Pteranodon

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pteranodon
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaReptilia
OrdenaPterosauria
FamiliaPteranodontidae (en) Pteranodontidae
SubfamiliaPteranodontinae (en) Pteranodontinae
Generoa Pteranodon
Marsh, 1876
Azpibanaketa
  • P. longiceps? Marsh, 1876
  • P. sternbergi? Harksen, 1966
Datu orokorrak
Altuera2 m
Masa93 kg
Zabalera7 m

Pteranodon (grezierazko πτερόν, "hegal", eta ἀνόδων, " horzgabe" hitzen lotunea) Ipar Amerikan Kretazeo Berantiarren bizi zen pterosauroen generoa da. Existitu izan den narrasti hegalari handienetakoa izan zen, ia 7 metrotako hegal zabalera hartzen baitzuen.

Pteranodon-aren 1.200 fosiletik gora bildu dira, beste edozein pterosaurorenak baino gehiago, eta oso egoera onean gainera. Mendebaldeko Barneko itsasoa zegoen tokian aurkitu dira, gaur egungo Ipar Amerikan[1].

Aurkikuntzen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon-a izan zen Europatik kanpora aurkitu zen aurreneko pterosauroa. Othniel Charles Marshek aurkitu zuen 1870. urtean Kansas mendebaldeko Smoky Hill Chalk harrobian. Klerazko deposito hauek garai bateko Mendebaldeko Barneko itsasoaren hondoan eratu ziren[2]. Hasierako fosil horiek hegoetako hezurrak izan ziren Xiphactinus arrain baten hortzarekin batera eta Marshek pterosauroarena zela pentsatu zuen. 1871ean Pterodactylus oweni izena eman zion, Europan aurkituriko pterodaktiloen genero berekoa izango zela iritzita. Handik gutxira jakin zuen izen bereko fosil bat dagoeneko deskribaturik zegoela Europan eta izena aldatu behar izan zuen, Pterodactylus occidentalis bihurtuz, "mendebaldeko pterodaktiloa". Bilduriko hezur berriekin beste bi espezie ere izendatu zituen, Pterodactylus ingens (ordura arteko handiena) eta Pterodactylus velox (txikiena)[3].

Hezurren Gerra garaia zen eta Edward Drinker Cope Marshekin lehian ari zen. Honek ere pterosauroak aurkitu zituen eta Ornithochirus umbrosus eta Ornithochirus harpyia espezieak izendatu zituen[3]. Copek 1872an bere espezieak plazaratu zituenean konturatu zen Marshek bost egun lehenago publikatu zituela eta haren izenak erabiltzea onartu behar izan zuen[4].

Hortz gabeko pterosauroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marshek eta Copek hegoetako hezurrak bildu zituzten baina 1876an Marshen taldekidea zen Samuel Wendell Willistonek garezurra aurkitu zuen[1]. Bigarren garezur txikiago bat ere aurkitu zen eta konturatu ziren Europako pterodaktiloek ez bezala, hauek hortzik eta moko gaineko gandorrik ez zeukatela. Hori ikusita Marshek genero berria sortu zuen 1876an, Pteranodon, "hortzik gabeko hegoa". Hurrengo urteetan hainbat espezie deskribatu zituen Marshek: Pteranodon longiceps, P. occidentalis, P. ingens, P. comptus, Pteranodon gracilis eta P. nanus[3], baina azken hau Nyctosaurus generoan birsailkatu zuen[5].

Espezie gehiegi[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon-a pausaturik.

Willingstonek espezie guzti hauek aztertu zituen eta 1903an zazpi espezieak hiru zirela ondorioztatu zuen, P. ingens (handia), P. occidentalis (ertaina) eta P. velox (txikia)[3]. 1910an Eatonek Pteranodon-aren deskribapen zehatzagoak egin zituen eta honek ere hiru espezie finkatu zituen; P. occidentalis, P. ingens eta P. longiceps[3].

