Other Voices, Other Rooms (eleberria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Other Voices, Other Rooms
Datuak
IdazleaTruman Capote (1948)
Argitaratze-data1948ko urtarrila
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaOther Voices, Other Rooms
ArgitaletxeaRandom House
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Orrialdeak231
FormatuaAzal gogorra
OCLC3737623

Other Voices, Other Rooms Truman Capotek idatzitako eleberria da, 1948an argitaratutakoa. 1945eko ekainean Miriam narrazio laburra atera zuen Mademoiselle aldizkarian eta Benett Cerf editorearen arreta erakarri zuen lantxo horrek; Random House argitaletxeak proposamena egin zion Capoteri eleberri bat idazteko eta horretarako zegokion kontratua eskaini. 1500 dolarreko aurrerakina patrikan, idazlea Monroevillera bueltatu zen eta Other Voices, Other Rooms idazteari ekin zion. New Orleansen, Saratoga Springsen, eta Ipar Carolinan segida eman zion lanari; amaitu, Nantucketen bukatu zuen.

Haria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haurtzaroko kontuak biltzen ditu Other Voices, Other Rooms lanak, txikitan bizi izandakoak paperean paratzeko saioa. The Dogs Bark 1973ko idazlanean horrela zioen Capotek: "erabat inkontziente jardun nuen lan hartan, intuizioak gidatuta, eta orain irakurrita, ez nago batere pozik, neure burua engainatu nuelako irudipena daukat".

Hona zertan den: Joel Knox 13 urteko nerabeak ama galdu du eta New Orleansetik Alabamara bidali dute aitarekin bizitzera; Joel jaio berritan etxetik alde egina zen aita. Baserri giroko etxaldean hiru lagunek hartuko dute gaztetxoa: Amy amaordeak, Randolph delakoak eta Idabel neskatxak. Aita ez da inon ageri eta Joel galdezka aritu arren inork ez dio haren berri ematen. Bada beste pertsonaia bat, gela bateko leihoan zutik eta emakume arropaz jantzia-edo antzematen ahal dena, itzal misteriotsua baino ez. Nahigabeko istripu batek aita hilzorian jarriko du, eta orduan ezagutuko du Joelek (piano batek harrapatu du aita eta txiki egin). Idabelekin batera ihesari ekingo dio, baina neumonia batek harrapatu eta ostera ere aitaren etxera bueltatuko da. Randolphek, mutilaren ondotik aldendu barik, osatu arte jagongo du. Azken paragrafoan jakin ahal dugu Randolph eta leihoko itzala pertsona bera direna. Capoteren biografo Gerald Clarkek dio idazleak bere homosexualitatea onartu baino aldarrikatu duela, eta horrek poztu egin duela (Capote: A Biography,1988).

Harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Other Voices, Other Rooms 1948an argitara eman eta bederatzi astean liburu salduena izan zen The New York Times egunkariaren zerrendetan, 26.000 aletik gora salduta. Sortu zuen bat-bateko eraginak eta promoziorako jarduteko moduak Capote famatu zuten. Liburuaren kanpoko azalean agertutako Harold Halma argazkilariaren erretratuak testuak ia beste komentario sorrarazi zituen [1]. Clarkeri kasu egitera argazkiak sortu zuen iskanbilaren parekoa izan zen Capoteren poza (Capote: A Biography, 1988), idazlea ezagun bihurtzeko irrikitan zegoelakoan. Orduan hogei urte besterik ez zituen Andy Warholi benetan zirrara sortu zion argazkiak, horretaz sarri hitz egin baitu eta Capoteri mirespen-gutunak bidaltzera bultzatu baitzuen.[2] Warhol 1949an New Yorkera aldatu zenean, idazlearekin bat egiteko hamaika saio egin zituen. Hainbesterainokoa ei zen erakarpena, 1952ko Warholen lehen banako erakusketak Trumanen testuak zituen oinarri: Hamabost margolan Truman Capoteren testuetan oinarrituta zuen izentzat (Hugo Gallery 1952ko ekainaren 16tik uztailaren 3ra).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]