Robert Schumann

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 18:21, 10 maiatza 2015
Robert Schumann
Robert Schumann
Robert Schumann 1850ean
Datu pertsonalak
Jaio 1810eko ekainaren 8a
Zwickau (Saxonia)
Hil 1856eko uztailaren 29a
Endenich, Bonn (Prusiako Erresuma)
Bikotekidea(k) Clara Wieck-Schumann

Robert Schumann (Zwickau, Saxonia, - Endenich, Bonn, 1856eko uztailaren 29a) alemaniar musikagile erromantikoa izan zen. Pianorako obra poetiko eta lirikoak idatzi zituen 1829-1840 bitartean (Vienako ihauteria, 1835, Haur irudiak, 1838, Kreisleriana, 1838). Clara Wieck piano-interpretatzaile famatuarekin ezkondu ondoren, liedak konposatu zituen (Emakume baten bizitza eta ezkontza, 1840). Orkestrako musika eta ganbera-musika idatzi zuen, batik bat, 1841az gero. Konpositore sakona eta sentikorra izan zen, Erromantizismoko hoberenetakoa.

Bizitza

Zuzenbide ikasketak utzi zituen pianoa ondo ikasteko Friedrich Wieckekin. Hatzak arinago mugitzeko asmatu zuen tresna baten erruz, hatz baten mugimendua galdu zuen. Harrezkero musika eta kritika idazten hasi zen. Neue Zeitschrift für Musik («Musika Aldizkari Berria») sortu zuen eta musikaz zituen irizpideak argitaratu zituen, baita Brahms eta Mendelssohni zien mirespena adierazi ere. 1838an Clara Wieck, Friedrichen alaba eta pianista famatuarekin ezkondu zen.

1843. urtean Mendelssohnek irakasle postua eskaini zion Leipzigeko kontserbatorioan. Handik urtebetera postua utzi behar izan zuen, 1833. urtetik aurrera jaiotzetik zuen buru gaixotasunak eragiten zizkion nerbio krisialdiak zirela eta. 1844. urtean Dresden hartu zuen bizilekua piano irakasle gisa eta geroago, 1850. urtean, Düsseldorfeko musika zuzendari izendatu zuten. 1854an, krisialdi larriago batean, Rhin ibaira bota zuen bere burua, baina salbatu zuten. Eroetxe baten sartu zuten eta hantxe hil zen bi urte geroago.

Lanak

Erromantizismoko musikagilerik bikainetako bat izan zen Schumann. Aipagarriak dira, batez ere, pianorako musika, abestiak (Lieder) eta orkestrarako musika. Pianorako musika lan ezagunenak bere emaztearentzat idatzi zituen.

Lan aipagarriak dira, besteak beste, ahotserako liedak, Emakume baten maitasun eta bizitza (1840), Poetaren maitaleak (1840); Erromantzak eta baladak (1841-1847) bilduma; hirurogeita hamabi koru a capella; hamazazpi duo, hiru trio, hogeita hamaika kuarteto pianoarekin; oratorioak, Paradisua eta Peria (1841-1843); Manfred (1849); Mignonentzako requiema (1849); Genoveva (1847-1850) opera.

Pianorako lanen artean berriz, aipagarriak dira Pinpilipauxak (1829-1832); Kapritxoak (1833); 12 Estudio sinfoniko, (1834); Inauteria (1834-1835); Haur eszenak (1838); Kreisleriana (1838); Albuma gazteriarentzat (1848); Basoko eszenak (1848-1849).

Organorako Sei fuga Bachen izenaren inguruan (1845) idatzi zuen. Ganbera musika, lau sinfonia, oboe eta pianorako, eta biolontxelo eta pianorako lanak ere idatzi zituen.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Robert Schumann Aldatu lotura Wikidatan