1966an Harksenek atzerantz gandorra zuen garezur berria aurkitu zuen eta Pteranodon sternbergi izena eman zion[6]. 1972an Millerrek sailkapen berria egin zuen, P. marshi, P. eatoni eta P. walkeri espezieak izendatuz. Nyctosaurus-a ere azpigenero gisa sartu zuen Pteranodon generoaren barnean. Wellnhoferrek (1978) eta Schochek (1984) atzera egin zuten[3].

1990. hamarkadaren hasieran S. Christopher Bennett-ek Pteranodon-aren inguruko ikerketa anatomiko eta taxonomiko sakonak argitaratu zituen[7]. Suedia hegoaldeko Eskania eskualdean ere aurkitu dira Pteranodon-ari esleitu zaizkion fosil batzuk.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon longiceps baten ilustrazioa.

Baliozko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun bi espezie hartzen dira ziurtzat. Pteranodon longiceps (espezie tipoa) eta Pteranodon sternbergi. Bien arteko desberdintasun handiena helduen gandorraren itxura da eta garezurreko hainbat hezurren angeluak. Horretaz gain P. sternbergi duela 88-85 milioi urtetako estratuetan aurkitzen da eta P. longiceps duela 86-84'5 milioi urtetako geruzatan[8].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen Andres eta Myersek 2013an proposaturiko kladograma:[9]

 Pteranodontia 
 Nyctosauridae 

Muzquizopteryx coahuilensis

"Nyctosaurus" lamegoi

Nyctosaurus gracilis

Alamodactylus byrdi

 Pteranodontoidea 

Pteranodon longiceps

Pteranodon sternbergi

 Istiodactylidae 

Longchengpterus zhaoi

Nurhachius ignaciobritoi

Liaoxipterus brachyognathus

Istiodactylus latidens

Istiodactylus sinensis

Lonchodectes compressirostris

Aetodactylus halli

Cearadactylus atrox

Brasileodactylus araripensis

Ludodactylus sibbicki

Ornithocheirae

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon longiceps arra (berdea) eta emea (laranja), gizaki baten tamainarekin alderatuta.

Dimorfismo sexuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1.200 fosiletik gora jaso dira baina erdia ere ez dira nahikoa onak azterketa zehatzak egin ahal izateko[2].

Espezie bietan bi motatako aleak aurkitu dira. Ale txikienak emeak izango zirela pentsatzen da, ubide pelbikoa oso zabala baita, arrautzak ongi igaro ahal izateko. Gandorrak borobiltsuak dira. Ale handienak berriz arrak izango ziren, pelbis estua zuten eta gandor zorrotz eta tentea[10].

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon heldu arra pterosauro eta animalia hegalari handiena izan zen XX mendearen amaieran Azhdarchidae pterosauroak aurkitu ziren arte[2]. Aurkituriko Pteranodon longiceps ar handienak 7'25 metrotako hego-zabalera du baina batez beste 5'6 metrotakoak aurkitu izan dira. Emeak txikiagoak ziren, 3'8 metrotako hego zabalera batez beste. Pisua kalkulatzeko ordea arazo handiagoak izan dira. Batzuek 20 kilogramotakoa zehaztu duten arren badaude 93 kilogramo pisatzen zutela esaten duenik ere[11].

Pteranodon-aren ornoetan bizkarrezur muin estua zen. Aldakaren gainean zeuden ornoak lotailu hezurkara lauek indartuak zeuden eta isatsa oso laburra zen. Heldu handienetan isatsak 25 cm-tako luzera zuen[12].

Garezurra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon baten garezurra eta mokoa.

Gaur egungo hegaztien gisa, Pteranodon-ak hortzik gabeko mokoa zuen. Moko luzea eta liraina zen eta mutur zorrotza zeukan. Gaineko baraila azpikoa baino luzeagoa zen eta muturrean gorantz kurbatzen zen.

