Truman Capote

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea
Truman Capote

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakTruman Streckfus Persons
JaiotzaNew Orleans1924ko irailaren 30a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaLos Angeles1984ko abuztuaren 25a (59 urte)
Hobiratze lekuaWestwood Village Memorial Park Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: gibeleko gutxiegitasuna
Familia
Ezkontidea(k)ezkongabea
Hezkuntza
HeziketaGreenwich High School (en) Itzuli
Dwight School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakgidoilaria, eleberrigilea, idazlea, antzerkigilea, autobiografialaria, aktorea eta kazetaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaAmeriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Bavariako Arte Ederren Akademka
Genero artistikoaSouthern Gothic (en) Itzuli

IMDB: nm0001986 Allocine: 14074 Allmovie: p84070 TV.com: people/truman-capote IBDB: 8925
Youtube: UCrekr2FptQ0qu4T8jVLAucg Musicbrainz: 6f9bcd85-facc-448e-92f8-7375b53273ac Discogs: 582105 Allmusic: mn0000739862 Find a Grave: 1175 Edit the value on Wikidata

Truman Capote (New Orleans, Louisiana, AEB, 1924ko irailaren 30aLos Angeles, Kalifornia, AEB, 1984ko abuztuaren 25a) ingelesezko idazle bat izan zen. Capoteren lana klasikotzat jo da, eta eleberriak, istorio laburrak eta antzezlanak sortu zituen. Haren lanik ezagunenak dira Breakfast at Tiffany's eleberria (1958; euskaraz Gosaria Tiffany's-en, Elkar, 1989) eta In Cold Blood, Capotek berak ez fikziozko eleberria deiturikoa (1965; Odol hotzean, Igela, 1993). Idazlearen lanetako asko eta hark berariaz moldatutako gidoiak ere zinema eta telebistara egokituak izan dira.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreneko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Truman Capoteren ponteko izena Truman Streckfus Persons izan zen. New Orleansen jaio zen, Lillie Mae Faulk amak 17 urte besterik ez zituenean. Aita, Archelaus Persons izenekoa, saltzailea zen.[1] Lau urte bete orduko gurasoak banandu egin ziren eta Truman Monroevillera, Alabamara, bidali zuten hango senideen artean hazteko asmoz. Hantxe Harper Lee auzoko izan zuen, eta gutxira bizitza osorako lagun bilakatu zen. Etorkizunean idazlea ere izan zen Leek To Kill a Mockingbird eleberrirako Capote izan zuen gogoan Dill pertsonaia sortzean. Trumanek, eskolara joan aurretik, bere kabuz ekin ei zion irakurtzen eta idazten ikasteari.[2] Bost urte besterik ez zituenean han zebilen Truman hiztegia eta kuadernotxoa atzera eta aurrera, eta inoiz idazleak berak esan zuen bederatzi urte bete zituenerako liburu bat idatzia zuela. Hamar urterekin Monroevilletik gertu zuten Mobile hirian umeentzat antolatutako sari batean aurkeztu zuen Old Mr. Busybody izenburua zuen narrazio laburra.

Sasoi horretan, 1933an hain zuzen, New Yorkera joan zen bizitzera, amarekin eta haren bigarren senarrarekin, Joe Garcia Capote enpresaburuarekin (Kanarietan jaioa, ehungintzaren arloko enpresa gizona zen).[3][4] Trumanek gerora erabili zuen izena bere egin zuen: Truman Garcia Capote. Hamaika urte bete berriak, idaztearena zaletasun bizia da gaztearentzat: egunean hiruzpalau orduko saioak eskaintzen zizkion izkiriatzeari: "Hamaika urte bete nituenean hasi nintzen serio idazten, esan nahi baita, beste ume batzuek ganoraz-edo musika ikasten jarduten duten moduan ekin niola nik idazteari. Eskolatik atera eta etxera abiatzen nintzen hiru orduan idazten emateko gogoz. Amorratuta". 1939an Capotetarrak Greenwichera joan ziren bizitzera. Hango eskolako aldizkarietan sarri hartu zuen parte. Ostera New Yorken, 1942an Dwight ikastetxean graduatu zen.

