Shūsaku Endō

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Shūsaku Endō (遠藤 周作 Endō Shūsaku; Tokio, 1923ko martxoaren 27an - 1996ko irailaren 29an), japoniar idazlea, Japoniako literatura modernoan ikuspegi katolikoa sartu zuena. Junnosuke Yoshiyuki, Shōtarō Yasuoka, Junzo Shono, Hiroyuki Agawa, Ayako Sono eta Shumon Miura idazleekin batera, Japonian Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako idazle-talde nagusietako bateko kidetzat jo ohi da.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokion jaio bazen ere, haren gurasoak Mantxuria okupatu berrira joan ziren (Mantxukuo), eta Dalian hirian bizi izan ziren. 1933an gurasoak banandu zirenean, Endo amarekin itzuli zen Japoniara, eta Koben bizi izan zen izeba baten etxean. Hamaika urte zituela, bataio katolikoa hartu zuen amaren eraginez. Bigarren Mundu Gerran ez zen soldadu izan, pleurasia eta beste arazo batzuk zirela eta.

1949an literatura frantsesean graduatu zen Keioko Unibertsitatean, Tokion. 1950-1953 urte bitartean Lyongo Unibertsitatean (Frantzia) aritu zen ikasten, eta frantses idazle katolikoetan espezializatu zen. Bera izan zen Bigarren Mundu Gerraren ondoren atzerrian ikasi zuen lehenengo japoniarra.

Obrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniara itzuli zenean, Akutagawa sari ospetsua irabazi zuen Shiroi Hito (Gizon zuria) ipuinarekin (1955). Umi to dokuyaku (Itsasoa eta pozoia) lanarekin (1957) Mainichi eta Shincho sariak irabazi zituen. Lan horretan japoniarren morala eta errua aztertu zituen, japoniar sendagile batzuek estatubatuar pilotu bati egiten dioten anestesiarik gabeko bibisekzioa dela-eta. Chinmoku (Isiltasuna)nobela historikoa (1966) Endoren maisulantzat hartzen da. Portugaldar misiolarien ekintzak kontatzen ditu XVII. Mendearen hasierako Japonian.

Lan arinagoak ere idatzi zituen, hala nola Ero zoragarri bat (1974) edo Txistu egiten dudanean (1974). Samuraia (1980) lanean samurai batek 1614. urtean Mexikora eta Europara egiten duen bidaia bat kontatu zuen. Eskandalua (1986) lanean, gaizkiaren arazoa landu zuen, Japonia modernoko sexu-munduaren ikerketa baten bidez.

Nobeletan, bere haurtzaroko oroitzapenak agertu zituen: arrotza izatea, paziente baten bizitza, tuberkulosiaren aurkako borroka. Haren fede katolikoa ere maiz-maiz islatzen da nobeletan: pertsonaiek arazo moral konplexuei aurre egin behar diete, eta emaitza, maiz, tragedia izaten da. Endoren obra Graham Greeneren obrarekin parekatu izan da.