Garezurreko aurrealdeko hezurrek gandorra osatzen zuten, gorantz eta atzerantz proiektaturik. Adinaren, sexuaren eta espeziearen arabera gandorraren itxura eta tamaina desberdina zen. Pteranodon sternbergi espezieak, bietan zaharrenak, gandor tenteagoa eta zabalagoa zuen eta hauen ondorengo izango ziren Pteranodon longiceps espeziekoak gandor estuagoa eta atzerantz proiektatua zeukaten. Gandorra erakusteko izango zela pentsatzen da[10].

Paleobiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon longiceps aireratzen erakusten duen ilustrazioa. Lau hankatan egotetik aurreko hankekin palanka eginez aireratzen dela ikusten da.

Hegoen formak iradokitzen du Pteranodon-ak gaur egungo albatrosek egiten duten antzera planeatu egingo zuela, izan ere biek antzerako hego-zabalera/korda ratioa baitute, pteranodonak 9:1 eta albatrosak 8:1. Albatrosek itsasaldean denbora luzea igarotzen dute arrantzan eta energia aurrezteko "goranzko dinamikoa" teknika erabiltzen dute, aire masen arteko mugetan eratzen diren haize korronteak aprobetxatzen dituzte gorantz igotzeko[13].

Lau hankatako posizioan jartzen ziren eta jauzi azkar batekin aireratzen ziren.

Lehorrean nola mugitzen ziren zehazteko eztabaida luzeak izan dira. Ikerlarien gehiengoak uste du lau hankatan ibiliko zela, izan ere hori iradokitzen duten Pteranodon lorratzak aurkitu baitira[14].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon fosil baten urdailean arrainen hezurrak aurkitu direnez dietaren gehiengoa arrainek osatzen zutela pentsatzen da[2]. Arrainen ezkatak ere aurkitu izan dira.

Tradizionalki pentsatu izan da ur azaletik gertu hegan egin eta mokoa murgilduz egingo zutela arrantzan. Baina gaur egun pentsatzen da ur azaletik aireratzeko gai izango zirela eta beraz badirudi ur azalean igerian zebiltzala burua murgildu eta arrantzatiko zutela. Bennetek 1994an proposatu zuen gaur egungo txoriek bezain garezur sendoa izateak airetik erasotzea ere posible izango zela, gaur egungo itsas hegaztien antzera[2].

Gandorraren funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pteranodon-aren ezaugarri nabarmenetako bat buruko gandor luzea zen. Fosil desberdinek tamainan eta itxuran aldaketak zituztela ikusi da eta badirudi funtzio nagusia heldutasun sexuala erakustea zela bikotea bilatzeko orduan[15].

Historian zehar aipatu izan diren gainerako funtzioak bigarren mailakoak lirateke. George Francis Eaton-ek (1910) funtzio aerodinamikoa izango zuela proposatu zuen, bai eta muskuluen atxikidura puntu gisako funtzioa ere, baina berak ere onartu zuen hainbesteko luzera arrazonatzeko gaitasunik ez zuela[16]. Moko luzea orekatzeko izan zitekeela ere aipatu zuen, baina haizearen tunelean egindako esperimentuek erakutsi dute eraginkortasun txikia zuela[16]. Dominik von Kripp-ek (1943) lema gisa erabiliko zuela aipatu zuen eta ondorengo hainbat ikerlarik ere eutsi zioten ideia horri[17]. Baina emeen gandor txikiak eta P. sternbergi-ren gandorraren itxurak atzera bota zuten hipotesi hori ere. Balazta gisa erabiliko zuela ere aipatu izan da, baina lemaren hipotesiak zuen oztopo berak zituen honek ere[18].

Paleoekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Amerikako mapan Mendebaldeko Barneko itsasoaren (Western Interior Seaway) kokapena adierazita.

Pteranodon fosil gehienak Ipar Amerika mendebaldeko bi formaziotan aurkitu dira, Niobara Formazioko Smoky Hill klera depositoetan eta zerbait berriagoa den Pierre Shale Formazioan. Pteranodon-a bizi zenean sakonera txikiko itsaso batek estaltzen zituen lurralde hauek, Mendebaldeko Barneko itsasoak. Edozein kasutan ere antzinako itsaso honen hegoaldeko eremuetan bildu dira fosilak, Kanada aldean ez da inongo pterosauroren aztarnarik aurkitu[3].