Oinarrizko ikasketak amaituta, The New Yorker aldizkarian lan egiteko aukera izan zuen, eta pozik antzean ibili zen, ondo erabakita baitzuen hezkuntza arautuan ez aritzea, ez jarraitzea. Bi urtean jardun zuen lantegi horretan, New Yorkeko kulturan erreferente inportantea den algitalpenean.

Narrazio laburrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1943 eta 1946 bitartean Capotek narrazio labur nahikotxo emango ditu argitara The Atlantic Monthly, Harper's Bazaar, Harper's Magazine, Mademoiselle, The New Yorker, Prairie Schooner... literatur aldizkari ezagunetan. Garai honetakoak dira esaterako A Mink of One's Own, Miriam (O. Henry literatur saria irabazi zuena), My Side of the Matter, Preacher's Legend, Shut a Final Door eta The Walls Are Cold.

1943koa da Capoteren lehen eleberria: Summer Crossing[5], uda bateko maitasun istorio baten ingurukoa, emakume aberats eta autoak zaintzen dituen baten artekoa. Capotek berak lan hura apurtu egin zuela esana zuen inoiz, emaitzarekin damututa edo; 2005ean, ordea, argitara eman zuten. Itxura baten 1966an Trumanen Brooklyneko apartamentua jagoten zuen neskatxak lapurtu zuen eta 2004an Random House argitaletxeari eskaini.

Other Voices, Other Rooms[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1945eko ekainean Miriam narrazio laburra atera zuen Mademoiselle aldizkariak, hurrengo urtean O. Henry literatur saria irabaziko zuen lana. Benett Cerf editorearen arreta erakarri zuen lantxo horrek: Random House argitaletxeak proposamena egin zion Capoteri eleberri bat idazteko eta horretarako zegokion kontratua eskaini. 1500 dolarreko aurrerakina patrikan, idazlea Monroevillera bueltatu zen eta Other Voices, Other Rooms idazteari ekin zion. New Orleansen, Saratoga Springsen, eta Ipar Carolinan segida eman zion lanari; amaitu, Nantucketen bukatu zuen. Ez dugu ahaztu behar aldi honetan ere Capotek aukera izan zuela hainbat artista eta idazlerekin batera Saratoga Springsen, Yaddo delako kolonian, bizitzeko eta euren gertuko harremana lantzeko. Haurtzaroko kontuak biltzen ditu Other Voices, Other Rooms lanak, txikitan bizitutakoak paperean paratzeko saioa. The Dogs Bark 1973ko idazlanean horrela zioen Capotek: "erabat inkontziente jardun nuen lan hartan, intuizioak gidatuta, eta orain irakurrita, ez nago batere pozik, neure burua engainatu nuelako irudipena daukat".

Truman Capote. Carl Van Vechten argazkilariaren erretratua, 1948.

Hona zertan den: Joel Knox 13 urteko nerabeak ama galdu du eta New Orleansetik Alabamara bidali dute aitarekin bizitzera; Joel jaio berritan etxetik alde egina zen aita. Baserri giroko etxaldean hiru lagunek hartuko dute gaztetxoa: Amy amaordeak, Randolph delakoak eta Idabel neskatxak. Aita ez da inon ageri eta Joel galdezka aritu arren inork ez dio haren berri ematen. Bada beste pertsonaia bat, gela bateko leihoan zutik eta emakume arropaz jantzia-edo antzematen ahal dena, itzal misteriotsua baino ez. Nahigabeko istripu batek aita hilzorian jarriko du, eta orduan ezagutuko du Joelek (piano batek harrapatu du aita eta txiki egin). Idabelekin batera ihesari ekingo dio, baina neumonia batek harrapatu eta ostera ere aitaren etxera bueltatuko da. Randolphek, mutilaren ondotik aldendu barik, osatu arte jagongo du. Azken paragrafoan jakin ahal dugu Randolph eta leihoko itzala pertsona bera direna. Capoteren biografo Gerald Clarkek dio idazleak bere homosexualitatea onartu baino aldarrikatu duela, eta horrek poztu egin duela (Capote: A Biography,1988).

