Tyrone Power

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tyrone Power
Tyrone Power
Datu pertsonalak
Izen osoa Tyrone Edmund Power, Jr.
Ezizena Tyrone Power
Jaio 1914ko maiatzaren 5a
Cincinnati,
Ohio (Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak)
Hil 1958ko azaroaren 15a
Madril (Espainia)
Lan nabarmenenak The Mark of Zorro
The Black Swan
The Black Rose
The Razor's Edge
IMDB IMDBko fitxa


Tyrone Edmund Power, Jr. (1914ko maiatzaren 5a - 1958ko azaroaren 15a) zineman eta antzerkian jardun zuen aktorea izan zen, 1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetako film askotan hain zuzen ere; horietako asko abenturetako pelikula gogoangarriak dira: The Mark of Zorro, The Black Swan, Prince of Foxes, The Black Rose, edo Captain from Castile. Erretzaile porrokatua, gazte hil egin zen, bihotzekoak jota, 44 urte besterik ez zuenean.

Cincinnatin jaio zen 1914an, antzeztearen mundua hurbil eta zuzenean bizi izandako irlandar familia bateko seme. Aita ezaguna zen antzerkiaren munduan, Tyrone Power, Sr. izenekoa, eta aurreko senitartekoei begira jarriz gero XVIII. mendean hasita eta aurrerantzean aktore ezagunak ere izan ziren tartean. Eta familia arteko bestelako lotura batzuek harremanak sortzen dituzte hainbat pertsonaia ezagunekin, Laurence Olivier aktorearekin edo Evelyn Vaugh idazlearekin kasu.[1]. Umetan gaixo ibilitakoa, familia Kaliforniara joan zen bizitzen, giroak osasunari ondo egingo ziolakoan. Sei urteko umea zenean gurasoak banandu egin ziren, eta amaren babesean egin zuen aurrera Tyronek. 1921ean, zazpi urteko haurra artean, antzezteari ekin zion. Handik bi urtera ostera ere itzuli ziren Cincinnatira, amaren sendiarekin bizitzeko. Eskola katolikoetan ikasi zuen eta 1931n graduatu egin zen. Aitarenera egin zuen orduan eta aktore izateko prestatzeari ekin zion.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitarekin bat egin eta handik gutxira tamala, izan ere 1931ko abenduan bihotzekoak jota hil zen Tyrone Power Sr. Semeak "Jr." gehitu zion orduan bere izendapenari eta aktore lan egiten saiatu zen, han eta hemen ate joka ibilita. 1932an Tom Brown of Culver filmean agertu zen, baina ez zuen aurrera egitea lortu, eta antzerkian ahalegindu behar izan zuen. Sasoi batean eta haren lagun Don Amechek aholkatuta irratian lan egiteko aukera izan zuen Chicagon; jardunbide horretan ez oso konbentzituta, handik lasterrera New Yorkera jo zuen antzerkian lan egiteko asmoz. Bertan Katharine Cornell aktorearen laguntza izan zuen eta hainbat antzezlanetan hartu zuen parte. Hollywoodeko behatzaileek pantailarako proba bat eskaini zioten, baina Cornellen aholkuari egin zion kasu eta antzerkian jarraitzea erabaki zuen. Dena den, denbora gutxi igarota ostera ere eskaini zioten zinemarako aukera. Horrela 1936an Hollywoodera joan zen eta 20th Century-Fox etxearekin kontratua sinatu zuen. Aurreneko lana Sidney Lanfield zuzendariaren Sing Baby Sing filmak izan behar zuen, baina zuzendariak berak aukera kendu zion egoki ikusten ez baitzuen. Film horretan aktore zen Alice Fayek bestela pentsatzen zuen eta Landfielden hurrengo lanerako kontuan hartzea lortu zuen: Girls’ Dormitory zen izenburua. Film horretan eginkizun laburra izan bazuen ere, jarraikoan (Ladies in Love, 1936) luzeago aritu zen eta nahikoa kemen bildu zuen Henry King zuzendariarenagana jotzeko eta haren lan batean pertsonaia nagusiaren antzezlana lortzeko: Lloyd's of London, 1937ko fima. Don Ameche aktoreak bete beharreko antzezpena zen, baina zuzendariak Powerren alde egin zuen ekoizleen aurrean, eta nahiz eta kredituetan laugarren lekuan azaldu, Tyronek inork baino minutu gehiago eman zituen pantailan. Ordutik aurrera ez zaio lana faltako eta zinemaren genero guztietan lasai asko azalduko da aurreneko urte horietan: drama (Café Metropole, 1937) musikala (Alexander's Ragtime Band, 1938 eta Rose of Washington Square, 1939) historikoa (Marie Antoinette eta Suez, 1938), edo western-a (Jesse James, 1939).