Pteranodon longiceps ez zen inguruko pterosauro bakarra, Nyctosaurus ere bazegoen, haren genero berdinekoa eta gandorduna, baina tamainaz handiagoa. Nyctosaurus-a baina Pteranodon-a baino askoz urriagoa da Formazioetan, fosilen %3a baino ez du osatzen[8]. Pteranodon-ak itsasertzetik barrura kumatzen zuen toki arrokatsuetan. Kostaldetik ehunka kilometrotara aurkitu dira haren aztarnak[10].

Itsasoetan ornogabeak ziren nagusi, amoniteak eta txibiak esate baterako. Itsasoko narrastiak ere baziren, itsas dortokak, plesiosauroak eta mosasauroak adibidez. Hauek Pteranodon-en harrapariak ziren, izan ere, 1904an Barnum Brownek plesiosauro baten urdailean pterosauro baten hezurrak aurkitu zituen, hasieran pterodaktiloarenak zirela esan bazuen ere gaur egun Pteranodon batenak direla argi dago.[19].

Lehorreko dinosauroen fosilak ere aurkitu dira baina pentsatzen da itsasertzean hil eta korronteak barnealdera eramango zituena. Marrazo batek sarraski gisa jandako hadrosauro baten fosila aurkitu da Niobrara Formazioan[20].

Pteranodon-a egungo kulturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zineman eta komikietan ohikoa da Pteranodon-aren presentzia, nahiz eta sarritan pterodaktiloa dela esan, modu okerrean, hau baino askoz handiagoa baitzen Pteranodon-a.