Other Voices, Other Rooms 1948an argitara eman eta bederatzi astean liburu salduena izan zen The New York Times egunkariaren zerrendetan, 26.000 aletik gora salduta. Sortu zuen bat-bateko eraginak eta promoziorako jarduteko moduak Capote famatu zuten. Liburuaren kanpoko azalean agertutako Harold Halma argazkilariaren erretratuak testuak ia beste komentario sorrarazi zituen [6]. Clarkeri kasu egitera argazkiak sortu zuen iskanbilaren parekoa izan zen Capoteren poza (Capote: A Biography, 1988), idazlea ezagun bihurtzeko irrikitan zegoelakoan. Orduan hogei urte besterik ez zituen Andy Warholi benetan zirrara sortu zion argazkiak, horretaz sarri hitz egin baitu eta Capoteri mirespen-gutunak bidaltzera bultzatu baitzuen.[7] Warhol 1949an New Yorkera aldatu zenean, idazlearekin bat egiteko hamaika saio egin zituen. Hainbesterainokoa ei zen erakarpena, 1952ko Warholen lehen banako erakusketak Trumanen testuak zituen oinarri: Hamabost margolan Truman Capoteren testuetan oinarrituta zuen izentzat (Hugo Gallery 1952ko ekainaren 16tik uztailaren 3ra).

Other Voices, Other Roomsek lortutako arrakastari segida eman zion A Tree of Night and Other Stories argitalpenak, 1949an ostera ere Random Housek argitaratua. Aldez aurretik idatzitako Miriam narrazioarekin batera, 1948an O. Henry saria irabazitako Shut a Final Door kontakizuna agertu zen bilduma honetan.

Aldi honetan Capote gogo erori ei dabil, eta Europara abiatuko da; bi urterako Sizilia izango du bizileku. Local Color (1950) izango da aldi honetako emaitza, bidaietako kronikak, ez fikzioarako bideari ekiten dion lana. Bestelako esperientzia eta euskarriak landu nahian 1951n idatzitako The Grass Harp eleberriaren antzerkirako bertsioa egokitu zuen (1971n musikala ere izango da eta 1995ean zinemarako bertsioa). 1953an John Hustonen Beat the Devil filmaren gidoia atondu zuen. 1954an House of Flowers musikala idatzi zuen. Eta Sobietar Batasunean bidaian ibili bitartean The New Yorker aldizkarirako idatzitako artikuluak The Muses Are Heard bilduman argitaratu zituzten (1956).

Breakfast at Tiffany's[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audrey Hepburnek egin zuen Hollyrena Blake Edwardsek zuzendutako eleberriaren zinemarako bertsioan

Breakfast at Tiffany's: A Short Novel and Three Stories, horixe da Capoteren 1958an argitaratutako lanaren izen osoa. Aipatu eleberriaz gainera, liburuak hiru narrazio labur ere biltzen zituen: House of Flowers, A Diamond Guitar eta A Christmas Memory. Breakfast at Tiffany's istorioko emakumea, Holly Golightly, Capotek sortutako pertsonaia ezagunena izan daiteke, gerora lanak zineman izan zuen egokitzapenaren erruz akaso: Audrey Hepburnek gogoangarri jardun zuen harako hartan. Manhattanera bizitzera joandako iragan gabeko andre Hollyren eta idazle gazte hasi berriaren arteko harremana azaltzen digu eleberriak. Roy Newquist idazleari aitortu zion legez idazlan honek mugarri bat ezarri zuen Capoteren sorkuntzan:

"Bi etapa dakusat nire literatur ibilbidean. Aurrena gazte kementsuarena liteke, lan ausartak idatzi zituen harena. Ontzat jotzen ditut sortutakoak, nahiz eta neure ez sentitu erabat. Bigarren aldia uste dut Gosaria Tiffany's-en eleberriarekin hasten dela. Prosaren estiloa aldatu nuen, estiloak aurrera egin zuen, argiago-edo dateke. Ez da aurrenekoa baino originalagoa, baina tankera honetakoa sortzea zailagoa da. Dena den ez da, oraindik, egin nahi dudanaren erakusgai, hartu nahi dudan norabidea alegia. Baina hurbilpen modukoa bada[8]".

