuzemiak kaltetu dituen leukozito-motak.

Tratamendua eta pronostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leuzemia akutuak kimioterapiaren bitartez tratatzen dira, linfoblasto eta mieloblasto gaiztoak akabatzeko. Odol-transfusioak ere ezartzen dira, batez ere gaitzaren lehenengo fasetan.

Leuzemia kronikoetan, kimioterapiaz gain, erradioterapia ere erabiltzen da.

Hezur-muinaren transplantea zenbait leuzemia sendatzeko baliagarria da. Egin aurretik hezur-muin bateragarria aurkitu behar da, sarritan oso korapilatsua dena.

Leuzemiaren pronostikoa leuzemia-motarekin eta gaixoaren adina eta egoera orokorrarekin dago lotua. Hala ere, azken urteotan gaixoen bizi-iraupena nabarmen hobetu da. Leuzemia linfoide akutua duten umeen %80a, esaterako, sendatu egiten da.

Leuzemiaren kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezezagunak dira. Osagai genetiko bat gaitzaren atzean dagoela susmatzen da, zeharkako probak baitaude. Minbizi guztiekin gertatzen den moduan, immunitate-sistemaren akatsek ere gaitzaren agerpena erraz lezakete.

Frogatua da, bestalde, erradiazio ionizatzaileek leuzemia eragiten dutela. Hiroshimako leherketa atomikoaren ondoren, esaterako, leuzemia kasu asko agertu ziren.

Arratoi eta laborategiko beste animaliengan birus batzuek leuzemiak sortzen dituztela egiaztatu da. Gizakiaren kasuan jakina da ere birus batek (Epstein Barr birusak, mononukleosi infekziosoaren eragileak) leuzemiarekin antza handia duen linfoma bat sorrarazten duela (Burkitt-en linfoma).


Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leuzemia Aldatu lotura Wikidatan