Jurassic Park film sagaren filmetan agertzen da, The Lost World filmaren amaieran eta Jurassic Park III filmean[21]. Ez dago ongi irudikatua, hortzak jarri baitizkiote, izenak berak "hortz gabea" dela esan arren. Marrazki bizidunetako The Land Before Time filmean ere taldeko protagonistetako bat da[22].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Bennett, S.C.. (2000). Inferring stratigraphic position of fossil vertebrates from the Niobrara Chalk of western Kansas. Current Research in Earth Sciences: Kansas Geological Survey Bulletin, 244(Part 1):, 26 or..
  2. a b c d e Bennett, S.C.. (1994). The Pterosaurs of the Niobrara Chalk. The Earth Scientist. 11 (1):, 22-25 or..
  3. a b c d e f g Bennett, S.C.. (1994). Taxonomy and systematics of the Late Cretaceous pterosaur Pteranodon (Pterosauria, Pterodactyloida). Occasional Papers of the Natural History Museum, University of Kansas. 169:, 1-70 or..
  4. Cope, E.D.. (1875). The Vertebrata of the Cretaceous formations of the West. Report, U. S. Geological Survey of the Territories (Hayden), 2: 302 pp., 57 pls..
  5. (Ingelesez) Marsh, Othniel Charles. (1876-12-01). «Principal characters of American pterodactyls» American Journal of Science s3-12 (72): 479–480.  doi:10.2475/ajs.s3-12.72.479. ISSN 0002-9599. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  6. Sternberg, George F.; Walker, Myrl V.. (1958). «Observation of Articulated Limb Bones of a Recently Discovered Pteranodon in the Niobrara Cretaceous of Kansas» Transactions of the Kansas Academy of Science (1903-) 61 (1): 81–85.  doi:10.2307/3626742. ISSN 0022-8443. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  7. (Ingelesez) Kellner, Alexander W. A.. (2010-12). «Comments on the Pteranodontidae (Pterosauria, Pterodactyloidea) with the description of two new species» Anais da Academia Brasileira de Ciências 82 (4): 1063–1084.  doi:10.1590/S0001-37652010000400025. ISSN 0001-3765. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  8. a b Harries, P. J., ed. (2008). High-Resolution Approaches in Stratigraphic Paleontology. Springer Netherlands  doi:10.1007/978-1-4020-9053-0. ISBN 978-1-4020-1443-7. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  9. Andres, B.; Myers, T. S.. (2013). «Lone Star Pterosaurs» Earth and Environmental Science Transactions of the Royal Society of Edinburgh 103 (3–4): 383–398.  doi:10.1017/S1755691013000303..
  10. a b c Bennett, S. Christopher. (1992-12-15). «Sexual dimorphism of Pteranodon and other pterosaurs, with comments on cranial crests» Journal of Vertebrate Paleontology 12 (4): 422–434.  doi:10.1080/02724634.1992.10011472. ISSN 0272-4634. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  11. (Ingelesez) Witton, Mark P.; Habib, Michael B.. (2010-11-15). «On the Size and Flight Diversity of Giant Pterosaurs, the Use of Birds as Pterosaur Analogues and Comments on Pterosaur Flightlessness» PLOS ONE 5 (11): e13982.  doi:10.1371/journal.pone.0013982. ISSN 1932-6203. PMID 21085624. PMC PMC2981443. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  12. Bennett, S. C.. (1987). New evidence on the tail of the pterosaur Pteranodon (Archosauria: Pterosauria). Pp. 18–23 in Currie, P. J. and E. H. Koster (eds.), Fourth Symposium on Mesozoic Terrestrial Ecosystems, Short Papers. Occasional Papers of the Tyrrell Museum of Paleontology, #3..
  13. (Ingelesez) Padian, Kevin. (1983/ed). «A functional analysis of flying and walking in pterosaurs» Paleobiology 9 (3): 218–239.  doi:10.1017/S009483730000765X. ISSN 0094-8373. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  14. Unwin, David M.. (2006). The Pterosaurs: From Deep Time. New York: Pi Press., 210-222 or. ISBN 978-0-13-146308-0..
  15. Tomkins, Joseph L.; LeBas, Natasha R.; Witton, Mark P.; Martill, David M.; Humphries, Stuart. (2010-08-01). «Positive Allometry and the Prehistory of Sexual Selection.» The American Naturalist 176 (2): 141–148.  doi:10.1086/653001. ISSN 0003-0147. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  16. a b Eaton, G.F.. (1910). Osteology of Pteranodon. Memoirs of the Connecticut Academy of Arts and Sciences, 2:1–38, pls. i–xxxi..
  17. von Kripp, D.. (1943). Ein Lebensbild von Pteranodon ingens auf flugtechnischer Grundlage. Nova Acta Leopoldina, N.F., 12(83):, 16-32 or..
  18. Bramwell, C.D. and Whitfield, G.R.. (1974). Biomechanics of Pteranodon. Philosophical Transactions Royal Society B, 267 or..
  19. (Ingelesez) Brown, Barnum. (1904-08-05). «Stomach Stones and Food of Plesiosaurs» Science 20 (501): 184–185.  doi:10.1126/science.20.501.184. ISSN 0036-8075. PMID 17737868. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  20. Everhart, Michael J.; Ewell, Keith. (2006/04). [27:SDHCVF2.0.CO;2/Shark-bitten-dinosaur-Hadrosauridae-caudal-vertebrae-from-the-Niobrara-Chalk/10.1660/0022-8443(2006)109[27:SDHCVF]2.0.CO;2.full «Shark-bitten dinosaur (Hadrosauridae) caudal vertebrae from the Niobrara Chalk (Upper Coniacian) of western Kansas»] Transactions of the Kansas Academy of Science 109 (1): 27–35.  doi:10.1660/0022-8443(2006)109[27:SDHCVF]2.0.CO;2. ISSN 0022-8443. (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  21. (Ingelesez) «Pteranodon» Jurassic Park wiki (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).
  22. (Ingelesez) Ronson, Jacqueline. «7 Things 'The Land Before Time' Gets Wrong About Dinosaurs» Inverse (Noiz kontsultatua: 2021-01-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]