In Cold Blood[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Truman Capoteren In Cold Blood: A True Account of a Multiple Murder and Its Consequences idazlanaren abiapuntua The New York Times egunkariaren 1959ko azaroaren 16ko edizioaren 19. orrialdeko 300 hitzeko artikulua da. Kansasen, Holcomb herrian, Clutter familiakoak garbitu zuteneko berria:

Nekazaria eta familiako hiru tiroz hilak
« Garia landatzen zuen nekazari aberatsa, beronen andrea eta bi seme-alabak tiroz hilak aurkitu dituzte haien etxaldean. Eskupetez hurre-hurretik josi zituzten balaz, lotu eta bozatu ostean. Aita, 48 urteko Herbert W. Clutter, sotoan topatu dute, 15 urteko seme Kenyonekin batera. Ennis andrea, 45 urtekoa, eta alaba Nancy, 16 urtekoa, euren oheetan zeutzan. Ez zen burruka izan zelako arrastorik, ezta lapur egin izanarena ere. Telefono-hariak moztuak izan ziren. Earl Robinson sheriffaren ustean halako basakeria burutik egindako hiltzaile baten lana da. Clutter jauna Kansaseko Gari Kultibadoreen elkarteko sortzaileetakoa izan zen. 1954an Ameriketako Estatu Batuetako presidente Dwight D. Eisenhowerrek Nekazaritza Kreditu Administrazioan lan egiteko izendatu zuen; Clutter ez zen Washingtonera joan baina. Cluttertarren etxaldeak 1000 akre inguru ditu[9], zonaldeko leku emankorrenean dagoelarik. Clutter jauna, emaztea eta alaba pijama jantzita zeuden; mutilak blue jeans-ak eta elastikoa zeramatzan. Gorpuak Nancyren lagun eta ikaskide bik aurkitu zituzten, Susan Kidwellek eta Nancy Ewaltek... Senar-emazteen alaba bi kanpoan ziren: Beberly, Kansaseko unibertsitatean ikasle dabilena, eta Mount Carrol-en, Illinoisen, bizi den Donald G. Jarchow andrea. »


Berri labur honek txundituta Capote Holcombera abiatu zen hilketaren lekua bisitatzeko asmoz, Harper Lee laguna bidaide. Hurrengo urteetan krimena izan zuen bere literatur lanerako oinarri eta ikerketan zebiltzan guztiak aurrez aurre ezagutu zituen, eta bai herriko bizilagun gehienak ere. Ez zuen idatzizko oharrik jasotzen egiten zituen elkarrizketetan: behin amaituta idazteari ekiten zion; Capotek berak esana da bere memoria ahalmena kontuak hitzez hitz gogoratzeko % 94koa zela. San Franciscoko 1974ko nazioarteko zinemaldian horrela gogoratu zuen sasoi hura:

