Odilon Redon

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Autorretratua

Odilon Redon frantses marrazkilaria eta pintorea izan zen (Bordele, 1840 - Paris, 1916). Bordelen eta Parisko Arte Ederretako Eskola gorenean egin zituen Pinturako ikasketak. Fantin-Latour eta Corot pintoreak adiskide izan zituen, eta talde inpresionistak antolatutako erakusketa batean parte hartu zuen 1885ean. Nolanahi ere, Redonen pintura gertuago dago sinbolismoaren moldeetatik. Egilearen marrazkiek, grabatuek, olioek eta akuarelek ametsezko mundua uzten dute agerian, surrealismoa iragarriz.

Venusen jaiotza

Margolari, grabatzaile eta idazle gisa nabarmendu zen, eta XIX. mendeko artista oparo eta konplexuenetakotzat hartua da, sentiberatasun eta irudimen handikoa. Sinbolismoaren jarraitzailea izan zen, Moreau bezala, eta pintura figuratiboaren maisua handia; inpresionismoarekiko halako parekotasunik antzematen da bere obra batzuetan, baina inpresionismoaren etsai gisa agertu zen. Redonek bide bikoitza egin zuen bere karreran: batetik marrazki fantastikoak, sarritan makabroak, egin zituen; eta bestetik olio-pinturak eta pastelak, loreekiko izadi hilak, margoaren erabilera bikaina erakusten dutenak, H. Matissek aitortu zuen bezala.

Jean-Leon Geromerekin, Bredinelcin (litografia) eta Fantin-Latourrekin (grabatugintza) ikasi zuen. Hasierako obretan, 1890. urtera artekoetan gutxi gorabehera, kolorearen erabilera baztertu zuen, eta gizakiaren barneko mundua islatzeko tresna gisa erabili zituen marrazkiak eta litografiak; zuri-beltzean egindako irudi ilunak dira, atsekabez eta saminez beteak. Ikusmenak agintzen zionaren emaitza baino gehiago ziren irudimenaren emaitza. Horrela osatu zituen 200 litografiatik gora; aipagarriak ditu, esaterako, Ametsean sailekoak, Poe idazleari eskainitako saila (1882) eta Goyaren omenez saila (1885).

1890az gero, ordea, San Joanen Apokalipsia izeneko saila amaitu ondoren (1883), erabateko aldaketa gertatu zen Redonen obran, eta bere karrerako bigarren garaia hasi zen.

Koadroak egiten hasi zen kolore pastelak, akuarela eta olio-pintura erabiliz; ametsezko koadroak egin zituen, lore koloretsuenak (Anemonak, Louvre, Paris), eta abar. 1900 inguruan iritsi zuen oparotasun gorena joera koloretsu horrek. Ordukoak ditu pastel-margoez egindako bere obra nagusiak, eta ordura arte gai mitologikoetan (Venusen jaiotza, Pegaso) eta erlijiosoetan (Boda, Jesusen Bihotza) oinarriturik egindako marrazkien bertsio koloredunak.

Beste lan nagusi batzuk: Dans le rêve (1879), La Tentation de Saint Antoine (1888-1896), Les Fleurs du mal (1890), Le Cyclope (1895-1900) eta Le Jour et la Nuit (1910-1911). Aipagarriak dira halaber, bere erretratua, emaztearena eta Gauguinena.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Odilon Redon Aldatu lotura Wikidatan