Lutxanako gudua
| Lutxanako gudua | |||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| Iparraldeko frontea – Lehen Karlistada | |||||||
"Galería Militar Contemporánea". Madril, 1846 |
|||||||
|
|||||||
| Gudulariak | |||||||
| Buruzagiak | |||||||
| Nazario Egia | Baldomero Espartero Marcelino Oraa |
||||||
Lutxanako gudua 1836ko abenduaren 23tik 24ra Erandioko Lutxana auzoan gertatu zen gudua izan zen, Bilboko bigarren setioa amaitu zuena.
Eduki-taula |
Gudua[aldatu]
Bilboko bigarren setioak hilabete eta erdiz iraun ostean, bertako biztanleak estu eta larri zebiltzan. Bonbardaketak batetik eta blokeoak eragindako elikagaien eskasia bestetik, bilbotarrek itxaropen guztia kanpotik zetorren laguntzarengan jarria zuten.
1836ko abenduaren 22an, Espartero Lutxanako zubiaren ingurutan maniobratzen hasi zen. Britainiar itsas-armadako bi ontzien laguntzaz -hauetatik egindako bonbardaketak erabakiorrak izan ziren- Lutxanako zubi gaineko posizioak erasotzeari ekin zion. Abenduaren 23an Galindo erreka gainetik txalupez egindako zubia zabaltzea lortu zuen, tropa liberalen eraso mugimendua arinduz. Baina helburua Lutxanako zubia zen, karlistek moztua eta tropa liberalak Bilbora inguratzeko berreraiki beharrekoa.
Berriro guda-ontzi britainiarren laguntzaz baliaturik, liberalak Lutxanako zubiaren bi aldeko posizioak eskuratzen saiatu ziren, abenduaren 24ko arratsaldean, txalupa eta gabarretan igarotako tropen bitartez, helburua lortuz. Borrokarik gogorrenak gabon gauean eman ziren. Oraa jeneralak zuzentzen zituen tropa liberalak Lutxanako zubi gaineko posizioak bereganatzeko sekulako ahaleginak egin zituzten, baina karlistak eraso guztiei eusten zieten.
Gaua oso iluna zen eta elurra mara-mara ari zuen, egoera larriki gogortuz. Espartero bera jarri zen eraso liberalen buruan, baina Egiaren karlistek ez zuten amore ematen. Bi aldeetako soldaduek neka-neka eginda zeudenean, Oraak erretiradarako doinua eman zezan eskatu zion korneta bati. Honek, nahastuta, erasorako deia jo zuen. Hau entzunik, karlistek beste eraso bati aurre egin ezinean, atzera jo zuten, liberalen garaipena bermatuz. Karlistak hiriaren setioa amaitutzat eman zuten, Espartero Bilbon sartzen zen bitartean. Espainia guztian ospatu zuten liberalek Lutxanako garaipena, Bilbo, bere erresistentziagatik, euskal liberalen ikur bihurtuz.
Erreferentziak[aldatu]
- Edukiaren zati bat Gipuzkoa Kultura webgunetik hartu da, webgune haren egile eskubideen jabe den Gipuzkoako Foru Aldundiak Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 (CC-BY-SA 3.0) lizentziarekin argitaratu baitu (ikus webguneko oharra).
Kanpo loturak[aldatu]
- XIX. mendeko historia militarra Euskal Herrian. Lutxana. Gipuzkoakultura. CC-BY-SA lizentziapean eginiko lana.