« Lau urte eman nituen Kansaseko alde hartan libururako lanak egiten. Nolakoa den? Oso leku bakartia. Zaila izan zen. Lagunak egin nituen, hori bai. Nahitaez egon behar nuen han, osterantzean nekez burutuko nuen lan hura. Kazetaritzan saio berezia egin nahi nuen eta horretarako aukera emango zuen gai baten bila nenbilen. Probatua nituen hainbat kontu The New Yorker aldizkarirako idatzi nuenean... baina aukera zabalak eskainiko zizkidan lanketa-eremu bat behar nuen. Eginak nituen ordurako bizpahiru saiakera; luze lan eginda, ordea, emaitza ez zen nire gustukoa. Eta halako egun batean berri labur batekin egin nuen topo The New York Times egunkarian: Kansas, familia tiroz hila. Eta ezer gutxi nekien nik horretaz guztiaz, eta beharbada horrek bultzatu ninduen, eta pentsatu nuen: "Perspektiba berria dut hortxe...hara joango naiz eta gertutik aztertu zer den, beharbada bila nabilena izan daiteke, halako hilketa, herri txikia...". Cluttertarren hiletak ospatu eta bi egunetara ailegatu nintzen. Ez nuen batere argi zenbat denbora eman behar nuen Kansasen. Badakizue, edozer gauza gerta zitekeen, hau da, berehala harrapatu ahal zitzaketen hiltzaileak, edota sekula ere ez. Atzeman egin zituzten, eta gerora gerta zitekeen hiltzaileek nirekin ez berba egitea. Urtarrilerako argituta zegoen auzia eta hor hasi zen niretzako saio berezia: lau urtean bi mutiko haiek ondo-ondotik ezagutu nituen, exekutatu zituzten arte. Prozesu luze horretan behin eta berriro gertatu zen lehen azaldu dudana: ez jakitea zer gertatuko zen epe laburrean, eta inoiz ez edukitzea argi ahaleginak mereziko zuen[10] »


In Cold Blood zatika atera zuen The New Yorker aldizkariak 1965ean; 1966an Random Housek liburua argitaratu zuen. Ez fikziozko eleberria, horrela bataiatu zuen Capotek berak lan hura eta berehala best-seller bihurtu zen.

Kenneth Tynan literatur kritikariak The Observer-en eginiko liburuaren iruzkinak hautsak harrotu zituen eta Capoterekin ika-mikan hasi zen. Tynanen arabera Capotek bi hiltzaileen exekuzioa gertatzea nahi zuen, liburuak amaiera biribila izan zezan:

« Azken batean eratzunkizunaz ari gara berbetan... Aurreneko aldia da idazle handi bati heriotz zigorrera kondenatutako bi gaizkilerekin intimatzeko aukera ematen zaiona, nahi bestean. Eta nire irudipena da ezer gutxi egin duela bi gixajo haiei laguntzeko. Eta zalantza hauxe da, zeri eman lehentasuna? Lanari, idazlearen lanari? ala kondenatuen bizitzari? Baliteke txosten psikiatriko berriak eskatzeak haien bizitza ez salbatzea, baina eskatzeko saioa ere ez zen egin. »


In Cold Blood argitaratu osteko urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Odol hotzean kontakizunak izan zuen arrakastaren ondorioz Capoteren lanen berrargitaratzea bidean zetorren eta aurreneko urteetako idatziak berriro kaleratu zituzten: batetik, Other Voices, Other Rooms lanaren 20. urteurrena ospatzeko edizioa atera zuten; eta, bestetik, AEBetan ohi diren holiday gifts edo oporretan aldizkariekin batera oparitutako liburu modura eskaini ziren Trumanen lan bi. Bata, 1956an idatzitako A Christmas Memory; bestea, The Thanksgiving Visitor (1968).

1960ko hamarkadaren azken aldian Lee Radziwill ezagutu eta Trumanen adiskide bihurtu zen. Hura Jacqueline Kennedy Onassisen ahizpa zen, aktore izan nahi zuen gaztea. Ordurako egin zituen lanak eskasak ei ziren eta kritikak ondo larrutua zen (horra The Philadelphia Story lanaren Chicagon taularatutako bertsioa). 1967an Otto Preminger zinemagilearen 1944ko Laura filmaren telebistarako egokitzeko eskatu zioten Capoteri, aipatu Lee Radziwillek antzez zezan. Emaitza halamoduzkoa izan zen.

