Seminola

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Seminolak
Seminole-portraits.jpg
Biztanleak guztira 18.600 inguru
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak Ameriketako Estatu Batuak (Oklahoma, Florida)
Hizkuntza ingeles, mikasukiera, creekera
Erlijioa Protestantismo, katolizismo, erlijio tradizionala
Zerikusia duten beste giza taldeak Mikasuki, Txoktaw, Muskogear (Creek)

Seminola (ingelesez: seminole) Ipar Amerikako amerindiar herria da. XVIII. mendearen bukaeran creek, okoni, mikasuki eta eufola herriek Floridako iparraldean hartu zuten bizilekua, eta 1775etik aurrera seminola deitu zitzaien muskogee hizkuntzan mintzo ziren amerindiar hauei. Seminolek babesa ematen zieten esklabo beltz eta amerindiarrei eta gerretako iheslariei. Ehiza eta arrantza zuten bizibide.

Hiru gerra izan ziren seminolen eta Estatu Batuetako gobernuaren artean. Lehenengoa 1817an hasi zen; Floridara ihes egindako esklabo beltzak harrapatzearen aitzakiatan Jackson jeneralak Florida inbaditu zuen; 1819an Espainiak eta Estatu Batuek hitzarmen bat sinatu zuten eta Florida Espainiaren mende geratu zen. Bigarren gerrak 1836tik 1846ra iraun zuen. Estatu Batuetako gobernuak seminolak Missouriko erreserbetara eraman nahi zituen; seminolek ez zuten onartu erbesteratze hori eta borrokan ari izan ziren harik eta soldaduek Osceola buruzagia azpikeriaz atxilotu zuten arte. Orduan seminolak Oklahomara eraman zituzten, creek nazioa bizi zen erreserbara.

Seminolei eta txeroki, txickasaw, creek eta txoctaw herriei bost tribu zibilizatuak esan zitzaien. Leinu bakoitzak gobernu autonomo bat izan zuen hamabost urtez, Estatu Batuetako gobernuaren ereduari jarraitzen ziona, baina 1907an Oklahoma estatu bihurtu zenean indiarren gobernu horiek desagertu egin ziren. Estatu Batuetako gobernua Floridan geratu ziren seminolak mendean hartzen saiatu zen eta hirugarren gerra hasi zen, 1855etik 1858ra iraun zuena. Azkenean Estatu Batuek beren lurraldea erosi zieten seminolei eta mendebalera eraman zituzten. 1970. urtean mila seminola inguru geratzen ziren Floridan.

2000. urteko datuen arabera, 27.431 seminola eta 189 mikasuki inguru bizi ziren Estatu Batuetako Oklahoma, Florida, Texas, eta Bahama uharteetan, eta Mexikoko Coahuila estatuan banatuak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Seminola Aldatu lotura Wikidatan