Tyrone Power eta Ethel Merman Alexander's Ragtime Band filmean.
Tyrone Power Marie Antoinette filmean (1938).

1940ko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1940an The Mark of Zorro filmean agertu zen Power, eta ordutik aurrera molde bereko lanetarako zabaldu zion aukera, erabateko arrakasta izan zuen eta. Ezpatari handia zen Basil Rathbone izan zuen antzezlagun, eta berorren ustean Power ere abila zen ezpatarekin; filmeko bien arteko burruka zinemako ezpata-saio onenetakoa da . Sasoi hartan irratian eta antzerkian lan egiten jarraitu zuen, orduko aktore zenbaitek egiten zuten legez, eta lankide izan zituen Humphrey Bogart, Loretta Young, Alice Faye, edo Al Jolson, besteak beste. 1942ko ekoizpena da The Black Swan, Zorrorenak besteko arrakasta izango zuen lana. Hurrengo urtean, 1943an, eta Bigarren Mundu Gerran sartuta, Powerrek Ameriketako Estatu Batuetako armadaren deiari kasu egin eta 1946ra arte ez du zineman lan gehiago egingo, propaganda film batean eginiko agerraldia salbu: Crash Dive (1943). 1946koa da The Razor's Edge, W. Somerset Maugham idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta, eta Gene Tierney antzezlagun zuen lana. 1947an, eta Darryl F. Zanuck ekoizlea erabat kontra agertu bazen ere, zinema beltzeko Nightmare Alley pelikulan agertu zen Power; beldur zen Zanuck ordura arte landutako aktorearen itxurari ez ote zitzaion batere egokitzen halako film iluna, eta haren kalterako ez ote zen. Eta nahiz eta jendearen onespena ez izan, apenas irabazirik sortu ez zuen, kritikak Powerren antzezte onenetakotzat jo zuen. Hurrengo lanak, ekoizleen ikuspuntu horietatik bideratuko zituzten: Captain from Castile abentura filma Henry Kingen zuzendaritzapean, That Wonderful Urge komedia erromantikoa Gene Tierneyrekin batera, The Luck of the Irish Anne Baxterren ondoan, eta The Black Rose and Prince of Foxes ezpatari filmak.

Tyrone Power eta Maureen O'Hara The Black Swan (1942) filmean

1950eko hamarkada[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekoizle zuen etxeak proposatutako filmek ez zuten erabat gogobetetzen Tyrone. Garai honetakoak dira American Guerrilla in the Philippines eta Pony Soldier lanak, gerra abiapuntu dutenak. Gauzak horrela, 1950ean Londresa joko du eta bertan hogeita hamahiru astez antzerkian ibiliko da jo ta sua, Mister Roberts obra errepresentatuz. 20th Century-Foxek diru nahikotxo irabazi du dagoeneko Powerrekin, eta kontratoa berriztatzeko dutenean The Robe lanean antzezle nagusi ikusi nahi dute, baina Tyronek nahiago du antzerkian jardun eta hortik zehar ibiliko da Charles Laughtonek zuzendutako muntaia batean; Richard Burton izango da The Robe delakoaren aktore nagusi. Foxek, aktorea estutu barik, aukera emango dio bestelako proiektuetan parte hartzeko: 1953an Universal Studiosekin The Mississippi Gambler egin zuen, eta antzerkian ere hainbat lani ekin zion.

Untamed (1955) izango da 20th Century-Foxekin Powerrek eginiko azkenetako lan bat; urte berean, Columbia Picturesek ekoiztuta, eta John Forden aginduetara, The Long Grey Line egin zuen, eta 1956an, Columbiakoekin ostera ere, The Eddy Duchin Story arrakasta handiko musikalean hartu zuen parte. Darryl F. Zanuck ekoizleak 1957an The Sun Also Rises filmean aritzeko konbentzitu zuen, Ernest Hemingwayren eleberrian oinarritutakoa. Jarraian datoz Seven Waves Again eta John Forden Rising of the Moon (honetan narratzailearena osatu zuen). Agatha Christieren lan batean oinarritutako filma, Billy Wilder zuzendariaren Witness for the Prosecution izenekoa dugu Tyrone Powerren azken lana.

Madrilen zen 1958an Solomon and Sheba egiten, King Vidorren aginduetara, bihotzekoak jo zuenean eta ospitalerako bidean zendu zen. 44 urte zituen.

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Tyrone Powerren filmak»

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Kidd, Charles (1987). Debrett Goes to Hollywood. St. Martin's Press. ISBN 0-312-00588-1.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tyrone Power Aldatu lotura Wikidatan