Sasoi honetan Palm Springs zuen bizileku Capotek. Zurrutari ekin zion nabarmen, utzikeriara jota zebilen eta aldartea nahasi: 1950etik maitale zuen Jack Dunphyrekiko harremana gaiztotuz joan zen, eta lagun berriren bila jardun zuen. Gutxi idazten zuen, Paramount ekoizpen etxeak atzera bota zion The Great Gatsby eleberriaren zinemarako gidoia (1974), telebista saioetan usu mozkor agertzen zen... 1972an, eta Lee Radziwill lagun zuela, The Rolling Stones musika taldeak Ameriketako Estatu Batuetan zehar egin zuten kontzertu biran ibili zen kazetari, Rolling Stone (aldizkaria)Rolling Stone aldizkariak hala eskatuta. Mick Jaggerrekin haserretu ei zen, eta ez zuen bere lana bete.

1973an Capotek John O'Shea ezagutu zuen, Long Islandeko banketxe bateko zuzendariordea; idazle izateko irrika zuen O'Sheak, eta Trumanekiko harremana horra bideratua ei zuen. Garai hartako txutxumutxuetako bat izan bien arteko hartu-eman gorabeheratsua. Capoteren ondasunak ere O'Shearen jomugan zeuden, eta Trumanen lagun askok susmo handia hartu zioten bankariari idazlearen jabegoa gobernatzen hasi zenean.

Truman Capote 1959an. Roger Higgins argazkilariaren erretratua

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Izenburua Oharrak
1943 inguru Summer Crossing Eleberria; 2005an argitaratuta, hilondokoan.
1945 "Miriam" Narrazio laburra; Mademoiselle aldizkarian
1948 Other Voices, Other Rooms Eleberria
1949 A Tree of Night and Other Stories Narrazio laburren bilduma
1951 The Grass Harp Eleberria
1952 The Grass Harp Antzezlana
1953 Beat the Devil John Hustonek zuzenduriko filmaren gidoia
1954 House of Flowers Broadwayko musikala
1956 The Muses Are Heard Ez fikziozko lana
1956 "A Christmas Memory" Narrazio laburra; Mademoiselle aldizkarian.
1957 "The Duke in His Domain" Marlon Brando aktorearen gaineko lana; The New Yorker aldizkarian; Life Stories: Profiles from The New Yorker (2001) lanean berriro argitara emana.
1958 Breakfast at Tiffany's Eleberria
1960 The Innocents Jack Claytonek zuzendutako filmaren gidoia
1963 Selected Writings of Truman Capote Testu antologia; fikzioa eta ez fikzioa
1964 Seventeen aldizkarian ateratako narrazio laburra
1966 In Cold Blood "Ez fikziozko eleberria"
1968 The Thanksgiving Visitor Oparitan emateko liburutxoa, aldizkari batek sustatuta
1973 The Dogs Bark Bidaietako kronikatxoak eta hainbat pertsonaiaren erretratuak
1975 "Mojave" eta "La Cote Basque, 1965" Esquire aldizkarian. Basque horrek jatetxe baten izenari egiten dio erreferentzia.
1976 "Unspoiled Monsters" eta "Kate McCloud" Narrazio laburrak, Esquire aldizkarian
1980 Music for Chameleons Fikzioa eta ez fikzioa. Artikulu laburrak.
1983 One Christmas Oparitan banatzeko liburua
1987 Answered Prayers: The Unfinished Novel Hilondokoan
1987 A Capote Reader Lanen bilduma
2004 The Complete Stories of Truman Capote Hogei narrazio labur biltzen dituen antologia
2004 Too Brief a Treat: The Letters of Truman Capote Capoteren biografo Gerald Clarkek argitaratutako idazlearen korrespondentzia
2007 Portraits and Observations: The Essays of Truman Capote Random House argitaletxea

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igela argitaletxeak kaleratutakoak:

  • Odol hotzean (In Cold Blood). 1996. Itzultzailea: Xabier Olarra.
  • "Ehun atsekabeen atea (Lau bidaia)".
  • "Gabonetako ipuinak" (A Christmas Memory).
  • "Eskuz landutako hilkutxak".
  • "Kameleoientzako musika" (Music for Chameleons). 2000. Itzultzailea: Xabier Olarra.

Ibaizabal argitaletxeak kaleratutakoak:

Elkar argitaletxeak kaleratutakoak:

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]